“Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen” jardunaldia antolatu dute JAKINek, Usurbilgo Udalak eta UEUk. Bertan besteak beste, Oihane Ruiz Menéndezek “Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak” izan ditu aipagai.
Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/ThkvrkHMYwE
Guk esaten dugu arkitektura edo hirigintza ez dela neutroa hirigintza funtzio batzuei forma ematea delako, hirian edo arkitekturan. Ez da neutroa, guk sistema edo eredu batean sartzen ditugulako gure proiektuak edo gure plan orokorrak edo gure plan partzialak. Eredu hori hirigintza feminismotik lantzen dugunon ustez patriarkala eta kapitalista da momentu honetan. Orduan, zer esan nahi du? Alde batetik hemen eta orainetik hazkunderako perspektiba daukala beti; eta ez duela hemen eta orain hori oso ondo aztertzen. Ez ditu hemen eta orain gizarte honetan ditugun erronkak aztertzen. Erronka horien barruan daude emakumeekiko biolentziarenak, edo erronka ekosistemikoak, energetikoak eta abar. Bestetik, hirigintzan oso isla handia du sistema patriarkalak. Hirigintza eredu modern honek banatzen dituelako espazio pribatu eta publikoak; eta erabilerak zonifikatzen dituelako. Hemen bizi, hemen lan, hemen kontsumitu eta hemen aisialdirako espazioak ditugula esaten digu. Baina horrek ez dauka lotura handirik eguneroko bizitzarekin. Guk horregatik esaten dugu arkitektura eta hirigintza ez direla neutroak. Ez dituelako barneratzen bizitzaren konplexutasunak. Gizona hartzen duelako gizaki eredu bezala eta bakarrik barneratzen dituelako behar produktiboak; eta ez erreproduktiboak.
Zein eratako harremanak bultzatzen ditu dugun arkitekturak?
Harremanei buruzko hausnarketa bat egingo bagenu, nik uste dut hor lotura zuzena dagoela arkitektura eta proiektu politikoaren artean. Orain dela gutxi, adibidez, hauteskundeak izan dira eta Madrilen, badakizue, Carmenak, nahiz eta lehenengo indarra izan, alkatetza galdu duela eta PP, Ciudadanos eta Vox daudela boterean. Atera zen egunkari batean artikulu bat galdetzen zuena zergatik zen Madril eskuinekoa (“¿Por qué Madrid es de derechas?”). Hor azaltzen da nola Madril esperimentu soziologiko bat izan den, lau zutabe dituena: osasungintzaren pribatizazioa, hezkuntzan itunpekoen indarra, eredu urbanistikoa eta etxebizitza politika. Etxebizitza politikan, adibidez, artikuluan aipatzen da — eta nik esango nuke hala dela– sustatzen edo bultzatzen duzun etxebizitza ereduaren arabera, pentsamolde jakin bat eraikitzen dela. Hauteskundeak eta gero El Paisek atera zuen kartografia bat kalez kale ikusteko zen den alderdirik bozkatuena. Justu urbanizazio itxi eta piszinadun horietan eskumak irabazten zuen; eta betiko auzo proletarioan ezkerrak. Nik uste dut hor argi ikusten dela nola hirigintzak eta etxebizitza politikak baduen lotura bat ideologiarekin.
Nola izan beharko luke arkitekturak?
Guk arkitektura eta hirigintzan gaur egun banaketa bat egiten dugu: zer nolako tresnak erabiltzen ditugun arkitekturan eta hirigintzan. Tresna horiek forman gelditzen dira, eta ez funtzioan; gure lan teknikoa eta objektiboa neutroa balitz bezala. Guretzat gauza bat da hirigintza eta beste bat urbanitatea, alegia, proiektu soziala. Nik uste dut hor hirigintza eta arkitekturak barneratu behar dutela proiektu sozial hori. Nola? Lan talde zabalagoak sortuz eta beste gai batzuk sartuz gure proiektuetan. Ez bakarrik formak edo normak, epeak edo estrategiak, baizik eta gatazkak, denborak eta bestelakoak ere bai.
Zer azpimarratu nahiko zenuke zure hitzaldian?
Errepaso performatibo batekin hasiko naiz: estatu Espainiarrean gaur arte feminizidioa non eta nola eman den azaltzen dituen datuak emango ditut. Eraildako emakumeen izenak, non izan den erailketa eta nor izan den hiltzailea. Patroi hori jarraituta, aurten gaur arte 38 emakume erail dituzte feminizdio.net webgunearen arabera. Erailketaren lekua kasuen %80an baino gehiagotan etxea da. Hiltzailea beti da bikotea, senarra edo bikote ohia edo semea. Orduan nik planteatu nahi dudana da arazo bi ditugula. Alde batetik familia eredua, bikote harremana eta maitasunaren ideologia erromantiko honek non uzten gaituen emakumeak; eta, beste alde batetik, arazoa dugula etxe ereduarekin. Espazioarekin. Zergatik? Etxea pribatua delako. Hor gertatzen dena ez da arazo soziala, ez da politikoa, ez da komunitatearen esku dagoena. Orduan hor nik uste erronka bi ditugula. Bata da familiarena eta maitasun erromantikoaren kritika eta deseraikuntza egitea; baina bestea ere bada espazioaren azterketa eta espazio horrek sortzen duen segurtasun faltaren deseraikuntza egitea.