Fikziozko ekonomia

Fikziozko ekonomiak ez du ezer ekoizten, haren helburua hiritarrengandik aberastasuna bereganatzea da. Fikzio horretan hainbat arlo sartzen dira: konpainiek irabazten ez dituzten irabaziak itxuratzea, edo Wall Street-eko bankuek, eta berorien afiliatuek, emandako hipoteketarako itxurakeriazko balioak, horren azpian dauden balioak ez daudenean, edo fikziozko gastuak. Halaber, zerga-kodea fikziozkoa da. Fikziozko ekonomiak ohiko kapitalismo industriala deuseztatu du.

Gaur egungo estatistiken eta teoria ortodoxoen arabera, ekonomia osoa unibertso paralelo batean oinarritzen da, balizko hipotesietan, zeintzuen helburua hauxe baita: jenderik aberatsenek ez dute inongo errenta deklaratzeko. Izan ere, zenbat eta aberatsago izan orduan eta zerga kengarri handiagoak dituzu, zeren aberastasun hori zerga kengarriko kostua baita. Badirudi korporazioek ez dutela inongo dirurik egin, zeren dena kostu bezala baitaukate. Kasu, IRS delakoak (AEBetako Altxor Publikoko Internal Revenue Service) korporazioei ordainketen interesak negozioak egiteko gastu gisa hartzea ahalbideratzen die; baina ez da inolako gasturik negozioak egiteko. Izan ere, kanpoko erasotzaileek eta korporazio zabor-bonoen edukitzaileek konpainia erosteko ordaindu dutenaren funtzioa da, eta negozioa egin barik, beraiek zatikatzen ari dira, ixten, eta ekonomia industrialerako behar denaren kontrakoa egiten. Hori dela eta, sektore finantzarioa ikertu behar da, zeren, testu-liburuen arabera, bera ez baita ekonomiaren partea, jabego-sektorea ekonomiaren partea ez den bezala. Kontsumo-prozesu independenteak dira, bizkarroien modura, ez ondasun eta zerbitzuak ekoizteko.

Izatez, ekonomian bi ekonomia mota daude: gizartearen beharrak asetzeko ekoizten dituen ekonomia industrial produktiboa, eta gainegitura finantzarioa, FIRE delakoa (finantza, asegurua eta higiezin erreala), zeinak langileengandik eta kapital industrialetik errenta desbideratzen duen eta bi multzo horiei gero eta zor handiagoarekin zamatu.


Ekonomialari klasikoek (Adam Smith, John Stuart Mill) erakutsi zutenez, badaude irabazi ez diren errenta mota batzuk. Errenta (‘rent‘) ez da irabazten, soberako prezioa da. Interesa ez da irabazten, monopolio-prezioa da. Monopolio-mozkinak ez dira irabaziak, neurriz gainekoak dira. Ekonomialari klasikoen arabera, hori guztia gobernu-erregulatzaileek kendu behar zuten, prezioan sartzeko ez ahalbidetuz, edo monopolioak arlo publikoan mantenduz, baita lurra bera nazionalduz edo zergapetuz.


Ekonomialari klasikoek ia ekonomia osoa lan-indar produktiboan eta ez-produktiboan banatu zuten, aberastasunean eta gastu orokorretan, errenta errealean eta kostuetan. Horrek zergarik gabeko bazka libreko barneko interesak mehatxatu zituen. Hortaz, klasikoen aurkako erreakzioa jarri zuten martxan: gobernuaren kontrako Chicago eskola, zergarik gabeko politika.


Erreakzio horren liderrak, Milton Friedman-ek, esan zuen ez zegoela inolako bazka librerik.


Hudson-en hitzetan, “… merkatu libreak esan nahi du harrapariak libre daudela jendearengandik edozein prezio indarrez kentzeko, kontsumitzaileak engainatzeko aske, langileak esplotatzeko aske, zorrarekin nahi duten edozein konpainia zamatzeko libre,…”


Ekonomia klasikoa bazka libreaz aritu zen. Teoria ekonomiko modernoak itxura egiten du ezen bankuek, lur-jabeek eta monopolioek beren errenta irabazten dutela, egiaz ekonomia produktibotik errenta ateratzen duten bitartean.

Adam Smith, Ricardo eta ekonomialari klasikoek merkatu librea karga orokorretik libre dena definitu zuten, hots, produkzioaren ez-beharrezko zametatik aske dena. Gaur egun, aldiz, merkatu libreak esan nahi du harrapariak libre daudela desarautzeko eta, bereziki, gu guztiok zor-peoitzara eramateko.


Burbuila ekonomikoari dagokionez, hauxe esan behar da: burbuila guztiak kredituek puzten dituzte. Allan Greenspan-en menpe egon zenean, Fed-ek kreditu-kopuru erraldoi bat sortu zuen, zeina ia edozein helbururekin mailegatu baitzen.


Alan Greenspan ezaguna da. Fed-eko nagusia izan da 1987tik 2006ra. 500 orrialdeko memoria-liburua idatzi du: The Age of Turbulence: Adventures in a New World. Ikus dezagun Greenspan-i buruzko zenbait zertzelada:

 
(a) 2007ko irailaren 24an Greenspan eta Naomi Klein kazetaria batera egon ziren Democracy Now telebista-programan eztabaidatzen. Hona hemen aipaturiko punturik garrantzitsuenak[1]: (i) “Gobernu txikiagoan, aurrekontu defiziten murrizketan, merkatu librean eta globalizazioan sinesten dut”; (ii) “Gizarte segurantza pribatizatzearen alde egon naiz”; (iii) “Egia da diru kopuru handia xahutu dela Irak-eko gerlan”; (iv) “Subprime krisia globala da”; (v) “Atzera begira, uste dut aparteko akatsa izango zatekeela subprime-ko merkatu hori ezabatzea, zeren oso arrakastatsua izan baita, jende askok etxeak edukitzeko”; (vi) “Espero dut subprime-ko merkatuan dauden arazo teknikoekin eta finantza-segurtasuneko problemekin aritzeko prozesuan subprime-ko merkatua ez dela izango alboratua”; eta (vii) “Sistema kapitalistak azken zazpi edo zortzi urtetan aberastasun ekonomikoa sortu du munduan, merkatuei dagozkien politikei esker”.

 
(b) Urtebete beranduago, 2008ko urriaren 23an, Greenspan-ek BBC telebista-katean mea culpa aitortu zuen. 2008ko urriaren 27an Frederic Clairmont oso gogor aritu da Greenspan-en aurka[2]: ustela, kriminala (“Greesnpan izan da deribatuen igoera hilgarriari eragiten ziona, egun 155 x 1012 dolarreko kopurura iritsi dena, gure planetaren aberastasunaren lau bider berdintzen duena”), pobrezia intelektuala duena…

(c) Stephen Ledman-ek, berriz, Greenspan etsai publikotzat hartu du[3]: merkatuaren desarautzearen aita… 1999an honela idatzi zuen Greenspan-ek: “Diferentzia handiz azken hamarkadan finantzan gertaerarik garrantzitsuena ezohiko deribatu finantzarioen garapen eta zabaltzea izan da.”


(d) Deribatuen arkitektoa izan da Greenspan[4]. Suntsipen handiko armak diren deribatuen arkitektoa[5].


Greenspanek bere mea culpa-n adimenaren akats bat dela aipatu zuen. Baina, Clairmont-ek dioenez, arazoa ez dagokio adimen akats bati, klase-botereari eta esplotazioari baizik. Kontua ez da eredu okerrek gidatu gaituztela. Kapitalismoa ez da adimenaren errore bat. Alderantziz, Clairmontek azpimarratzen duenez, Greenspanen politiken erabakiak hotzean hartuak ziren klase bizkarroi konkretu bat aberasteko.


Egia esan Greenspan eredurik onena da bultzatu behar ez denaz jabetzeko. Zenbat urte egon gara merkatu-mekanismoaren ahalmen autoerregulatzaileaz liluraturik? Ekonomialari asko kutsatuta geratu dira. Betiko? Onartuko ote dute erregea biluzik dagoela? Mea culpa publikoa adieraziko dute, baita Euskal Herrikoek ere?

Eredurik ereduenak hitz egin du, oso berandu baina. Kaltea eginda dago. Kaltea izugarria da, mundu mailako izurritearen antzekoa. Irtenbidea, aldiz, gure esku dago: ekonomia erreala da bultzatu behar dena, fikziozko ekonomia behin betiko alboratuz.


Iruzkinak (8)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude