Finantza-kapitalismoa versus kapitalismo industriala

Egungo ekonomia motak zerikusi gutxi du ikasliburuetan azaltzen denarekin. Oraingo arazoak oso ezberdinak dira marxistek eta beste kritikari batzuek aspaldi salatutakoengandik. Egun, kapital industriala eta lan-indarra, biak, kapitalismo industrialaren aurka finantza-kapitalismo berriak daraman etengabeko erasoaren menpe daude.

Marxek uste zuen kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela. Aldiz, gaur egungo arazorik handiena finantza arloan dago: ekonomiaren zor globala arinago hazi da ekonomia ‘errealak’ zor hori eramateko daukan gaitasuna baino.  (‘Zor-kutsaduraz’ hitz egin daiteke, zeren zorrak ingurune ekonomikoa erabat kutsatu baitu.)

Langile gehienentzat alokairuak beherantz joan dira. Bien bitartean, gastu militarra ez da gutxitu, eta munduan zehar Gobernuek bide berri bat topatu dute aurrekontu defizitak orekatzeko: aberatsei zergak murriztea. (Zergak lan-indarraren gainean jarri dira, baita kontsumitzaileengan ere balio-eranskinen zergen bidez, eta segurtasun sozialaren zerga-zamaren bitartez.)Indar finantzarioek murriztu dute lan-indarrak eta kapitalak operatutako gune ekonomikoa. Kapitalismo industriala ordezkatu du finantza-kapitalismoak.

Hona hemen egungo rentier kapitalismoaren ezaugarri nagusiak[1]:

1. Higiezin erreal eta burtsa-merkatuko kapital irabaziak eskuratu nahi izatea. Kapitalismo industrial zaharrak mozkinak bilatu zituen bitartean, finantza-kapitalismo berriak kapital irabaziak bilatzen ditu, lur-prezio handiago moduan eta errenta daramaten beste aktiboen prezio eran.

Industria kapitalista zaharrek lantegiak eraikiz eta soldatapeko lan-indarra enplegatzeko kapital ekipamenduan inbertituz lortzen zituzten mozkinak. Kapitalista zahar horiek beren eredua eskulanean aurkitu zuten bitartean, rentier kapitalismo berria FIRE sektorean zentratu da. Helburu berria ekonomiaren aurrezkiak higiezin errealean eta burtsa-merkatuan birziklatzea da, lur- eta ekitate-prezioak altxatzearren, ez aktibo berriak sortzearren. Burtsa-merkatuan, kapital irabaziak lan-indarra murriztuz eta produkzioa gutxituz lortzen dira.

2. Aktibo-prezioko inflazioa vs. salgai-prezioko inflazioa eta alokairu-inflazioa. AEBetan alokairu-tasak gutxitu dira, beste herrialdeetan moneta-depreziazioak soldata-tasak jaten dituen bitartean. Analisi monetario keynestarrak mozkin-inflazioa eta alokairu-inflazioa (eta ondorioz, salgai-prezioko inflazioa) bereizten zituen. Ez zegoen aktibo-prezioko inflazioaren inongo analisirik.

3. Pentsio-fondoak mobilizatzea burtsa-merkatuko prezioak altxatzearren. Marxen arabera, kapital industrial zaharrean mozkina soldatapeko lan-indarraren enplegutik etortzen zen, berak ustiaketa definituz. (Kapitalistak bere mozkina lortu zuen lan-indarraren produktuak salduz, berari lan-indarra kostatu zitzaion baino prezio handiagoan.)  Finantza-kapitalismo modernoak lan-indarra ustiatzeko bide berria aurkitu du, pentsio-fondoak, aseguru soziala eta beste erretiro fondoak mobilizatuz, burtsa-merkatu, bono- eta higiezin errealeko prezioak altxatzeko. Bitartean gero eta soldata-errenta gehiago erabiltzen da zor pertsonalen interesak ordaintzeko.

Kapitalismo industrialaren menpe, aurrezkiak batez ere rentier aberatsen bidez metatzen ziren. Haiek beren higiezin errealak, trust fondoak eta beste aktiboak herentzia bidez lortzen baitzituzten. Egungo finantza-kapitalismoaren menpe, lan-indarraren aurrezkiak (pentsio-fondoak eta segurtasun soziala direla medio) hazi egin dira bono-eta burtsa-merkatuetan rol nagusia jokatzeko.

4. Aurrekontu publikoaren defizitak finantza-gerra berrian du iturria, ez gerra militarrean. Kapitalismo zaharrean ia zor nazional guztiek gerretan zuten iturria. Egungo defizitak aberatsei zergak murriztean du iturria, bereziki higiezin erreal, sektore finantzario eta aseguru sektorean egindako zerga murrizketetan.

5. Rentier kapitalismoaren balio libreko ekonomia. Gaurko ekonomiak lurra, produkzio-faktore gisa, baztertu egiten du. Finantza-kapitalismo berriak erretorika indibidualista erabiltzen du Gobernuen kontrola erosten duen bitartean: Gobernuak ere erabiltzen dira hitza betetzen ez duten zordunei maileguak emateko, beren kreditudunek ordain dezaten, eta aktibodunei finantza-aktiboen segurtasuna bermatzeko.

Marxek ikusi zuen moduan, kapitalismo industrialak langileen eta enplegatuen arteko klase-borroka zuen ezaugarri nagusi. Baina gaur egungo finantza-kapitalismoak kapital industriala eta lan-indarra, biak, ustiatzen ditu.

6. Lan-indar produktiboa, ez-produktiboa eta inbertsioa. Lehengo kapitalismoan lan-indarra industrian, nekazaritzan, garraioan eta energia-produkzioan enplegatzen zen (ekonomialari klasikoek ‘lan produktiboan’ deitzen zuten arloan). Egun enplegu ia guztia gobernu mota ezberdinetan, FIRE sektorean eta azken horri dagozkion zerbitzuetan (legegintzan, kasu) kokatzen da. Lan-indar eta kreditu produktiboa eta ez-produktiboa bereiziz, ekonomialari klasikoek azken enplegu mota ez-produktibotzat hartzen zuten. Gaur egun, aldiz, gizarte ‘post-industrialean’ enplegu hori ongietorria da laguntzaile modura. Egun, finantza-kapitalismoak lan-indar, inbertsio eta zor guztiak ontzat hartzen ditu, begiratu gabe nola dauden enplegatuta. Hortaz, badirudi ez dagoela inolako jarduera ekonomiko ez-produktiborik edo parasitorik.

7. Industria eta kontsumitzaileak zergatzea, eta rentier-en etekinak ez-zergatzea. Kapital industrialaren menpe, zergak lurrean eta jabego errealean jartzen ziren. Baina finantza-kapitalismoak zergak mugitzen ditu FIRE sektoreko irabazietatik lan-indarrera eta industriara. Halaber, zergak kontsumitzaileengan jartzen dira erosketen bidez eta balio erantsien gaineko zergen bidez; ez dira jartzen errentan eta aberastasunean.

8. Oreka ekonomia versus ekonomiaren zor globalaren hazkunde esponentziala. Finantza-krisien oinarrizko ereduaren arabera, zor-joerak esponentzialki hazten ziren muga bat lortu arte. Zor-zerbitzuko obligazioak bete ezin zirenean, kreditua suntsitzen zen eta sistema ekonomikoa behera etortzen zen krak batean. Aldiz, teoria modernoak dioenez, baldin eta ekonomiak nahasten badira, orekatzaile automatikoek ekonomiak oreka-egoera batera itzuliko dituzte.

Aspaldian, zorra zen arazo, hots, zorrek esponentzialki hazteko joera zuten, ordaintzeko ekonomiaren gaitasuna gaindituz. Egungo ekonomia-zientziak ekonomia ukigarri ‘errealari’ begiratuz, zor-arazoa ‘kanpokotasun’ arloan jartzen du. Hortaz, zer egin behar da? Nola birmoldatu daiteke ekonomia zor-arriskutik aske izateko?

Kapitalismo industrialaren ondorio txarrak ezagunak dira: inguruaren kutsadura, industria-istripuak, atsekabe sozialak, … Gaur egun, autonomo bihurturik, zor-poluzioa dei daitekeena politika nazionalaz eta globalaz jabetu da:

Nazioarte mailan, moneta-depreziazioa jasotzen duten herrialdeetan zorraren dolarizazioa ikusten da. Dolarra da nagusia nonahi. Zenbat eta herrialde horien moneten gaineko presio handiagoa izan (eta zenbat eta monetak gehiago depreziatu) orduan eta handiago bilakatzen da dolarizaturiko zor-zama.

Maila nazionalean, higiezin erreala eta burtsa-merkatua finantzatzeko, aurrezkien birziklapena inoiz gertatu ez den fenomeno berria da. Ondorioa zorrak bultzaturiko deflazioa da, hots, ekonomia ‘erreala’ suntsitzea.

FIRE ekonomiak ekonomia ‘erreala’ ez suntsitzeko, neurri bereziak hartu behar dira nonahi. Berriz ere, inbertsio produktiboak eta ez-produktiboak bereizten hasi behar dugu. Ez dago beste erremediorik. Inbertsio produktiboan kapital industrialak eta lan-indarrak itun estrategikoren batera heldu behar dute. Horra sindikalgintza abertzalearentzat erronka.


[1] Michael Hudson, http://www.othercanon.org/uploads/Michael%20Hudson%20Financial%20Capitalism%20v.%20Industrial%20Capitalism.doc

Iruzkinak (3)

  • joseba felix tobar-arbulu says:

    Ezezagun hori(ek),
    Zientzia arloan, hemen eta nonahi, kritikak, iruzkinak eta eztabaidak onartuak eta beharrezkoak dira.
    Baldintza bakarra hauxe da: norberaren izkribuaren atzean izena jartzea.
    Adeitasunez, begirunez eta are heziketaz, hori ere oso normala da edozein komunikazio-arlotan
    Ez zara (zarete) bakarra(k) izena(k) ezkutatzen. Zer dela eta joera koldar hori? Entzun al duzu(e) inoiz deontologia hitza?
    joseba

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude