Pauline Guelle: “Periferia baino, Ipar Euskal Herria UEUren barne senditzea nahi genuke”

Pauline Guelle (Paue, 1992) ere UEUren Talde Eragileko kide izango da hemendik aurrera. Zuzenbide publikoan torturaren gaineko doktore-tesia prestatzen ari da Guelle Paue eta Aturrialdeko unibertsitatean (UPPA). Bordeleko Zientzia-politikoetako eskolan ari da irakasle.

Zein harreman izan duzu UEUrekin?

Iruñean egin zen Ikergazte (2017) saioan parte hartu nuelarik UEUrekin lehen harreman zuzena ukan nuen. Gero, erabaki zelarik Baionan (2019) ekimen hau antolatzea, xumeki lagundu nuen egun horien eraikitzean. Hortik goiti egiazki ezagutu nuen UEU, eta horrek enbeia eman zidan taldeaz gehiago hurbiltzeko.

Talde eragileko kide moduan, zein ekarpen egin dezakezula uste duzu?

Nire ikuspegitik, herri mailako proiektu hau lurralde guzietan proposatzea ezinbestekoa da. Horregatik, UEUren ekimenak Ipar Euskal Herriari hedatzea izango dugu helburu. Momentu berean, lana ukanen dugu hemengo errealitateak eta proiektuak UEUren bideari txertatzeko.

Etorkizunera begira zure ustez zeintzuk dira UEUren erronkak?

Periferia baino, lurralde hau UEUren barne senditzea nahi genuke eta UEUren erronka handi bat da. Ipar Euskal Herriko ikerlariei aukera ematea euskaraz egiteko; eta hein berdinean hemengo jendeei posibilitatea ematea “zientzia” euskaraz gozatzeko. Geroan, hemen irakasgai gehiago euskaraz izatea, UEUren masterra mugaz-gaindi zabalduz; edo beste formula batzuk asmatuz, goi mailako ikasketak eta ikerketak euskaraz gauzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude