Maider Sagredo: “Boterea eta beldurra izaten dira antzematen zailenak egiten zaizkigun dinamikak”

Gizarte mugimendu eraldatzaileetan ere, eraldatu nahi dugun gizarte horren jarrerak eta dinamikak errepikatzen ditugu. Joera horien konzientzia hartu eta aldatzeko gakoak eman ditu Maider Sagredo Emaus Fundazioko hezkuntza teknikariak UEUrekin elkarlanean antolatutako udako ikastaroan.

Maider Sagredo

Gizarte mugimendu eraldatzaileetan eraldatu nahi dugun gizarte horren jarrerak eta dinamikak errepikatzen ditugu. Paradoxa horrez konsziente izaten gara edo pentsatzen dugu, ustez, behintzat, giro aurrerakoiagoak izaten direnez, ez dela horrela izango?
Ziurenik, taldeko kide asko konsziente izango dira, baina talde bezala erabakitzea gai horiek landu behar direla, beste kontu bat izaten da. Askotan komentatu izan dugu patata beroa izaten dela, norbanako eta talde bezala pausoa ematea zaila izaten baita. Hori da sustatu nahi duguna: konszientzia hartu, eta taldea bera, moduetan ere, eraldatzaile bilakatzea.

Begirada non jarri, halakoa izango da balorazioa. Adibidez, asanblada mixto batean gehienak emakumeak direla ikusita, asebete egoteko motiborik izan genezake; baina, aztertuko bagenu emakume horiek noiz eta nola hartzen duten hitza edo zenbateraino eragiten duten eztabaiden norabidean edo erabakietan, ziurenik, sentsazioa oso bestelakoa izango litzateke. Nola analizatu beharko genuke egoera?
Pertsona horiek nola sentitzen diren aztertu beharko genuke: taldearen parte sentitzen diren, eta beldur barik, lasaitasunez, beren iritzia emateko aukera sentitzen duten ala ez. Hala ez denean, dinamizazioak eragina izan dezake. Ez da makil magikoa, baina lagungarria izaten da pare bat pertsona egotea taldea zaintzen, jende guztia gustora egon dadin eta denek hitz egin eta entzun dezaten.

Zer jarrera edo dinamika iruditzen zaizu direla zailagoak antzematen?
Boterea eta beldurra izaten dira antzematen zailenak egiten zaizkigun dinamikak. Pertsona batzuk boterea daukate besteek ez duten informazioa dutelako, beren rol edo hitz egiteko eragatik,.. botere hori identifikatzea eta konsziente izatea besteek edo norberak esandakoak besteenak baino pisu handiagoa duela oso zaila izaten da. Horretarako, irekia egon behar duzu eta hori aldaketari edo boterearen kontrola galtzeari diogun beldurrari lotua dago. Norbere beldurrei aurre egin behar diegu, eta apustu egin. Azken finean, taldea eraldatzaile bilakatzeko funtsezkoa da behar hori ikustea eta ahalduntze prozesu bezala bizitzea.

Behin hutsuneak identifikatuta, zein metodo eta estrategia erabil dezakegu jarrera eta dinamika horiek aldatzeko?
Ikastaroan, Joxemi Zumalabekoek asanblada baten metodologian parte hartzea nola txertatu azalduko dute; Elhuyarrekoak berrikuntza sozialaz ariko dira eta Emausekook eraikuntza parte hartzaileaz, alegia, denon jakituria partekatzeaz.

Inklusibotasuna, ahalduntzea, eraginkortasuna, bizitzaren jasangarritasuna, militantzia, horizontaltasuna eta berrikuntza soziala talde eraldatzaileen egunerokotasunean integratzea proposatzen duzue. Nola?
Taldeak horizontalak izan behar dira, eta gardentasunez egin behar dute lan, konfidantza sustatze aldera. Taldean konfidantza badago, kohesioa dago, eta kohesioak komunitatea sortzen du. Komunitateak pertsonak eta taldea indartzen ditu, norberak sentitzen baitu badakiela non dagoen eta zer nahi duen. Komunitatea da, azken finean, talde eraldatzaile baten helburua.

Pertsona bakoitza ezberdina da, eta konsziente izan behar gara aniztasun hori altxor bat dela, eta hartaz gozatu. Bestalde, ahalduntzea da eraldatze prozesuaren gakoa: pertsona ahalduntzean, taldea ahalduntzen da, eta proiektua indartzen. Prozesu hori ez da inoiz bukatzen, beti ariko baikara ikasten, eta hori partekatzea da eraginkor izatea, bizipen guztiak baitira ikaspen eta jakituria. Zentzu horretan, gatazkak aukera bezala bizi behar ditugu, ez baitira pertsonen arteko gatazkak, ikuspuntu ezberdinen artekoak baizik. Ezinbestekoa da komunikazio hori ez-bortitza izatea, eta kanpora begirakoa denean, nolakoak garen erakustea. Horrez gain, garrantzitsua da lan produktiboak ez ezik, lan erreproduktiboak ere identifikatzea eta baloratzea: taldea zaintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude