“Euskararen erabilera indartzea HHn: ikasleen euskararen erabilera eta ahozko gaitasuna lantzeko tresnak ikasgelarako eta ikasgelaz kanporako” ikastaroari hasiera eman diote Iruñeko Ezpeleta Jauregian. Maddalen Aristegi Sanchez irakasle eta Etebeko hizkuntza zerbitzuetako kidea da UEUk eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatutako ikastaro honetako irakaslea. Ikastaroaren gakoak zein diren azaldu dizkigu.
Nolakoa da Haur Hezkuntzako ikasleen euskararen erabilera?
Haur hezkuntzan euskararen erabilera ikasleen artean erabilera dezente jaitsi dela esan daiteke. Jaitsiera horrek irakasleen artean kezka piztu du.
Zein da irakasleek duten kezka nagusia?
Eskola barruko erabilera jaitsi dela da arduratzen dituena. Lehen eskola euskararentzat babesgunea zen, baina orain ikusi dugu euskara eskola barruko gune hori ere galtzen ari dela.
Zein zailtasun edo zalantza izaten dituzte irakasleek haur hezkuntzan ahozkotasuna sustatzeko garaian?
Estrategiak martxan jartzeko moduan sortzen dira zalantzak batez ere. Zer egin, nola, noiz, zer dinamika jarri martxan, ze jolas prestatu…
Zer norabide hartu behar dute eskolek euskara sustatzeko?
Eskola bakoitzaren errealitatearen araberakoak izan behar dute estrategiak. Baina estrategia horiek bateratuak eta norabide bakarrekoak izan behar dute. Ez du zentzurik eskola berean estrategia desberdinak martxan jartzeak eta estrategia horren parte gurasoek ere izan behar dute.
Zein dira gelan euskara sutatzeko egiten dituzuen proposamenak?
Gure lana diagnostikoak egitea eta ondoren helburuak eta oinarriak finkatzea, dinamikak sortzeko. Jolas eta dinamika desberdinak proposatzen ditugu, baita hezitzaile berritsuaren estrategia ere.
Eta eskolaz kanpora begirako jardueretan?
Patioko jolasetan eta jantokietan euskara erabiltzearen garrantzia oso handia. da Ezagutzari begira jarrita haurrek euskara ikasten dute, baina erabilera gutxitu denez euskararen esparruak zabaldu behar dira ikastetxeetan. Eskolan euskara asko, eta askorekin hitz egiteko aukera izan behar dute haurrek.
Zein da ikastaroaren helburua?
Parte hartzaileek dituzten ezinegonak elkarbanatu eta proposamen berriak egiten ari gara. Ondoren, euren eskoletan dinamika horiek martxan jartzeko aukera izan dezaten.