Nabigatu LEGO NXT robotekin: abante!

Aurten ere robotikari buruzko ikastaroa izango dugu UEUn. Oinarrizko ikastaroa izan arren, nabigazioa izango du ardatz aurtengoak.

 Nabigazioa oinarrizko gaitasuna da robot mugikorrentzat: etxeko lurzorua garbitzen duen Roomba xurgagailu ezagunetik hasi eta Marte planeta esploratzen ari den Curiosity roboteraino, ingurunean beren bidea topatzeko estrategiak behar dituzte robotek.

 Burutu beharreko atazaren arabera (etxeko lurzorua garbitu, planeta ezezagun bat esploratu), maila desberdinetan garatuko da nabigazioa: objektuak ekidin, helburuak identifikatu, ingurunea arakatu, mapak eraiki, etab.

Ikastaroaren helburua nagusia, robotikan lehen pausuak eman nahi dituenari abiapuntua eskaintzea da, robota diseinatu, muntatu eta programatzeko beharrezko ezagutzak eskainiz. Baina robotikara hurbiltzeko moduak ugariak direnez, aurten, nabigazioan jarriko dugu arreta berezia. LEGO Mindstorms NXT kaxa robotikoa erabiliko dugu robotak eraikitzeko; eta hauek programatzeko berriz, NXC lengoaia.

Behetik gorako estrategia jarraituz, robotaren sentsore eta motorrak baliatuko ditugu oinarrizko nabigazio gaitasunetatik hasi, eta gradualki, konplexutasun handiagoko nabigazio teknikak garatzeko.

Abante!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude