“Ikas-espazioak atsegina, osasuntsua, funtzionala eta esperimentatzeko aukera ematen diguna izan behar du”

Online eskaintzaren barruan “Hezkuntza-espazioen arkitektura didaktikoa” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk. Oskol Arkitektura Tailerreko Aitor Axpe Oyanguren eta Maialen Garate Elkoro arkitektoak izango dira irakasle eta euren esanetan, “begietatik kontsumitzen dugun gizartea gara” eta “arreta ia bakarra estetikan jartzen dugu beste faktore garrantzitsuago batzuk kontuan hartu gabe”.

Espazioa “hirugarren irakaslea” dela diozue. Zergatik?
Esaldi hori Loris Malaguzzi pedagogo italiarrarena da. Berak esaten zuen lehenengo hezitzaileak gurasoak zirela, bigarrena irakaslea eta hirugarrena espazioa edo ingurunea. Animaliek eta gizakiok garena izateko babesleku intimoaren beharra daukagu. Espazioa gure bizitzan bidelagun da eta, beraz, atsegina, osasuntsua, funtzionala eta esperimentatzeko aukera ematen diguna izan behar du. Are gehiago ikas-espazioa.

Aldaketa beharrezkoa dela ikusi da, baina helburua ez da gela politak izatea…
Hezkuntzak metodologia berrietara egokitu beharra izan du eta berarekin batera ikas-espazioak. Gertatzen dena da, begietatik kontsumitzen dugun gizartea garela eta arreta ia bakarra estetikan jartzen dugula beste faktore garrantzitsuago batzuk kontuan hartu gabe. Hortik dator esaldia “helburua ez da espazio politak diseinatzea, baizik eta aldaketa bultzatzen dutenak sortzea”. Garrantzizko faktore horiek zeintzuk izan daitezkeen azalduko dugu ikastaroan.

Zein arlo zaindu behar dira batez ere?
Lehenik eta behin espazioa nola sentitzen dugun aztertuko dugu eta, ostean, identifikatutako faktoreak zainduko ditugu. Bereziki, zentzumenetan oinarrituko gara. Ondorioz, haiekin erlazionatutako arloak landuko dira: estetika, usaina, testura, argia, kolorea eta abar.

Kanpo espazioek zer esana eman dute azken urteetan… Espazioak zenbat baldintzatzen du gure portaera?
Guk uste duguna baino gehiago baldintzatzen du espazioak. Gure garapen pertsonalaren oinarrietako bat da, espazioek era batera edo bestera bideratu egiten gaituzte.

Ikastaro honetan barne espazioak landuko ditugu, nahiko genukeen guztia helarazteko motz gelditzen zaigu eta. Hala ere esan genezake, kanpo espazioan ez ezik, barnean ere mugimendurako eremuak behar direla eta hauetan sakonduko dugula moduluren batean.

Nola izan behar du espazioen aldaketa prozesuak?
Bereziki, parte-hartzailea. Espazioa eratzerakoan bertako erabiltzaileek eta ikas komunitateak oro har, parte-hartzeko aukera izan behar dute, adostasunak lortuz. Eroso sentituko garen guneak eratzeaz gain, guk nahi dugun oraingo eta etorkizuneko gu-a eratzen lagundu behar diguten espazioak dira diseinatuko direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude