“Genero indarkeria kasuetako lehen esku-hartzean, osasun langileek perspektiba feminista barnebiltzea oso garrantzitsua da”

Ikusi bideo-elkarrizketa

“Indarkeria matxisten kasuen arretan eta esku-hartzean begirada feminista” ikastaroan murgilduta daude Kattalin Artola eta Maddalen Aduriz Emagineko kideak. UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako formazio saioaren gidariak dira.

Zer ulertzen dugu genero indarkeriatzat?
Kattalin Artola:  Orokorrean bizitza asko baldintzatzen duten gauza eta ekintzak direla esaten dugu genero indarkeria. Normalean indarkeria ikusgarria izaten da. Gure begietara edo gure gorputzetan frogak uzten dituzten erasoak izaten dira. Bortxaketak, eraso fisikoak eta irainak identifikatzen ditugu indarkeria matxistatzat. Zein diren argi izanda ere, batzuetan kosta egiten zaigu identifikatzen eta zalantzak ere sortzen dira.

Zein dira genero indarkeria betikotzen duten mitoak, estereotipoak eta sinesmenak?
Maddalen Aduriz: Mitoak estereotipoetan oinarritzen diren sinesmenak dira. Lau multzo bereizten ditugu. Batetik marjinalitatearekin lotuta dauden mitoak daude. Bestetik tratu txarrak egiten dituzten gizonezkoekin lotura daukatenak, hauetan beraien erantzukizunak murrizten dituzten mito edo sinesmenak ditugu. Hirugarrenik erasoa jasaten duten emakumeen ingurukoak dira. Mito hauek nolabait erasoa jasan duten emakumeen izaera, ezaugarriak edo egiten dutenagatik egiten dituzte erantzule. Bukatzeko genero indarkeria minimizatzen edo ukatzen duten mitoak daude.

Indarkeria prozesuek oinarrian konstruktu sozialak dituzte. Zein dira?
M.A.: Konstruktu sozial horiek kulturalak dira. Maitasuna ulertzeko modua, gizartean eta familian dauden presioak eta hori betikotzen dutenak adibidez. Oso zaila izaten da indarkeria fisikora iritsi aurretik, indarkeria egoera bat bizitzen ari zarela identifikatzea. Horrelako jarrerak onartuta eta barneratuta daudelako.

Zergatik egin behar da osasuneko profesionalen esku hartzearen inguruan hausnarketa feminista?
M.A.: Genero indarkeria jasotzen duten emakume gehienek osasun profesionalekin izaten dute lehen harremana. Oso garrantzitsua da lehen esku-hartze horretan, osasun langileek perspektiba feminista barnebiltzea. Emakume horren atzean dagoen konstruktu guztia ulertu behar dute. Indarkeria estrukturala dagoela kontuan hartuz, emakumea datorren egoera aztertuta artatu, behar duen informazioa emanez eta partekatuz. Beti, emakumearen autonomia errespetatuz.

Nolakoa da artatze prozesu hori gaur egun?
M.A.:
Prozesu judizialak martxan jartzera oso bideratuta dagoen prozesua da. Amildegi bat dago, behin prozesu judiziala martxan jarrita guztia konponduko dela pentsatzearen sinesmena dago. Prozesu horretan emakumea berriz biktimizatzen da. Ez dago baliabide ekonomiko, sozial eta politikorik emakume horiek sostengatzeko. Jendeak prozesu horretan frustrazio handia izaten du, horregatik da garrantzitsua informazio guztia emakume horiekin partekatzea, eurak erabaki dezaten egoera horretatik nola atera nahi duten.

Osasun langileak trebatzea garrantzitsua da horrelako egoeratan. Zer erreminta ari zarete lantzen ikastaroan?
K.A.: Protokoloak hor daude, baina guk modu informalagoan izaten dugu indarkeria jasan duten emakumeekin kontaktua. Espazio informal horietan informazio asko jasotzen da, batez ere nola sentitu izan diren erakunde edo instituzioetara jo izan dutenetan, gehienetan epaituak. Askotan aurrean duten langileari jasan duten indarkeria egoera justifikatu behar izaten diote. Gure asmoa espazio informaletan jasotako informazioa osasun langileei trasladatzea da. Ikus dezaten osasun langilea izateak zer suposatzen duen indarkeria egoera batean eta osasun langile bezala zer posiziotatik ari den emakume horri laguntzen kontzientzia izan dezan. Hau dena jarduketa protokoloetatik haratago eguneroko jardunetik eta mugimendu feministak egindako hausnarketatik dator. Maila instituzionaletatik haratago dagoenari garrantzia ematen diogu, horri esker tratuan asko irabazi dezakegulako.

Nolako erantzuna jaso duzue parte hartzaileen aldetik?
K.A.: Oso gustura ari gara lanean. Hona datozenak sentsibilizatuta daude gaiarekin, irekita daude entzutera eta oinarritik eurekin lan egitea errazagoa da. Beraiek bizi izan dituzten egoerak partekatzeko prest daude, bai maila profesionalekoak eta baita maila pertsonalekoak ere. Giro intimo eta segurua sortu da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude