Peruko UNSAAC unibertsitateko lankidetzan ari gara orain dela bi urtetik hona. Euskara automatikoki tratatzeko erabili dugun teknologia eta estrategia kitxua hizkuntzari ere aplikatzea da gure helburua.
Zuzentzaile ortografiko bat martxan dago. Analizatzaile morfologikoa eta sintaktiko xume bat ere bai. Hilabete gutxiren barruan kitxuaren datu-base lexikalaren lehen bertsioa eta corpusa kontsultatzeko lehenengo web-aplikazio bat plazaratu nahi ditugu.
Lehengo urtean bi bisitari izan genituen:
- Hugo Quispe: datu-base lexikalaren sortzailea
- Richard Castro: zuzentzailea sortu eta hizketaren tratamendua landu duena.
Aurten beste bi bisitari ditugu gure artean:
- Rosemary Jimenez: testuak automatikoki sailkatzeko programa aurkeztu du gaur bertan, bere master-tesi moduan. Eta bera da corpusa eratu eta kontsultatzeko aplikazioa sortzen ari dena.
- José Lozano: Kitxua irakasteko sistema bat sortzen ari da Waldir Farfan-ekin. Datorren igandean kitxuazko esaldiak analizatzen dituen sistema aurkeztuko du Polonian, Language Technology Congress (LTC’2013) kongresuan.
2012an Madrileko Kooperaziorako Ministerioko proiektu bat izan genuen, 2013an EHUrekin RUNASIMI proiektua. Juan Cruz irakasleak koordinatzen duen Hinantin taldea jaio da. Orain proiektu berri bat prestatzen ari gara lan hauei 2014an jarraipena emateko.