Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Irati Prol: "Eraikinen instalazio termikoetan mantentze-lan eraginkorrak egitea garrantzitsua da"

Dokumentuaren akzioak

Irati Prol: "Eraikinen instalazio termikoetan mantentze-lan eraginkorrak egitea garrantzitsua da"

2023/02/08 - UEU

Irati Prol Godoyk (Vitoria-Gasteiz, 1998) Energia Berriztagarrien ingeniaritza ikasi zuen UPV/EHUn. Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasunaren Ikerketa masterra egin zuen gero, eta gaur egun, EHUko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldean ari da doktorego-tesia egiten.

Godoyk, Txiotesia6 lehiaketan parte hartu zuen: Termoekonomia eta adimen artifiziala erabiliz, eraikinetako sistema termikoetan aplikatutako teknikak garatzea, haien eraginkortasun energetikoa hobetzea txioen hariarekin. Orain, bere ikerketa zabalago ezagutzeko tartea atera dugu.

Energia berriztagarrien ingeniaritza ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Batxilergoa egiten ari nintzela argi neukan gradu tekniko bat egin nahi nuela, matematika, fisika eta antzerakoak baitziren gogokoen nituen ikasgaiak; hortaz, ingeniaritzaren bat ikastea aproposena zela pentsatu nuen. EHU-k antolatzen dituen ate irekietara joan eta hainbat ingeniaritzek antolatzen zituzten saioetara joan nintzen eta energia berriztagarrien ingeniaritza hautatu nuen, hauek energiaren arloan geroz eta garrantzia handiagoa hartu behar zutelakoan.

Gradua bukatuta ikerketara bideraturako master bat egin nuen eta honi nire zuzendariarekin neukan harremana gehituta, doktoretza hastera eta ikerketa munduan sartzera animatu nintzen.

Eraikinetako sistema termikoen eraginkortasuna ikertzen ari zara ENEDI Ikerketa Taldean. Nola sortu zen aukera?

Gaia nire Gradu Amaierako Lanean hasi zela esan dezaket. Graduko azkenengo urtean Eraginkortasun Energetikoa deituriko irakasgaia genuen. Oso interesgarria iruditzen zitzaidan eta irakasgai horretako irakaslearekin hitz egin nuen berarekin Gradu Amaierako Lana egiteko. Berak proposatutako gaiak eraikinetako sistema termikoen eraginkortasunarekin harreman oso estua dauka, eta horregatik erabaki nuen Energia Eraginkortasun eta Jasangarritasunaren Ikerketa masterra egitea. Gero Master Amaierako Lana ere gai horren inguruan egin nuen eta behin gaian sakontzen hasita, horrekin ikerketan jarraitzea zen biderik naturalena.

ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldearen ikerkuntza lerroek eraikinen eraginkortasun energetikoa hartzen dute kontutan, eta nire ikergaia kontuan hartuta eta baita nire tesiko tutorea ENEDIko kide dela, aukera paregabea da nire doktoretza ikerketa talde honen barruan garatu ahal izatea.

Eraikinetako sistema termikoak diozunean, ze sistemez ari zara?

Berokuntza, ur bero sanitarioa eta hozte-sistemetaz ari naiz batez ere. Hau da, gure etxeetan txorrotetara ura iritsi ahal izateko, dutxan, konketan... sistema termikoak behar ditugu; baita berokuntza ekipo terminaletara beroa eramateko, esaterako erradiadoreetara beroa heltzeko. Hozketa-sistemak ere talde horretan sartzen dira nahiz eta Euskal Herrian, momentuz behintzat, ez daukagun ohitura etxeetan hozte ekiporik edukitzeko. Orain arte ez ditugu behar izan baina etorkizun batean badirudi klima-aldaketa dela eta hemen ere behar izango ditugula.

Ekipo terminalez gain, sistema termikoak, sorkuntza ekipoak (galdarak, panel fotovoltaikoak, bero ponpak...), banaketa ekipoak eta biltegiratze taldeak (tankeak adibidez) sartzen dira sistema termikoetan.

Sistema huen eraginkortasuna batzuetan ez da behar besteko eraginkorra. Zergatik da garrantzitsua instalazioetan mantentze-lan eraginkorrak egitea?

Gaur egun, orokorrean, garrantzia handiagoa ematen zaio diseinuari mantentze-lanei baino.

Sistemen ekipoak, erabilpenarengatik eta denboraren poderioz kaltetzen dira, eta modu ez hain eraginkorrean hasten dira lanean. Horrek zer eragiten du? Sistemako beste ekipoak, degradazioa dela-eta funtzionamendu modua aldatzen dutela, eta horrek normalean, kontsumitutako baliabideak areagotzen dituela. Kontuan hartu beharra dago, sistema hauen biziraupena gutxi gorabehera 20 urtekoa dela. Hori dela eta, mantentze-lan egokiak ez egiteak, sistemek haien biziraupenean gero eta baliabide gehiago kontsumitzea suposatu dezake, eta hortaz, kostu gehiago ekarri. Baliabide horiek kutsakorrak baldin badira, emisio gehiago eta kutsadura gehiago suposatzen dute. Izan ere, kontuan hartu behar da eraikinek Europan, kontsumitutako energia osoaren ia erdia suposatzen dutela. Horregatik da hain garrantzitsua mantentze-lan eraginkorrak egitea eraikinen instalazio termikoetan.

Nola identifikatu anomalia hauek?

Anomalia horiek identifikatzeko diagnostiko-termoekonomikoa erabiltzen da. Termoekonomia, termodinamika eta ekonomia konbinatzen dituen zientzia da eta honi esker sistema bakoitzeko fluxu guztiei kostuak esleitzen zaizkie. Era honetan, gainkosturik handienak instalazioko zein puntutan sortzen diren jakin genezake. Gainera, termoekonomia, exergian oinarritzen da, alegia, energia batek lanean bihurtzeko duen gaitasuna adierazten duen magnitudean.

Diagnostiko-termoekonomikoa erabiliz, anomaliek kontsumitutako baliabideetan eragindako igoerak identifikatu daitezke eta jakin daiteke instalazioko zein ekipotan gertatzen den anomalia, horri soluzio bat emateko. Horregatik da hain garrantzitsua termoekonomia aplikatzea.

Eraikinetako sistema termikoa optimizatzeko Termoekonomia eta Adimen Artifiziala konbinatuko dituen teknikak proposatu dituzu zuk ikerketan. Zertan datza zehazki?

Bai, hori da nire tesian daukadan erronkarik handiena, Termoekonomia eta Adimen Artifiziala konbinatzea instalazioen mantentze-lanetarako tresna erabilgarri bat sortzeko. Eraikinen instalazio termikoak ia etengabe daude funtzionamenduan eta etengabe "modu desberdinean". Izan ere, kanpoko tenperaturak edo gure eskaera profil aldakorrek, instalazioen funtzionamendu dinamiko hori sortzen dute. Hortaz, diagnostiko apropos bat egin ahal izateko uneoro sortzen dituzten datuak jaso behar dira, hauen tratamendua egin eta ondoren termoekonomiak dakarren matematika aplikatu uneoro sortu daitezkeen anomaliak identifikatzeko. Prozesu hori guztia egitea oraindik ez da lortu eta nire erronka, Adimen Artifizialarekin egitea da.

Garatzen ari zaren tresna errealitate bihurtzeko gutxiago falta dela zenioen Txiotesian. Zein fasetan dago?

Bai, lehen nioen moduan, tresnak Termoekonomia eta Adimen Artifiziala konbinatzen ditu. Termoekonomian oinarritu dira nire orain arteko ikerketak eta azken aldian Adimen Artifizialarekin jarri naiz. Ezin dut ziurtasunez esan tresna zein fasetan dagoen, baina esan dezakedana da gero eta gehiago dakidala konbinatu nahi ditudan bi diziplinei buruz, eta horrek helburutik gertuago jartzen nauela.

Behin tresna eskuartean, nola aplikarazi erabilera?

Tresna eraikinetako sistema termikoetan sortzen diren anomaliak identifikatzeko gai izatea da helburua. Eta gainera, tresna hau mantentze-lanetan aritzen diren langileentzako erabilgarria eta erabilerraza izatea da asmoa.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Asko gustatu zitzaidan Txiotesian parte hartzea. Egun batean zehar Euskal Herrian euskaraz ikerketan ari garen doktoretza ikasle askoren ikerketen nondik norakoak Twitterren etengabe irakurtzeak nolabaiteko kolektibitatea sentiarazten dizu. Asko disfrutatu nuen.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Momentu honetan nire erronkarik handiena, informatika ikaslea izan gabe, adimen artifizialean oinarritutako tresna bat garatzea da.

txiotesia logoaH elkarrizketetarako