Eunate Molinuevo: “Funtsezkoa da diziplinarteko sareak osatzea”

Eunate Molinuevo itzultzaile eta interpreteak ere parte hartu zuen “Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan” graduondokoaren (UPV/EHUren Aditu Titulua) lehenengo edizioan. Graduondokoak euskarazko eskaintza aktiboa emateko ezagutza, tresna eta baliabideak eman dizkiola dio eta baita elkarlanean proiektuak martxan jartzeko aukera ere. Bigarren edizioan izena emateko aukera dago oraindik ere.

Zerk eraman zituen graduondokora?
Bi urte daramatzat Osakidetzan itzultzaile eta interprete, Zuzendaritza Nagusian. Itzultzaileontzat, baita euskara osasun-arloan normalizatzeko ere, ezinbestekoa da “hizkuntzen mundutik” gatozenon eta profesional sanitarioen arteko lankidetza; hau da, elkarren artean ezagutza eta esperientziak partekatzea. Horregatik, hain zuzen, eman nuen izena graduondokoan.

Zer nolako esperientzia izan da?
Zailtasunak zailtasun −konfinamendua tarteko−, oso esperientzia emankorra eta aberasgarria izan da. Ikasle taldearen aniztasuna azpimarratu gurako nuke: hizkuntzaren arloko profesionalak (teknikari zein itzultzaileak), profesional sanitarioak, administrazio-langileak eta arduradunak elkartu gara. Adinaren eta generoaren aldetik ere nahikoa orekatua izan da taldea.

NANDAren euskarazko bi itzulpenen konparazioa egin duzu zuk, lagin baten azterketa linguistikotik abiatuta. Zer da zehatz mehatz aztertu duzuna eta zein ondorio atera dituzu?
NANDA erizaintzako diagnostikoen sailkapena da, eta euskarazko lehen bertsioa UPV/EHUk egin zuen Elhuyarrekin elkarlanean. Ingelesetik euskararako itzulpena izan zen. Ondoren, Osakidetzak bertsio hori eguneratzeko beharra ikusi zuen, edukia Osanaian txertatu ahal izateko; ordukoan, baina, gaztelania −eta ez ingelesa− jatorrizko hizkuntzatzat hartuta. Osanaia erizaintzako zainketak kudeatzeko aplikazioa da, pazientearen historia klinikoan integratuta dagoena.

Nire lana gauzatzeko, ausaz aukeratutako lagin batetik abiatu naiz (226 diagnostiko). Ikuspegi linguistiko batetik aztertu ditut termino horiek; hau da, nola osatuta dauden, bi itzulpenen artean zer nolako ezberdintasunak dauden, testuinguruak zer-nolako eragina duen…

Emaitza orokorrik atera ezin daitekeen arren, zenbait joera antzeman ahal izan ditugu: batetik, terminoak aldakorrak direla eta kontzeptu berberari erreferentzia egiteko zenbait bide daudela; bestetik, erregistro jakin baten normalizaziorako ezinbestekoa dela profesionalek benetan erabiltzen dituzten testuak aztertzea eta garaian garaiko erabilera erreala kontuan hartzea. Izan ere, NANDAren kasuan, erizaintzako profesionalak izango dira terminologia berria sortu, erabili eta baliozkotzearen arduradunak.

Graduondokoan hainbatetan aipatu denez, proiektuan zehar ikusi ahal izan dugu funtsezkoa dela diziplinarteko sareak osatzea, alegia, profil anitzeko jendea elkartzea.

Gomendatuko zenuke graduondokoa?
Zalantzarik gabe. Kalitatezko osasun-arreta eskainiko bada, ezinbestekoa da pazienteak hautatutako hizkuntza kontuan hartu eta horren araberako eskaintza aktiboa egitea. Graduondokoak euskarazko eskaintza aktiboa emateko ezagutza, tresna eta baliabideak eman dizkigu, baita elkarlanean proiektuak martxan jartzeko aukera ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude