IkerGazte2021: artikuluak aurkezteko deialdia zabalik

IkerGazte2021: Nazioarteko Ikerketa Euskaraz IV. Kongresua

UEUren izaera bateratzailea eta integratzaileari zein UEUk euskararekiko duen konpromisoari eutsirik IkerGazte 2021, ikertzaile euskaldunen laugarren kongresurako deia luzatzen dizugu.

Azken urteotan izan den ikertzaile gazte euskaldunen kopuruaren hazkundea ikusita, haiek bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea da kongresuaren xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara: tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteotan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

Helburu horiei eutsirik kongresuaren zati handi bat ikergazteek egindako lanak aurkezteko izango da. Beraz, ikerkuntza proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz jasotzeko eta beste ikertzaile eta ikerketa lanak ezagutzeko aukera izango duzu.

2021eko edizio hau berezia izango dela zalantzarik ez dugu; beste ezeren gainetik topagunea da IkerGazte eta aurrez aurreko topagunea izan dadin gure eskuetan dagoen guztia egingo badugu ere, online egin beharko bagenu ere, IkerGazte2021 egin egingo dugu. IkerGazte2021 kongresua ekainaren 9tik 11ra izango da, egoerak horretarako aukera ematen badu, Gasteizen.

 

 

ARTIKULUAK AURKEZTEKO DEIALDIA

Artikuluak bidaltzeko epea 2021eko urtarrilaren 26tik martxoaren 12ra arte zabalik egongo da.

LANEN BIDALKETA

Lanak gai hauetako bat jorratu behar du:

  • Giza-zientziak eta Artea: Historia, Hizkuntzalaritza, Filosofia, Artea, Antropologia …
  • Gizarte-zientziak eta Zuzenbidea: Ekonomia, Enpresa, Zuzenbidea, Soziologia, Kazetaritza, Komunikazioa, Pedagogia, Psikologia …
  • Zientzia zehatzak eta Natur-zientziak: Fisika, Kimika, Geologia, Matematika, Biologia…
  • Ingeniaritza eta Arkitektura: Industria-Ingeniaritza, Telekomunikazioak, Informatika, Arkitektura …
  • Osasun zientziak: Medikuntza, Erizaintza, Farmazia …

Atarian aipatu bezala, Gazte ikertzaile kategorian sartuko dira bai doktorego tesia / doktore tesia bukatzear dauden horiek, bai tesia azken bost urteetan defendatu dutenak (gutxien-gutxienez artikuluaren lehen egileak bete behar du baldintza hau).

Hautatzen diren artikuluak ISBNdun argitalpen digital batean agertuko dira; horretaz gain, Euskal Herriko hainbat argitaletxerekiko lankidetzan zenbait lanen bertsio hedatuak argitaratzeko aukera ere egongo da.

ARTIKULUEN FORMATUA

Artikuluak euskaraz idatzita egongo dira. Jarraian adierazita dagoen egitura bete beharko dute, ebaluatuak izango badira:

  • Sarrera/Uneko egoera
  • Ikerketaren helburuak
  • Ikerketaren muina eta ondorioak
  • Etorkizunerako planteatzen den norabidea
  • Erreferentziak (eta, hala dagokionean, nazioarteko aipamena)

Artikuluak oinarrietan zehaztutako ereduari jarraituz eta pdf formatuan bidaliko dira, eta lau eta sei orrialde artekoak izango dira.

Kongresuaren webgunean MSOffice, LibreOfficen eta Latex formatoetan oinarritutako txantiloiak egongo dira eskuragarri.

Artikuluaren bidalketa easychair web-plataforma bidez egingo da.

 

Hemen deskargatu daiteke artikulu zientifikoen deialdia pdf formatoan:

IkerGazte2021 deialdia

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude