UEUko Talde Eragilea: Nor da nor?

UEUko bazkideen Batzar Orokorrak hautatzen ditu Talde Eragileko kideak (bi urtean behin) lau urtetarako, zuzendariarekin batera elkartearen ildo nagusien jarraipena egiteko. Unibertsitateko eta euskalgintzako kideak dira, bolondres gisa UEUri beren denbora librea eskaintzeko prest daudenak.

 

 

IÑAKI ALEGRIA LOINAZ (Donostia, 1957)

Ogibidez EHUko irakasle/ikerlaria. IXA taldeko fundatzailetako bat. 1982n ezagutu nuen UEU Kepa Sarasolaren eskutik. Euskaldun berria nintzen eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Informatika sailean urte luzetan, Talde eragilean bi aldiz, eta orain, ustekabean, zuzendari 2014tik. UEUk hainbat proiektu interesgarri martxan jartzeko aukera emateaz gain, lagun jakintsuak ezagutzeko aukera ere eman dit!

Harremanetarako

 

INES CASTIELLA IMAZ (Iruñea, 1974)

Injeniari industriala naiz, elektronikan espezialdua. Herritar euskaldun iruindar eta nafar modura, UEUn bazkidetu nintzen 2012an, euskalgintza, ahal bazen, pixka bat gehiago hauspotzeko asmoarekin; ikusita Nafarroan arlo formala euskaraz lantzeko aukerarik ez dagoela, UEU bezalako proiektu bat beharrezkoa ikusten baitut. Nafarroatik ere, ekarpen interesgarri eta baliozko asko egin ditzakegula uste dut, eta gaur gaurkoz, ekarpen horiek jasotzeko gunea UEU dela iruditzen zait. 2018. urtetik UEUko Itzulpengintza sailburu ere banaiz.

Harremanetarako

 

 

KOLDO GARCIA ETXEBARRIA (Basauri, 1982)

Biodonostia OIIko ikertzailea naiz. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea, biologia konputazionala erabiltzen dut ikerkuntza burutzeko. Ikertzaileaz gain dibulgatzailea ere banaiz. UEUra bazkidetu nintzenetik (2012) hamaika kontutan parte hartu dut: ikastaroetara joan, hitzaldiak eman, elkarrizketak egin, udako ikastaroren bat antolatu, etab. luze bat. Hori posible da etxeko lanak egiten duen eta etxea primeran gobernatzen duen jendea dagoelako. UEUk eman didan guzti hori eskertzeko modua iruditu zitzaidan talde eragilera batzea, etxeko lan horietan ere laguntzeko.

Harremanetarako

 

 

HELENA FRANCO IBARZABAL (Getxo, 1967)

1994an hasi zuen UEUrekiko harremana, urte horretan Ekonomia eta Historia Sailek antolatutako ikastaldian hizlari gisa parte hartu zuenean. Orduz geroztik, bazkide izateaz gain, harreman estua izan du UEUrekin, irakasle/hizlari gisa hainbatetan, eta halaber  liburugintzarako ekarpenak eginez zein Uztaro aldizkariarekin kolaboratuz. Parte-hartze ildo horretan azken urratsa 2017an gauzatu da, Batzar Nagusian Talde Eragileko kide izendatua izatean. Ardura berri honetatik bere eskarmentu eta gogoa UEUren zerbitzura jarriko ditu, UEUren indartze eta sendotze bidean laguntzeko asmoz; beti ere Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat diseinatu behar den Unibertsitatea lortzeko helburuak gidaturik.

Harremanetarako

 

 

PRUDEN GARTZIA ISASTI (Oñati, 1964)

1985ean izan zuen lehen kontaktua UEUrekin, Iruñeko ikastaroetara lehen aldiz apuntatu zenenean. Ordutik aurrera Historia saileko kide aktiboa izan da, baita sailburu ere (1989-1993). Orobat, Uztaro aldizkariko erredakzio-kontseiluko kide da 1993az geroztik eta Inguma datubasea deseinatu eta gidatu duen taldeko kide (2000). Talde Eragileko kide bi aldiz izan da (1995-1998, 2014-). Bere eginkizun nagusia datubaseen eta argitalpenen esparruan dago.

Harremanetarako

 

IÑAKI GONZALEZ MURUA (Bilbo, 1953)

Lan bizitza osoa irakaskuntzan eman dut, hasieran Sondikako eskolan lanean eta gero sindikalgintzatik euskal eskola eta euskal unibertsitatearen apustua egiten. 90. hamarkadan Larraonako hainbat udako ikastaroetan parte hartu ondoren nere lotura UEUrekin indartu zen, hasieran bazkidetuz eta beranduago Talde Eragilean parte hartuz. Nire eginkizun nagusia Euskal Unibertsitatearen ildoa aurrera ateratzea da.

Harremanetarako

 

XABIER LANDABIDEA URRESTI (Bilbo, 1981)

UEU Miarritzen ezagutu nuen lehen aldiz, Ikus-entzunezko komunikazioaren bigarren urtean nengoela. Erromantikotasun eta profesionaltasunaren arteko oreka transmititu zidan orduan, eta oreka zail hori gordetzen jakin du gerora ere, IkerGazte kongresuaren Batzorde Dinamizatzailean eta Batzorde Zientifikoan parte hartzerakoan ikusi ahal izan dudan bezala. UEUko Komunikazio Sailburua naiz, eta Talde Eragileko kidea 2017tik. Euskal Herriak bizi duen aro zirraragarri honetan UEU lehen mailako eragile intelektual eta soziala izateaz gain, euskarak behar eta merezi duen statusa lortu dezan lanean dabilen edozeinentzat ezinbesteko aliatua dela uste dut.

Harremanetan jartzeko

 

KEPA SARASOLA GABIOLA (Begoña, 1958)

UEUko Zuzendaria

1980tik Larraonakumea. UEUko Joserra Etxebarria, Mikel Alkorta eta Xabier Artolak irakatsi zidaten informatikaz euskaraz idazten eta azaltzen. 1984an informatika euskaraz irakasten hasi ginen Iñaki Alegria eta biok. UEUko informatika sailean irakasle berriak eta materialak prestatuta… 1998an EHUko Informatika ingeniaritza osoa euskaraz egin zitekeen.  Ezina ‘ueuekinez’ egina. 2002an UEU-IXA lankidetzan HIZTEK masterra abiatu genuen Hizkuntza Teknologiaz, gero 2006tik HAP masterra bihurtu zena; 130 aditu atera dira hortik :-). 2012tik Itzulpengintza eta Teknologia on-line graduondoan itzulpen automatikoaz irakasten dut Gorka Labaka, eta Nora Aranberrirekin. 40 aditu atera dira hortik 🙂
EHUko Informatika Fakultatean irakaslea naiz, bertan IXA taldeko ikerlari ere bai.

Harremanetan jartzeko

 

ANE SARASUA ARANBERRI (Eibar, 1971)

Idazkari Nagusia

1997. urtetik, UEUko langilea da eta 2000. urtetik, Idazkari Nagusia. Idazkaritza profesionalaren burua da. UEUren proiektuaren bideragarritasunaz arduratzen da. Kudeaketa, finantzak eta giza baliabideen gidaritza uztartzen ditu bere egunerokotasunean, lantaldeak ahalik eta eraginkorren helburuak lor ditzan. Berari dagokio, lantaldearen eta zuzendaritzaren arteko zubilanak egitea.  Zuzendariaren konfidantzazko kargua da.

Harremanetarako

 

ESTI SARRIONANDIA AREITIO (Zornotza, 1973)

Biologiako bigarren maila ikasten nenbilela izan nuen UEUren berri botanikako irakaslea zen, eta den, Isabel Salcedoren bitartez. Urte hartan bertan Natura Zientziak saileko bazkide egin, eta UEUk Iruñeko Larraonan eskaintzen zituen udako ikastaroak ezagutu nituen, baita udan zein urtean zehar sailak antolatzen zituen mendi-irteerak ere. Harrez gero, beti izan dut lotura estua UEUrekin; tartean, Natura Zientzietako sailburu eta zenbait ikastaroren antolatzaile eta arduradun. 2017. urtetik Talde Eragileko kide.

Harremanetarako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude