Bea Salaberri: “UEU beharbada izan daiteke Iparraldean memento hontan beharko genukeen gogoetatzeko plaza bat”

Iturri zaharretik edanez ikastaroan parte hartu du Bea Salaberri baionarrak.

Zerk ekarri zaitu udako ikastaroetara?
Urtero UEUko ikastaro bat egiten dut ikasturte hondarrean. Lasaiagoak diren egunak dira eta on egiten dit gai bat jorratzeak, nire lanari lotua, nire ikasgaiei buruzkoa, edo beste zerbait. Gehienetan nahiago dut beste zerbait egin, burua pixka bat ideia berriz edo ideia freskoz elikatzeko.

Oraingo honetan Bernat Etxepare lizeoan egin dira ikastaro guztiak, barnetegi eran. Zer nolako esperientzia izan da?
Ona. Berriz ikusten dut hor garai batez UEUk zuen formatu hori. Baionan egiten ziren ikastaro horietan beti baziren bazkaltze horiek. Elkarrekin bazkaltzea, barnetegia. Leku zentral batean. Eta hemen egia da berriz atzematen dela barnetegiaren giro hori.

Zein paper uste duzu jokatu dezakeela UEUk hemen?
Bi izan daitezke. Maila indibidualean eta gero maila kolektiboan. Indibidualean erranen nuke parada eskaini bakoitzari gai bat edo beste jorratzeko. Eta horretan beharbada ekartzea gai freskoak, berriak, gai desberdinak, eta bakoitzak hortik ikas dezan eta hortik har bere praktikak aldatzeko edo dena delakoa. Eta gero maila kolektiboan eskaini beharbada Iparraldean memento hontan beharko genukeen gogoetatzeko plaza bat. Adibidez, hor bada ikastaro bat gehiago politikari lotua dena. Nik uste dut biziki inportantea dela heldu garela Iparraldean fase batera non hainbat aldaketa egon diren azken urteetan eta beharbada behar dugu orain berriz gogoetatu, berposizionatzeko gure helburuak, zertara jo nahi dugun, nola, norekin… Eta uste dut interesgarria dela holako lekuak sortzea zeinetan jende desberdina bilduko den eta iritziak partekatuko. Beste adibide bat izan daiteke Usurbilgo hitzaldietan egiten diren horiek ere esperientzia ezberdinak eta lurralde ezberdinetako jendeak ekartzea gai baten inguruan. Eta pixka bat hastea gure herri gogoeta; unitate bezala gogoetatzeko gaitasun hori akuilatzea.

Eta Bea modua zer daramazu ikastaroetatik etxera
Nik aurten egin dut “Iturri zaharretik edanez” ikastaroa. Nire lan gaietatik, erabat kanpoko gai bat. Nire asmoa zen pixka bat ideiaz aldatzea. Hor jorratu ditugu klasikoak, klasikoen eskaintzen dituzten baliabide linguistikoak, hortik har dezakeguna… Niretzat parada izan da berriz hartzeko aspaldian ahantziak nituen klasiko batzuk. Beharbada hizkuntza forma batzuk, edo jende horiek erabiltzen dituzten baliabide guzti horietaz berriz sortzea. Eta batez ere izan da parada trukatzeko, beste ikastaro kideekin eta horien praktikak, iritziak ezagutzea. Ni itzultzen naiz tresna batzuekin eskutan eta batez ere gogoeta hori besteekin egina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude