Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa: KOMUNIKAZIOAK bidaltzeko deialdia.

Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketak euskararen azterketa sinkronikoaren alorreko ikerlarion topaleku izan nahi du. Heterogeneoa da lan horretan gabiltzanon ikuspuntua, eta aniztasun hori erakutsi eta alor arteko elkarlana sustatzea du helburu topaketa honek, eta, zer esanik ez, jardun horretan gabiltzanon lana jendaurrean zabaltzeko plaza izatea ere bai.

Euskal hizkuntzalaritzak barnean aniztasun zabala hartzen duenez, oraingo topaketa hau euskararen azterketa sinkronikoari eskaintzea erabaki dugu: fonologia, sintaxia, bariazionismoa, semantika, dialektologia, edota psikohizkuntzalaritza bezalako gaiak landuko ditugu oraingoan. Asko dira egungo euskararen azterketaren azkenaldiko aurrerabideak, eta lan hori zabaltzeko leku egokia dugu honakoa. Ibilbidedun ikerlari zein master ikasle izan, tesilariak ahaztu gabe, denon bilgune eta erakusleiho izan asmo du aurtengo topaketak.

Topaketaz

Topaketa uztailaren 2an izango da, Eibarko Markeskoa jauregian. Maia Duguinen (IKER UMR 5478, CNRS) sarrera hitzaldiak emango digu ongi etorria, eta bazkalostean Ane Odria (UPV/EHU) eta Ane Berroren (Deustuko U.) ekarpenaz gozatuko dugu. Tartean ikertzaileen aurkezpenak izango ditugu, eta poster-saio bat ere bai.

Komunikazio proposamenak

Bidali sailburuei honako informazioa posta elektroniko honetara: hizkuntzalaritza@ueu.org.

  • Komunikazioaren izenburua.
  • Egileen izen-deiturak.
  • Harremanetarako posta elektronikoa.
  • Laburpen anonimoa; orrialde bat (erreferentziak barne), Times New Roman 12 letra motan idatzia, 2,5cm-ko marjinak utzita alde guztietan.

Komunikazioak

Aurkezpenak 30 minutukoak izango dira osotara: 20 minutuko hitzaldia eta 10 minutuko galde-erantzun tartea. Aurkezten den komunikazio kopuruaren arabera, 30 minutu inguruko poster saioa egitea ere aurreikusten da.

Argitalpena

Ekarpenen kalitatea irizpide hartuta eta hizlariek interesa erakutsiz gero, argitalpen bat ateratzeko aukera baloratuko da.

Epea

Laburpenak bidaltzeko azken eguna 2021eko maiatzaren 14a izango da. Onartuak ekainaren 4rako zehaztuko dira.

Informazio gehiago: Irati Iciar, i.iciar@ueu.eus , +34 943821426

.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude