Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Garazi Larrañaga: "Osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu eta tratamendu eraginkor bat bilatu nahi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Garazi Larrañaga: "Osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu eta tratamendu eraginkor bat bilatu nahi dugu"

2023/03/08 - UEU

Garazi Larrañaga Jaurrietak (Caparroso, 1995) Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen (2013-2017). Material Aurreratuen Ingeniaritza Masterra egin zuen Bilbon ondoren eta Ingeniaritza Biomedikoko Masterra Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean. Tesia egiten ari da BioSmarTE taldean, CICbiomaGUNErekin kolaborazioan.

Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zenuen eta biomedikuntzaren bidetik jarraitu zenuen gero. Zergatik?

Galdera ona… jakin-min handiko pertsona izan naiz betidanik. Gauzek nola funtzionatzen duten jakitea, gauzak desmuntatzea, berriz muntatzea eta marrazketa teknikoa asko gustatzen zitzaizkidan eta oso argi nuen Ingeniaritza Mekanikoa ikasi nahi nuela. Unibertsitate-urte horietan material berri eta berritzaileetan interesatu nintzen bereziki, eta, ondorioz, Material Aurreratuen Ingeniaritza Masterra hasi nuen Bilbon. Bertan, biomaterialak eta aplikazio biomedikoetarako materialak ezagutu nituen, eta berriz ere nire jakin-minari jarraituz, bigarren master bat hasi nuen: Ingeniaritza Biomedikoko Masterra online, Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.

BioSmarTE taldean ari zara tesia egiten, osteoartritisaren tratamendurako teknologiak garatzen. Nola sortu zen aukera?

Ingeniaritza Biomedikoko Masterrean praktikak eta master-amaierako lana BioSmarTE taldean CICbiomaGUNErekin kolaborazioan egiteko plazera eduki nuen, kartilagoaren erregeneraziorako 3D egiturak sortzeko helburuarekin. Proiektu horren harira nire tesia garatzeko aukera eman zidaten, eta 2022ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak ikertzaile berriak prestatzeko ematen dituen bekei esker hasi nuen nire doktoretza.

Kartilagoa kaltetzen duen gaixotasuna da osteoartritisa. Nork pairatzen du?

Osteoartritisa 65 urtetik gorakoen %30ek jasaten dute, eta helduen artean, desgaitasun ohikoena da. Orokorrean 50 urtetik gorako emakumeek adin bereko gizonek baino probabilitate altuagoa dute gaixotasuna pairatzeko, eta hori, menopausiaren ondorioz sortutako estrogeno-urritasunagatik izan daitekeela uste da.

Oraindik ere galdera asko erantzuteko dituena.

Hori da… oraindik ez da era sakonean ezagutzen zer prozesu gertatzen diren gorputzean gaixotasun hau jasatean, eta horrek tratamendu egokiaren bilaketa zailtzen du. Badakigu, adibidez, immunitate-sistemak oso paper garrantzitsua duela eta kartilagoaren degradazioaren ondorioz artikulazioaren hanturarekin erantzuten duela, egoera okertuz eta mina handituz. Gaur egungo tratamendu gehienek ez dituzte gaixotasunaren nondik norakoak kontuan hartzen. Transplanteek adibidez, sintomak arintzen dituzte hasiera batean, baina epe laburrean arazoak sor ditzakete bateraezintasunen ondorioz. Ehunen ingeniaritzan gaur egun merkatura iristen ari diren lehen “ehun artifizialek” kartilagoaren propietate mekanikoak nahiko ondo islatzen dituzten arren, beste propietate asko eta gaixotasunean gertatutako prozesuak alde batera uzten dituzte.

Zure tesiak argi apur bat eman nahi dio gaiari eta kartilago osteoartritikoa birsortzeko teknologiak garatzen ari zara.

Nire tesian, alde batetik, osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu nahi dugu. Bestetik, ikerketa horretaz baliatuz, tratamendu eraginkor bat bilatzen saiatuko gara, betiere ehunaren propietateak kontuan edukita.

Nola sortu dituzue 3D egitura hauek?

3D egitura hauek sortzeko jatorri naturaleko materialak erabiltzen ditugu: gelatina eta alginatoa. Horiek zelulekin konbinatuz biotintak prestatzen ditugu eta 3D inprimagailuarekin zelulaz betetako gure hidrogelak sortzen ditugu era nahiko erraz eta azkarrean (behin inprimaketa-prozesua kontrolatuta, eta hori ez da ez erraza, ez eta azkarra kar, kar, kar). Inprimatu ondoren, baldintza fisiologikoetan inkubatzen dira, zelula horiek ehun funtzionalak eta koherenteak sor ditzaten.

Gure taldean diziplinartekotasun handia dago eta asko eskertzen da. Izan ere, nire aurreko ikasketekin hasieran oso galduta nenbilen materialen sintesian eta lan biologikoan. Ingeniaritza Mekanikoa ikasita adibidez, inprimaketa-prozesuak eta propietate mekanikoak ondo uler ditzaket. Taldean, kimikariak eta bioteknologoak ere baditugu doktoretza egiten eta haien laguntza ezinbestekoa da nire proiektua aurrera eramateko. Esango nuke oso talde konpletoa dugula.

Kartilagoaren 3D egitura hauen funtzioa zein izango da? 

Esan bezala, 3D egitura hauekin, kartilago osteoartritikoaren birsorkuntzarako konponbide bat bilatzeaz gain, egoera patologiko hauetan immunitate sistemak duen papera aztertu nahi dugu. Ikerkuntza hori kontuan hartuta, gaixotasunak sortzen duen degradazioari irtenbide bat ematea da asmoa.

Zer fasetan dago ikerketa eta zer diote orain arteko emaitzek?

Materialaren garapen fasean gaude oraindik. Izan ere, gure materialak nahiko erraz prestatzen diren arren, hauek karakterizatu (propietateak aztertu) eta desiratutako propietateak lortu arte, materiala behar bezalakoa izan dadin, saiakuntza asko egin behar dira. Momentu honetan, lehenengo inprimaketak egiten hasi naiz, biotinta horien prestaketa optimizatzen inprimagarriak izan daitezen. Aldi berean, aurretiko esperimentu zelular batzuk hasi berri ditugu materialen biobateragarritasuna aztertzeko, migrazio-azterketak (zelulak materialean zehar mugitzeko gaitasuna) eta immunitate-sistemako zelulek gure materialetan duten erantzuna ikertzen ari gara. Oraingoz, ia prest dauzkagu 3D egitura horiek sortzen hasteko materialak, gainera, haien propietate mekanikoak era errazean kontrolatzea lortu dugu eta zelulei nahiko “eroso” ikusten zaie material hauetaz inguratuta daudenean.

Zer lortu nahiko zenuke zuk?

Oso proiektu interesgarria da hau, jakin-min handia sortzen dit eta gustatuko litzaidake lan polita ateratzea hemendik. Oso zorrotza izan naiz neure buruarekin betidanik, beraz, proiektuaren helburu guztiak lortzen ahaleginduko naiz. Kontuan izanda gauzak askotan ez direla ondo edo, gutxienez, espero bezala ateratzen, eta esperimentuak atzeratu edota hasierako pausoetara bueltatzea beharrezkoa izango dela.

Zientzian inbertitzea ezinbestekoa dela zenioen Txiotesian.

Hori da, zientziaren arlo guztietan inbertitzea ezinbestekoa iruditzen zait. Biomedikuntzaren aldetik, gaixotasun askotarako oraindik ez dago ez irtenbiderik, ezta ezaguera sakonik ere. Ongizatea bermatu eta denok disfrutatzeko aukera izan nahi badugu, zerbitzu publikoetan inbertitu eta ikerkuntza bultzatu behar dugu.

Azpiegitura eta materialetan inbertitzeaz gain, ikertzaileetan ere inbertitzea ezinbestekoa iruditzen zait, ikertzailea zaindu egin behar da. Mundu honetan sartzen garenok, jende gaztea gara, ikasteko gogo handiarekin, lana ondo egiteko asmoarekin, baina lan-baldintzak ez dira beti motibagarriak. Lan on bat aurrera eramateko ordu asko sartzen ditugu egunean, eta askotan, bizitzeko zailtasunak edukitzen ditugu (dirua), eta hori bidegabea da. Nik oso argi daukat, oraingoz, ikerkuntzaren munduan jarraitu nahi dudala, baina nire inguruko pertsona asko, tesia bukatu eta industriaren mundura joaten dira, lanordu finkoak eta soldata onak (duinak gutxienez) bilatuz. Niri, pertsonalki, horrek pena handia ematen dit. Iruditzen zait ikerkuntzaren munduak adimen eta talentu handia galtzen duela jendea baldintza eskas horietaz nazkatzen denean.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Aurreko erantzunetan esandakoa pixka bat bilduz, nire erronka handiena tesiaren esperientziaz disfrutatzea da, ikastea, lan on bat ateratzea eta egindakoarekin gustura geratzea. Eta hau guztia lortzea gauzak gaizki ateratzen direnean edota lanegunak luzeegiak direnean nire bizitza soziala eta motibazioa galdu gabe.

Azaroan egin zen Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Horrelako iniziatibak oso beharrezkoak iruditzen zaizkit euskara arlo desberdinetan bultzatzeko. Badakigu mundu honetan ingelesak pisu handia duela, zientzia zabaldu nahi badugu ezinbestekoa dela. Hala ere, oso polita da ikustea Euskal Herrian daukagun ikertzaile euskaldunen komunitatea haien lanak publikoki euskaraz zabaltzen. Oso esperientzia polita eta dibertigarria izan zen, hurrengo lehiaketan parte hartuko dut dudarik gabe! Mila esker bihotzez!