Inbidiaz begiratutako ‘prozesua’

Kondenak pilatuz doaz, scapegoat, alegia ahuntz-burua erakutsi digute, euskal karlista berriek Madrilera begiratzen duten bitartean:

(a) Han dena garbi, alegia, CUP erruduna.

(b) Hemen, are argiago, alegia, Madrilek askatuko gaitu1.

Okerrago, batzuen iritziz, CUP españolista bilakatu da, CUP-ek ez du ulertu independentismoa zer den… Horrelako perlak irakurri eta entzun ditugu.

Anna Gabriel-ek, alta, argi defendatzen du bere burua ezkertiar eta independentista gisa, edo nahi izanez gero independentista eta ezkertiar gisa.

(Hemen haren hitzak: Anna Gabriel valora en Info7 irratia la decisión de la CUP, http://www.naiz.eus/eu/mediateca/audio/anna-gabriel-valora-en-info7-irratia-la-decision-de-la-cup)

Zer daukate komunean CUP-ekoek eta Mas-ek? CUP-ekoek eta Junts pel Si-koek?

Kataluniaren alde daudela? Kataluniaren independentziaren alde daudela?

Baina ‘Katalunia’ mota asko dago: kasu, Katalunia neoliberala eta Katalunia aurrerazalea. Balediko Katalunia independentea eurogunean sartuta (austeritate, langabezia eta abarrekin), eta eurogunetik kanpoko balediko Katalunia (EFTA barruan?, bere moneta propioarekin, subiranotasun monetarioarekin eta langabeziari aurre egiteko tresna ekonomikoarekin, kasu, politika fiskal aurrerakoi batekin, ez euroguneko nagusiak, Troikak alegia, bultzatzen duen defizitarekin, hots, BPGren %3ko defizitarekin).

Artur Mas eurogunetik irteteko prest dago? Balediko egoera hori, eztabaidatzeko prest dago?

Noiz argituko dute ERC-koek zein den haren proiektu makroekonomikoa, Europar Batasunari begira? Zein da haien proposamena langabeziari aurre egiteko?

Xavier Sala i Marti ekonomialaria euroaren kontrakoa al da? Arren!2

Kataluniaren ‘independentzia’ eurogunean? Austeritaterik gabe? Murrizketa sozialik barik? Langabeziarik gabe? Soldata eta erretiro duinekin?

Zertarako ‘independentzia’? Troikaren azpian ‘bizitzeko’? Gogoratu Grezia eta, mesedez, berrirakur ondoko hau: Katalunia eta DTM.

Zer ‘independentzia’ motaz ari gara? Politika eta ekonomia independenteak al dira bata bestearekiko? Ba ote dago loturaren bien artean? Zein?

Zertaz ari gara? Zer nolako Kataluniaz ari gara?

Kanpoan errudunak bilatu barik agian etxean bertan ‘errudunak’ bilatu beharko genituzke.

Kasu, azken bozketen emaitzak desastre hutsa izan dira. Non irakurri da autokritika minimo bat? Nork aurkeztu du dimisioa, hemen, etxean, gurean?

Hortaz, zertaz kexatzen gara? Etxeko arduraz hartu gabe, kanpokoen etxea konpondu nahian ote gabiltza? Zer dela eta?

Ni neu CUP-ekoen alde nago, oso kritikoak direlako eurogunearekin3, benetako demokrazia parte hartzailea erabiltzen dutelako, ez sloganetan!, koherenteak direlako, eta makroekonomian proiektu aurrerakoi bat daukatelako.

Egia da, katalana banintz, CUP-ekoa nintzateke, cupaire, eta nire jarrera Mas-i bi boto ematea izango zatekeen, beti baldintza askorekin. Kasu, presidentea izateko epe mugatu baterako, ez luzerako noski.

Baina ez naiz katalana, euskalduna baizik. Euskal independentista ezkertiarra, edo nahi izanez gero, euskal ezkertiar independentista, Anna Gabriel katalanaren antzekoa. Bi ezaugarri horiek batuta daude, separaezinak dira. Inongo maoistak, ez zaharrik ez berririk, ez dizkit mailakatuko bi ezaugarriak. Ezta pentsatu ere ez.

Eta oso pozik ikusiko nuke, hemen, gure etxean, Euskal Herrian, ‘euskal CUP’ bat eratuta egongo balitz. Batzuek diotenez, “’Euskal CUP’ baten bokazioa ez dugula inoiz gurea izan”. Zoritxarrez!, gehituko nioke nik zeren holako edo paretsuko baieztapenek argi erakusten baitute politika mailan zer nolako atzerapena dugun. Izan ere, badirudi oraindik ere ‘bloke zuzentzaile’ eta antzeko jarrera super estalinistaren hondarren hondarraz amesten ari garela. Who knows?

Katalunia dela eta, CUP dela eta ez dela, ene ustez, eta kanpotik ikusita, Artu Mas oztopo ikaragarria da, eta izan da, ‘prozesua’ aurrera eramateko.

Baina, oraindik astia dauka etxera joateko (Si Artur Mas dijo que nunca sería un obstáculo, ahora lo es), ... eta ‘prozesuari’ irtenbide duina emateko.

Ikusteko da! Zain du katalan asko, baita zenbait euskaldun ere.


1 Ikus Eta Euskal Herria? Madrilera begira! in Urtarrilak 3: Katalunia, CUP eta Euskal Herria.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude