UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Adin txikikoak eta internet: arriskuak eta nortasun digitala ikastaroa izango da Eibarren Rakel Gamito Gomezen eskutik. “Adin txikikoen Interneten erabilerari eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera” doktore-tesia defendatu berri du Gamitok.
Interneten aroan jaio direnek ikusten al dituzte euren eguneroko jardunak ekar ditzakeen arriskuak?
Adin txikikoen kasuan, agerikoak dira Interneten arriskuei buruzko ezagutzaren eta praktikaren arteko kontraesanak. Interneten aroan jaio direnek sarean bizi ditzakegun egoera gatazkatsuak eta horien ondorioak ondo ezagutzen dituzte. Hala ere, nerabeak ez dira sareko arriskuez kontziente eta ez dituzte euren erabilera pertsonalean hauteman. Adibidez, teoria-mailan arriskutsua dela adierazi arren, euren erabilera-ohiturei buruz hitz egiterakoan, ez dituzte arriskutsutzat ulertzen ezezagunekin kontaktua izatea edota datu pribatuak sare sozialen bitartez zabaltzea bezalako praktikak.
Zein arrisku mota landuko dira ikastaroan?
Ikastaroan adin txikikoek Interneten bizi dituzten esperientzia negatibo nagusiak landuko dira: grooming, sexting, ziberbullying, eduki ezegokiak eta menpekotasuna. Era berean, pribatutasunaren eta nortasun digitalaren kudeaketaren garrantzia ere landuko da.
Ez esan Interneten herriko plazan esango ez zenukeen ezer…
Ez esan eta ez egin, bizitza pribatua norberaren altxor bezala ulertu eta zaindu beharko genuke. Offline bizitzan gure hitz eta ekintzak bi aldiz pentsatzen baditugu, onlinean, gutxienez, lau aldiz pentsatu beharko genituzke. Gaur egun informazioa kontrolik gabe zabaltzen da eta, ondorioz, klik sinple batek norberaren bizitza hankaz gora jarri dezake. Hala ere, gero eta hedatuagoa dago segundoero gure bizitzaren xehetasun guztiak partekatzearen ohitura (kasu batzuetan, beharra).
Nortasun digitala, erreputazio digitala. Badago zer zaindu…
Noski. Gaur egun norberaren nortasun digitala eraikitzeari eta zaintzeari denbora eskaintzea ez da aukera bat, ardura-ekintza bat baizik. Azken finean, nortasun digitala norberaren erreputazioarekin erabat lotuta dago.
Hezkuntza sistema barruan lantzen al da gaia?
Ez bereziki. 2006an, Europako Parlamentuak, hezkuntza iraunkorrerako oinarrizko gaitasunen artean, gaitasun digitala jaso zuen. Dokumentu horretan aipatzen da, besteak beste IKTak erabiltzean jarrera kritiko, burutsu, arduratsu eta etikoa gaitasun digitalaren ezinbesteko ezaugarriak direla.
Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntza curriculumean gaitasun digitala eta Interneten erabilera segurua zehar-konpetentziak bezala jasotzen dira; baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko helburu eta edukietan soilik egiten zaie erreferentzia zuzena Interneten arriskuei, pribatutasunari eta nortasun digitalari. Ondorioz, hezkuntza-plan gehienetan ez dira aintzat hartzen Interneten arriskuak, pribatutasuna edota nortasun digitalari lotutako gaitasun eta edukiak.
Horretaz gain, irakasle gehienek gaia eskolan lantzearen beharra aldarrikatzen duten arren, gaia lantzeko edota gaiari lotutako egoerei aurre egiteko formakuntza falta dutela salatzen dute. Hezkuntza-sistemaren helburua herritar digital arduratsuak heztea bada, irakasleei hori lortu ahal izateko erremintak eskaintzea funtsezkoa da.
Gurasoen, familiaren kasuan. Zein paper jokatu beharko lukete?
Familiaren inplikazioa gakoa da adin txikikoek Interneten erabilera arduratsua egin dezaten. Edozein kasutan, familiek bitartekaritza aktiboa burutu behar dute, aholku eta laguntzaren bitartez adin txikikoen erabilera-ohitura seguru eta osasungarriak eraikiz. Bi dira adin txikiko baten Interneten erabilera baldintzatzen duten faktoreak: Interneten arriskuei buruz duen ezagutza eta bere familiak betetzen duen erreferente-papera.
Zer lortu nahi da ikastaroarekin?
Lehendabizi adin txikikoen errealitate digitala ezagutzera emango da, bertako biztanleriaren datuak eskainiz. Jarraian, adin txikikoek Interneten bizi dituzten egoera gatazkatsu nagusiak azaldu eta norberaren egunerokotasuneko ekintzei buruz gogoeta indartuko da. Era berean, adin txikikoak eta Interneten erabilerari buruzko ardurak taldean partekatu, hausnartu eta erantzuteko aukera izango dugu. Azkenik, eskola zein familia adin txikikoen Interneten erabilera seguru eta kritikoa lantzeko eta ziurtatzeko funtsezko agenteak direnez, garapen digital geldiezinean adin txikikoen bide-lagun izateko gakoak ezarriko dira.