2021-22 ikasturtea, UEUren 50. urteurrenari begira

2021/2022 ikasturteko irekiera-ekitaldian Markeskoan UEUtik sortutako asmoak eta proiektuak aurkeztu ditugu. Proiektu horiek hobeto finkatu eta zabaltze aldera merezi du blog honetara ere ekartzea.

Aurreko ikasturtea koronabirusak baldintzatuta amaitu genuen, eta badirudi aurtengoa ere antzekoa izango dela, agian hobexeagoa. Egoera ez da erraza, baina UEUk azken hamarkadan online irakaskuntzaren alde egindako lanak eta ikasgeletan jarraitutako osasun-protokolo eraginkorrak arnasa eman digu gure jarduerarekin aurrera egiteko. Pozik gaude horrekin.

Iazko ikasturtea hiru zertzeladatan laburtu dugu: GOI ikastegia, online jarduera eta aurrez-aurreko jarduera. Ikus ditzagun banan banan:

1. UEUrentzat inflexio puntua Izan da GOI ikastegia martxan jartzea. Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketarako Ikastegia da, UPV/EHUren Ikastegi Atxikia eta UEUren barnean antolatu dugu, online unibertsitate-ikasketak euskaraz ere sustatu beharra dagoela ikusi delako.
Pasa den ikasturtean Irakaskuntza Masterraren lehen edizioa eskaini dugu UEUren Ikasgela Birtualaren bitartez 3 espezialitatetan: Natur Zientziak eta Matematika, Giza eta Gizarte Zientziak, eta Hizkuntza eta Literatura.

Asko ikasi dugu ikasturtean zehar, eta ikasleek aurkeztu dituzten Master Amaierako Lanen ikusita, lehen promozioa bikaina izan dela esan dezakegu. Oso pozik gaude, eta ikasleak ere bai.

2. Online eskaintza %40an handitu dugu pasa den ikasturtean. Hau posible izan da UEUk azken urte hauetan online lerroan egindako lanari esker. Dudarik ez dugu horretan.

3. Online bakarrik ez, aurrez aurrekoaren aldeko apustua egin dugu ere: aurrez aurrekoa politikoa da guretzat eta erronka bat suposatu du aurtengo ikasturtean. Adibidez, era presentzialean azken hilabetetako lau ekitaldi aipagarri dira hauek:

  • LUHI jardunaldia (Lurraldea eta Hizkuntza): KONTSEILUA, UEMA eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu genuen urtarrilean. (2021/01/23, San Telmon)
  • Natur Zientzien Topaketa: Natur zientzia sailak antolatu duen laugarren edizioa izan da aurtengoa. 100 parte hartzaile bildu ziren Eureka Zientzia Museoan, Donostian. 2021/04/18-19
  • IKERGAZTE kongresua Gasteizen: 200 ikerlari Europa jauregian aritu ziren hiru egunez Nazioarteko ikerkuntzaz eta euskaraz. Laugarren edizioa izan da aurtengoa eta beti bezala 5 jakintza-arloak egon dira presente. 2021/06/9-10-11
  • Udako Ikastaroetan 600tik gora partaideok harreman presentzialaren magia sentitu dugu berriz, eta horrek ekartzen duen sormen gehigarria ere bai, pasa diren ekain-uztailean.

 

Eta, zer egin nahi dugu 2021/2022 ikasturtean? Ikasturte berrirako lau helburu aukeratu ditugu: 50. urteurrena ospatzea, GOI indartzea, euskarazko ikerkuntza, eta hezkuntza biziberritzeko prozesuan laguntzea. Azal ditzagun zehatzago:

50. URTEURRENA ospatzea

Orain dela gutxi Inguma datu-basearen eta Markeskoa ikastetxe nagusiaren 20. urteurrenak ospatu ditugu poz pozik. Eibarko Udalarekin beste 5 urtetarako lagapen-hitzarmena berritu dugu. 2000. urtetik Markeskoa Jauregian du UEUk bere Ikastetxe akademiko nagusia, eta horrek ahalbidetu du udakotik urte osoko eskaintzara salto egitea, baita aurrez-aurreko modalitateaz gain online eskaintza egituratu bat ere eskaini ahal izatea.

Baina 2022an efemeride handiago bat ospatuko dugu. Udako ikastaroen 50. urteurren hau gogoeta egiteko, eta jarraian aurkeztu ditugun beste proiektu berriak sortzeko tranpolin moduan erabili nahi dugu. Adi egon 2022rako antolatzen ari garen jarduera bereziekin. Urtarrilean hasiko gara.

GOI Ikastegia indartzea

Bi urrats berri gauzatzen ari gara ikasturte berri honetan, oraintxe irailean:

  • Masterra. Urte guztian zehar jasotzen ari garen dei etengabeek argi erakusten dute formazio honek duen erakargarritasun altua, eta ikasturte honetan %10 ikasle gehiago hartuko ditugu espezialitate bakoitzean. Guztira, 132.
  • Humanitate Digitalak graduondoko berria martxan jarriko dugu orain urrian.

Eta hurrengo ikasturteetarako zer gehiago egingo dugu GOI ikastegian?

  • Etorkizunerako bi erronka ditugu, bat txikia eta bestea handia. Erronka txikia master gehiago antolatzea da, eta erronka handia euskarazko online unibertsitatea sortzea da. Badakigu azken hori proiektua estrategikoa dela Euskal Herrian, eta badakigu guk bakarrik ezin dugula lortu, hori lortzeko ezinbestekoa dela hemen gauden erakundeen sinergia.

EUSKARAZKO IKERKETA sustatzea

  • UEU ikerketan aritzeko eredu zientifiko bat zehaztu nahi dugu.
  • Zientzia, Teknologia, eta Berrikuntzako euskal ikerketa-sareko agente bihurtzeko lehen pausoak ematen ari gara.
  • IKERGAZTE kongresuaren arrakasta ikusita, komunitate hori trinkotzen jarraituko dugu, UEUren proiektura gertaraziz. Unibertsitatea.net ataria erabiliko dugu horretan, baita ARTIZARRA eta Inguma ere.
  • Humanitate digitalen ikerketa-lerroa lantzen ari gara 2019tik Euskal Wikilari Elkartearekin (EWKErekin) batera. Dagoeneko bost beka eskaini ditugu alor honetako proiektuak sustatzeko asmoz, eta aurten ere beste bi eskaintzeko asmoa dugu.
  • Errenterian Humanitate Digitalen gunea antolatzen ari gara bertako Torrekua eraikinean, Udalarekin sinaturiko elkarlan hitzarmen baten bitartez.
  • Argitaletxe ere garen heinean, aldizkari zientifikoak eta unibertsitate mailako argitalpenak eta sorkuntza sustatzen jarraituko dugu.
  • Bestalde Juan San Martin beka sustatzen dugu Eibarko Udalarekin eta Koldo Mitxelena beka Errenteriako udalarekin. Aurtengoa 15. edizioa izango da Eibarrekoan eta FILOSOFIA du aztergai.

HEZKUNTZAKO BIZIBERRITZE-PROZESUAN laguntzea

Baionako Udako ikastaroetako batean planteatu zen euskarak eta euskal kulturak biziberritze-prozesu bati ekin behar diotela. Batua sortu zen garaian bezala, 2021ean ere, bisio eta estrategia berriak definitu behar direla aldarrikatu zen; euskararen erabileran urrats bortitza behar dela lau alor hauetan:

  • lan-eremuan,
  • astialdian,
  • hezkuntzan,
  • eta hedabideetan.

Prozesu horretan parte hartu nahi dugu UEUtik ere, batez ere hezkuntzakoan. Irakasle berritzaileak formatzeko ditugun jarduera guztiek biziberritze-prozesu horretan ekarpen esanguratsua egin ditzakete:

  • Goi ikastegia (Irakaskuntza masterra…)
  • Irakaskuntza eta IKTak graduondokoa
  • Udako eta neguko ikastaroak
  • EAEko irakasleen prestakuntzarako dauden deialdi ezberdinak
  • Nafarroako gobernuarekin hitzartutako irakaskuntza lerroa
  • Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako jarduerak
  • Argitalpengintzan egiten dugun lana.
  • Web zerbitzuak: inguma, artizarra, uninet…

Horiexek dira ikasturte berrirako gure lau lan-ildo nagusiak.

Horiek guztiak aurrera eramateko karta onak baditugu: gogoa, ezagutza, jarrera, 20 laguneko lantalde zoragarri bat eta 1200 bazkidez osatutako komunitate indartsu bat. Bestetik baina, horietaz gain, instituzio eta beste unibertsitateen aitortza eta babesa behar ditugu. Zer esanik ez 50. urteko lana ospatuko dugun honetan. Horiekin gizarteak guregandik jaso ahal izango dituen fruituak askoz oparoagoak izango dira eta.

Esan bezala partaide asko batzen gara UEUren jardueran eta jarrai dezagun auzolanean #ElkarEkin

 

Ekitaldia ikusteko aukerarik izan ez baduzu, hemen duzu aukera:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude