Euskal Herri independentearen ekonomia globalizazioan

Lehen mundu gerlaz geroztik Britainia Handiko libra nagusi bazen ere, bigarren mundu gerlaren ondoren, eta batez ere 1945ean Bretton Woods-eko eztabaida eta gero, dolarra zen nagusi mundu mailan. Denbora hartan dolarra urreari lotuta egon behar zen. Hau da, banku zentralek urre gordailuak izan behar zituzten, dolarra (papera) nolabait babesteko. Hau da, dolarren (paperen) kopurua mugatuta zegoen.

Nixon presidenteak 1971n urrearekiko lotura eten zuen. Harrez geroztik dolarra mundu mailako nagusi izanda, ez dago inolako mugarik paper horiek jaulkitzeko. Geroxeago, ikusiko dugunez, paper horrekin batera beste paper mota bat erabiltzen da, eta berau da orain nagusi banku zentraletan: AEBetako Altxor Publikoko tituluak edo bonoak dira gaur egun nagusi mundu mailan.

1. Globalizazioa

Kontua da kapitalismoa, ekonomia nahi bada, erabat aldatu dela. Egun finantza-inperialismoan gaude murgilduta: hauxe da benetako globalizazioa, non erdigune argi bat baitago: AEBetako Altxor Publikoa.

Egoera berri horretara iristeko bidea[1] oso harrigarria izan bada ere, gaurko finantza-kapitalismoak ezagutu genuen kapitalismoa industriala alboratu du, eta AEBak munduko herririk zorduna izanik, munduko herrialdeetatik ordainketa-superabitak bereganatzen ditu, bazka librea lortuz[2]. Super inperialismo berri horretarako ibilgailua ez dira nazioarteko enpresa pribatuak edo kapital finantzario pribatua, banku zentralak baizik[3].

Are gehiago, teoria zaharrek deus gutxi balio dute fenomeno berri hau aztertzeko[4].

2. Euroaren etorkizuna 

Beste aldetik Euskal Herria, bere osotasunean, euro gunean dago. Hortaz, euroaren eginkizuna eta etorkizuna aztertu beharra dago. Egia da egun euroak nonahi eskatzen eta erabiltzen direla. Baina Michael Hudson ekonomialari amerikarren ustez, euroak ez du egin beharrezko urratsa alternatiba izateko, zeren bera ez baita oraindik benetako moneta politikoa, dolarra den modukoa. Are garrantzitsuagoa, Europan ez dago egiazko nahi politikoa bide alternatiboa martxan jartzeko[5]. Soilik AEBek nahia erakutsi dute nazioarteko egitura globalak sortzeko eta beraiek birmoldatzeko nahierara, beren beharrizan finantzarioak betetzearren, hiper-hartzekodun izatetik hiper-zordun izatera aldaketarekin azaldu diren behar berrien heinean.

Europar Batasunean euroa ez zen sortu euroa aldez aurretik eraturiko bateratze ekonomiko eta fiskalaren oinarri sendo batetik, kasu, bateratze politiko federal sendo baten bidez. Alderantzizkoa izan da bidea. Izan ere, munduko plangitzagile finantzarioek beste aukera bat proposatu zuten, hainbat ekonomialariren baimen, babes eta onarpenarekin. Eratutako Europar Batasuna (EB) modu thatcherista batez gauzatu zen, jadanik martxan zeuden estatuen era sasi konfederal baten bidez eta arau monetaristak erabiliz. Izatez, europar gobernu sendo batek euroa jaulkitzea ez zitzaien batere gustatu amerikar geo-estrategei.

Europar politika ekonomikoa lehengo Maastricht Itunaren (eta oraingo Amsterdamgo Akordioa) estutasun finantzarioak mugatzen du europar estatuen zorra eta sistema fiskala kudeatzeko. Izan ere, europar estatuetako gobernuen ahalmena mugatuta dago erabat. Horixe izan da monetaristen garaipena.

Arriskuan dago Europaren independentzia finantzarioa, zeren, kreditu sistemak gobernuarekiko zorrean oinarritzen diren moduan, diru sistema globala nazio bakar baten zorrean baitatza, AEBetako gobernuaren zorrean. Munduko banku zentralek beren erreserbak AEBetako Altxor Publikoko titulu gisa edukitzen dituzte, hau da, AEBetako gobernuari luzaturiko maileguak. Horrek AEBei aukera ematen die beren hiritarrei zergak jaisteko, atzerritarrei ondorioztatutako defizitak finantzatzeko behartzen dien bitartean.

Gaur egungo AEBetako Altxor Publikoko titulu estandarraren azpian, mundu mailako kudeaketa global finantzarioa zentralizatuta dago gobernu nazional baten esku, AEBetako gobernuaren esku, hain zuzen ere.

Aipatu bezala, euroa gero eta gehiago erabiltzen da mundu mailan. Baina kontua da ea zer egiten den EBko banku zentralari eskatzen zaizkion euro horiekin, nola eta zertan erabiltzen diren. Euroa eskatua da nonahi. Euroa erabilia da hainbat lekutan. Baina arazoa ez da hor bukatzen. Euro horien ibilbideari jarraitu behar zaio, jakiteko zer gertatzen den, non bukatzen diren. (Kasurako, petrolioaren prezioa moneta batean zein beste batean azaltzea ez da funtsezkoa. Moneta horiek, elkarren artean, gora eta behera joango dira merkatu indarren arabera, gehien batez espekulazioaren arabera.)

Non bukatzen dute euro horiek? Esan bezala, europar banku zentralak (munduko beste banku zentral guztiek bezalaxe) bere erreserbak AEBetako Altxor Publikoko titulu gisa edukitzen ditu.

EBk patu hori alboratzeko beharrezkoa da haren banku zentralak (edo europar estatuetako banku zentralek) erreserbak edukitzea: erreserbak AEBetako Altxor Publikoko bonoak edo tituluak ez diren eta Nazioarteko Diru Funtsaren Special Drawing Rights direlako titulu horietan inbertituak ez diren medio batean.

EBk AEBkoen ildoari jarrai diezaioke ordainketa balantzaren defizita inolako mugarik gabe edukiz, zeinetan beste herrialde batzuek beren nazioarteko diru erreserbak gordeko lituzketen.

Kontua da, politika independente horren kontra, europar banku zentrala eratzeko baldintza gogor bat egon dela, monetaristen baldintza sendoa, alegia, ordainketa balantza defizita oso mugatua edukitzea (AEBek inondik inora betetzen ez duten baldintza gogorra).

Hudson-en hitzetan (e-mailetan), “Gutako batzuek luzaro argudiatu dugu ezen dolarrari alternatiba bat ematea ez dela izango beharrezkoa, eta politikoki bideragarria harik eta Europak eta Asiak ibilgailu alternatibo bat garatu arte, non ez dolarretan izendatutako aktiboak eduki baitaitezke. Euroaren kasuan, Washington Akordioko administratzaileek horrelako alternatiba blokeatu dute europar aurrekontu defizitei aurre eginez eta kredituaren Altxor Publikoaren kreditu eraketa eragotziz amerikarren aldeko egoera hartuz. (…) Diruaren eta kredituren kontzeptua [aldatu] arte ez diot ikusten inolako mehatxurik dolarrari”.

Are gehiago, “AEBetako ikuspuntua hauxe da, alegia, atzerritar banku zentralei beren zorrak ez dizkietela inoiz pagatu nahi. Nire Global Fracture liburua denbora hartan [1978an] egindako zenbait proposamenekin aritzen da. AEBek ez daukate inolako nahirik atzerritar herrialdeei ahalbideratzea beren dolarrekin ezer ez egitea. AEBei dagokienez, ibilbide librea lortzen ari dira».

AEBek nazioarteko finantza sistema goitik behera aldatu dute. EBk, benetako independentzia lortzearren, dolarra alboratu behar du, eta bere finantza sistema eraiki. Baina, jakina denez, EBko herrialdeetan banku zentralak dira nagusi, ez Altxor Publikoak. Banku zentralek beren merkataritza bankuen eta finantza sektoreen alde lan egiten dute, ez nazio interesen alde. Okerrago oraindik, esan bezala, europar banku zentralak kide diren europar gobernuen defizitak murriztu ditu erabat. Horrek esan nahi du EBk ez daukala nahikoa zorra euroa atzerritar erreserben ibilgailu gisa erabiltzeko. AEBek, aldiz, aurrekontu defizita eta ordainketa balantzako defizita, biak, jasaten dituzte, dolarra nazioarteko de facto-ko diru bilakatuz. (Gainera dolarra militarki sostengatutako dirua da, hots, politikoki sustengaturikoa. Argi: boterea da kontua ekonomian.)

Hudson-ek dioenez (e-mailetan), “euroa ez da oraindik benetako diru politikoa, dolarra den mailakoa”. Eta horixe da haren etorkizunaren gakoa. Izan ere, AEBetan Altxor Publikoa da nagusi, gobernatzen duena; EBn, aldiz, banku zentrala da nagusi.

Monetaristen mezuen aurka, EBk ordainketa balantzako defizita behar du beste herrialdeek defizit horretan beren nazioarteko diru erreserbak gordetzearren.

Euroaren etorkizuna? Benetako diru politiko bihurtzea. Bitartean jai, hots, AEBak nagusi. Hudson-ek globalizaioaren aurka haustura globala proposatzen du[6].

3. Euskal Herria globalizazioan

Eta barrura begira, zer esan daiteke[7] Euskal Herriko ekonomiaz[8]?

Euskal Herria txikia da, natur baliabideak eskasak, petroliorik gabekoa, ekonomia oso irekia beraz. Baina daukagun altxorra lan-indarra da. Lan-indarra era zabalean hartuta, hasi langile, nekazari, arrantzaleekin eta bukatu enpresa txikiko eta ertaineko enpresariekin. Horixe da gure altxorra. Hori da zaindu behar duguna.

Hudsonek erakutsi duenez, finantza-kapitalismoak lan-indarra eta kapital industriala, biak, ustiatzen ditu[9].

Beste aldetik, ekonomia nazionala ere erabat aldatu da, FIRE sektorea da nagusi, eta sektore espekulatibo horrek dena baldintzatzen du.(Gaingiroki bada ere, hona hemen aldaketa sakon hori ikertzeko zenbait zantzu[10].)

Hortaz, Euskal Herriko bi sektore garrantzitsuak, hots, lan-indarra eta kapital industriala babestu beharra dago: horiek biak zaindu eta babestu behar ditugu, segurantza soziala[11] bermatuz, zerga progresiboak[12] bultzatuz eta ustiatzaileei[13] trabak, eta zergak jarriz. Benetako ekonomia industrialari kredituak[14] luzatu behar zaizkio. Kreditu-ekonomia[15] da funtsa: inbertsio zuzena, eta, enpresari berrien eta langileriaren arteko itun estrategikoa bilatuz. Horien arteko akordio edo itun estrategiko[16] bat proposatu behar da.

4. Euskal Herriaren independentzia

Aspaldian Europar Batasunean sartu gintuzten, inolako kontsultarik gabe. Gure etorkizuna Europa horretan gertatzen denari lotu behar diogu, onerako eta txarrerako.

Ez da nahikoa euskal Banku Zentral batek euroa jaulkitzea. Euroa benetako diru politiko bihurtzea bultzatu behar dugu. Beraz, Europar Batasunean eta Euskal Herrian Altxor Publikoa izan behar da nagusi.

Ekonomia nazionalean aurreko atalean aipaturiko aldaketa sakon horietan eta soilik horietan datza Euskal Herriaren errepublika independentearen subiranotasun ekonomikoa eta monetarioa. Etorkizuna irekita dago. Lot gakizkion lanari.


[7] Ikus https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/puntu-berriak-bertsolaritza-berrirako. Balediko Euskal Herri independentean, Euskal Banku Zentralak (BZ) euroak jaulkiko ditu, frantziar, espainiar zein alemaniar BZek egiten duten bezala. (Jakina datekeenez, ‘baledi’ potentziala da; ‘balitz’ irreala.)  Euskal Banku Zentralari buruz, ikus  http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2005-09 06&orria=006&kont=016. Baina,  nahiko ote da euskal BZ edukitzea, ekonomian independentea izateko?

(2016an gehitutakoa: ikus 2004an BERRIAn argitaratua: Euskoak, euroak eta abar…, https://es.scribd.com/doc/256157796/Euskoak-euroak-eta-abar)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude