Gasteizko Legebiltzarrera

    Politikagintza, gezurra badirudi ere, bakan batzuen lanbidea da, bakan batzuena, bai, baina gero eta gehiago dira politikatik bizi direnak edo. Halere, oraindik orain, Euskal Herrian politikari gehienak beste lanbide batzuetatik etorri izan dira, asko irakaskuntzatik eta unibertsitatetik, bereziki. Hori da nire kasua.
Ez da gertaera arraroa, ohikoa da, ez du aparteko meriturik, beraz. Agian, unibertsitatetik legebiltzarrera jauzi egiteko garai hau ez da egokiena izan, ez baita politikarien unerik goxoena. Unibertsitarioak, antza denez, jende serioa eta estimatuak gara eta politikariak, ordea, lapur-aldra ustelak dira, herri xehearen gehiengoak iritzita. Jende serio eta estimatuaren multzotik atera naiz lapur-aldra usteleko klubean sartzeko. Banengoen, ni bezalako bazkideak onartzen dituen kluba ez zela oso fidatzekoa!
Klub honetako hirurogeita bost kideetako bat naiz, bertan naiz, Gasteizko Legebiltzarrean, fakultatea guztiz utzi gabe eta politikariez inguraturik. Ikasgeletako tranpaldotik Legebiltzarreko tranpaldora, plaust! Lanbide berria, lantoki berria eta jende berria, gauzak ondo bidean bertan ibiliko naiz datozen lau urteetan.
UEUk aterpe honetatik ez banau bidaltzen bertatik bertara azalduko dizkizuet Gasteizko Legebiltzarreko kontuak. Aurrenik eta behin esan behar dizuet, ez da itzelezko aurkikuntza, politikariak hanka biko animaliak direla, beste edozein pertsonaren modukoak direla, alegia.
Hamargarren legegintzaldia hasi da. Elkarren berri izango dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude