Finantza inperialismo berria

Kapitalismoak bide luzea egin du, lehengo kapitalismo industriala erabat aldatuz[1]. 1980an kanpo-zorraren fenomenoa azaldu zen mundu mailan, kapital finantzario pribatua nagusi bilakatu zen, eta kapital finantzario hori espekulatzaile bihurtu zen erabat. Dena, edo ia dena zeharkatu du kapital finantzario pribatuak. Bera da nagusi, bera da agintzen duena, bera da ikertu behar dena. Berari aurre egin behar zaio.

Baina kapitalismoa ez da hor geratu. Izan ere, ezagutu zen kapital finantzario pribatuaren rola labur samarra gelditu baita. Ikus dezagun.

Lehen Mundu Gerra igaro eta gero, Erresuma Batua zen estatu aberatsena eta haren menpe zegoen inperioa izandakoa merkaturik zabalena, non trukeetarako libra esterlina nagusi baitzen. Hauxe izan zen XIX. mendetik libra esterlinaren egoera, bera urrearen ordezkoa onartua zenean eta Erresuma Batuaren ordainketa-balantza normalean superabitean zegoen haren lidergo industrial eta finantzarioaren ondorio gisa.

Alderantziz gertatzen da gaur egunean AEBekin. Bigarren Mundu Gerlaz geroztik azaldutako AEBen inguruko interdependentzia ez da simetrikoa. Amerikar diplomatikoek segurtatu zuten beren barneko eta atzerritarreko politiketarako ahalik eta autonomiarik gehien, AEBetako ekonomiaren gaineko atzerritar eraginik baztertuz.

Izan ere, AEBetako diplomatikoak gai izan dira Europa, Asia eta Hirugarren Mundua -baita 1991tik Sobiet Batasun ohia ere- konbentzitzeko haien ekonomiak berrorientatu ditzaten, hots, ordainketa-superabitetatik ordainketa-defizitetara igarotzeko ahalbidetzea.

Nola izan dira gai AEBak helburu hori lortzeko? Quid pro quo izan beharrean, quid quo barik eskuratu dute, alegia, zerbait ezerezaren truke: subsidio aske bat munduko ordainketa-superabiteko herrialdeetatik[2].

AEBek adostu zuten Nazio Batuen Erakundean, International Monetary Fund delakoan eta Mundu Bankuan sartzea Bigarren Mundu Gerraren ondoren baldintza batekin, hots, berari beto ahalmena ematekotan. Horrek ahalbidetu zien beraiei amerikar interesen alde egon zitekeen edozein politika blokeatzeko.

1971n baino lehenago, banku zentralak gai ziren beren nazioarteko erreserbak metatzeko soilik AEBetako Altxor Publikoko tituluak erosiz, hau da, AEBetako gobernua atzerritar gobernuekiko zorretan sartuz. 1971n AEBek formalki dolar eta urrearen arteko lotura moztu zuten. 1945ean onartutako nazioarteko hartzekodunen finantza arauei lotu barik, AEBek beren zordun egoera erabili zuten atzerritar onura fiskal eta ondasun gehiago metatzeko, beraiek hartzekodun herrialde gisa lortu ahalko zuketen baino. Europar eta asiar banku zentralak bortxatu zituen ia kreditu automatikoak luzatzeko, AEBetako Altxor Publikoko titulu-estandarraren bidez, Hirugarren Munduko herrialdeen aurrean eta Comecon delako herrialdeen aitzinean hartzekodun modura agertzen zuten bitartean.

Europa, Asia eta ordainketa-balantzako superabitduneko beste erregioak dilema baten aurrean aurkitu ziren. Baldin eta beraiek uko egin bazioten soberako dolarrak jasotzeari eta dolar horiek AEBetako Altxor Publikora birziklatzeari, dolarra depreziatuko zen.

Banku zentralak bortxatuak direnean beren nazioarteko erreserbei dolarrak gehitzeko, horrek baliabideen kopuru baliokidea transferitzen du beraien hiritarrengandik AEBetako ordainketa-defizita finantzatzeko eta, horrekin batera, AEBen beraien aurrekontu federalaren defizita. 1970eko hamarkadaren hasieran urteko 10×109 dolar izan zen bitartean, AEBetako atzerritar merkataritza eta ordainketak urteko 150×109 kopururaino iritsi zen 1980ko hamarkadaren bukaeran eta kopuru horren bikoitza XX. mendearen bukaeran (2000. urtean 500×109 dolar izan zen).

AEBak gai dira bilioietan kontatzen diren merkataritza eta ordainketa-defizitak eramateko, gainerako mundutik inongo protestarik barik. Banku zentralek ez dituzte gehiagorik beren dolarreko fluxuak urrerako trukatu. Aipatutako defizita munduko sistema ekonomikoan metatu da. Orain arte, inongo herrialderik ez da izan gai nazioarteko finantza-ekonomiaren arau klasikoak alderantziz jartzeko. AEBek lortu dute.

Baldin eta horrelako defizit erraldoiek ez badituzte 1973an ezagutu zen krisia bezalakoak sorrarazten, arrazoia hauxe da, alegia, Europako, Japoniako, OPEC delako herrialdeetako eta beste dolar-metatzaile batzuk diren herrialdeetako banku zentralek amore eman dutelako, inperialismo monetario gisa defini daitekeen sistema berrian. Super inperialismo berri horretarako ibilgailua ez dira nazioarteko enpresa pribatuak edo kapital finantzario pribatua, banku zentralak baizik.

AEBak beren dolar-blokeko aliatuen baliabideaz baliatu dira, baina hori lortu dute ez hartzekodun klasikoaren modura, zor-zerbitzua kenduz, edo beren nazioarteko enpresen bidez edo beren inbertsio-jardueraz, ezta beren esportazio lehiakortasunaren eta lehia askeren bitartez ere, baizik eta banku zentralak, Nazioarteko Diru-Fondoa delakoa eta Mundu-Bankua eta beren mailegu-emaileak diren erakunde kideak erabiliz AEBetako Altxor Publikoari mailegu bortxatuak hornitzearren.

Joko horrek ahalbidetu die AEBei mundua dolarrez hornitzea inolako mugarik gabe, atzerritar enpresak, baliabideak, ondasunak eta zerbitzuak eskuratuz ezerezaren truke, ez bada erabat zalantzazko baliokoak diren Altxor Publikoaren IOU delakoen truke. Laburbilduz, AEBak gai dira gobernatzeko ez haien mundu-hartzekodun egoeraren bidez, mundu-zordun egoeraren bitartez baizik. Haien zordun-egoera ahultasunaren elementua izan barik, AEBetako itxurazko ahultasuna mundu-sistema monetario eta finantzario bilakatu da.

Sistema hori aldatzeak, AEBen kontrakoa den moduan, AEBei sistemaren hartzekodunak irauliko dizkie. Europan eta Asian etendura horretaz oso hedatuta dagoen izuak ahalbidetu die AEBei mundu ekonomia menperatzeko, Erresuma Batuak XIX. mendean erabili zuen alderantziko prozesuaren bidez.

Baldin eta AEBek mundu-bankaria izaten jarraitzen badute Altxor Publikoaren bidez, alegia, nazioarteko finantzaren bono estandarren bitartez, horrela izango da herrialde zordun gisa, ez hartzekodun modura eta beraien bankugintza-egoera berme ukigarrian oinarrituz. (Egun atzerritar banku zentralek AEBetako Altxor Publikoko tituluetan 1012 dolar baino gehiago dauzkate.)

Europak eta Asiak dolar-estandarra beren moneta-sistemarekin ordezkatuko ez duten artean, eta beren autosufizientzia lortzeko, bitarteko urrats gisa, merkataritza eta inbertsio-gerlaren arriskua onartu nahi duten bitartean, AEBetako ekonomiak ez du izango inongo arazorik sentitzeko berak bere baliabideen barruan bizi behar duela.

Izan ere, beste herrialde horietako superabit ekonomikoa AEBei transferitua zaie bi modutara: (a) herrialde zordunetatik interes eta dibidenduetan edo (b) herrialde hartzekodunetatik AEBetako Altxor Publikoari banku zentraleko maileguetan. Argi dagoenez, ezaguna zen mundu ekonomikoa buruz behera irauli da.

Egun euroak nonahi eskatzen eta erabiltzen dira. Baina euroak ez du egin beharrezko urratsa alternatiba izateko, zeren bera ez da oraindik benetako moneta politikoa, dolarra den modukoa. Are garrantzitsuagoa, Europan ez dago egiazko nahi politikoa bide alternatiboa martxan jartzeko, ezta Asian ere. Soilik AEBek nahia erakutsi dute nazioarteko egitura globalak sortzeko eta beraiek birmoldatzeko nahierara, beren beharrizan finantzarioak betetzearren, hiper-hartzekodun izatetik hiper-zordun izatera aldaketarekin azaldu diren behar berrien heinean.


[1] Unai eta Karmeleri eskerrak emanez, eta gai hau Unairen galderetan ukitua izan delako, hona hemen beste artikulu txiki bat.

[2] Ikus Hudson (2003), Super Imperialism. The Origin and Fundamentals of U.S. World Dominance.

Iruzkinak (6)

  • Unai del Burgo says:

    Joseba,
    nire formakuntza osoa enpresaren
    ekonomiaren inguruan burutu dut. Ondorioz, ekonomiaren “kontzeptu
    globalak”
    berriegiak dira niretzat (makro madarikatua!). Eskerrak blogek eta WEB
    2.0ren filosofiak partehartze zuzena ahalbideratzen dutela. Bi galdera
    prestatu dizkizut:

    1. “Banku zentralak bortxatuak direnean beren nazioarteko erreserbei
    dolarrak gehitzeko, horrek baliabideen kopuru baliokidea transferitzen du
    beraien hiritarrengandik AEBetako ordainketa-defizita finantzatzeko eta,
    horrekin batera, AEBen beraien aurrekontu federalaren defizita
    ”. Zure
    planteamenduak askotan hiritar arrunteengandik urrun xamar gelditzen direla
    iruditzen zait (makro madarikatua! garrantzitsua baina aldi berean ulergaitza).
    Hala ere, oraingoan “hiritar” hitza aipatu duzu. Zehaztu ditzakezu AEBetako tituluen erosketak Europar Batasuneko
    euskaldunoi sortarazten dizkigun ondorio negatiboak?

    2. Dolar “sistema
    aldatzeak, AEBen kontrakoa den moduan, AEBei sistemaren hartzekodunak irauliko
    dizkie. Europan eta Asian etendura horretaz oso hedatua dagoen izuak
    ahalbideratu die AEBei mundu ekonomia menperatzeko
    ”. Zein ondorio izando lituzke dolar sistemaren hausturak Euskal Herriko
    hiritarrentzat?

     Eskerrik asko Joseba!

  • Aupa, Unai

    Hona zure galderei erantzunak[1]:

    (1) Euskal Herriak ez dauka Banku Zentralik (BZ)[2]. Euskal Herriak espainiar edo/eta frantziar BZren bidez AEBetako Altxor bonuak erosterakoan, Europar Batasuna ez delako gai euroa erreserba-moneta gisa jaulkitzeko, paper hutsak erosten ditu benetako ondasun eta zerbitzuen truke. Ez dago inolako quid pro quo delakoa[3]. Negozioa apartekoa da: Hudson-ek aipatzen duen ‘free lunch’ baten aurrean gaude.

    (2) Dolar sistemaren hausturak suposatuko luke Europar BZ euroa benetako erreserba-moneta gisa jaulkitzea. Hortaz, EBk AEBekiko dauzkan IOU (I owe you) delako guztiak gauzatu ahalko lirateke, benetako quid pro quo erabiliz EBren eta AEBren artean. Ondorio gisa, Euskal Herrian dauden espainiar edo/eta frantziar BZren bitartez AEBetako Altxor bonuak gauzatuko lirateke[4].

    [1]  Aurretik zertxobait gehiago idatzi dut, baina nire erantzuna luzea delakoan, ezin jarri blogean. Hortaz, artikulu berri bat balitz bezala beste sarrera bat idatziko dut blogean: Puntu berriak bertsolaritza berrirako.

    [2] Arazo horri erantzuna beste leku batean eman diot, ikus http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2005-09-06&orria=006&kont=016.

    [3] Ikus https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/finantza-inperialismo-berria eta https://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/euroaren-etorkizuna-altxor-publikoak-eta-banku-zentralak.

    [4] Oharra. Laster Letoniako kasua aipatuko dut blog honetan. Horrela ikusiko dukegu zer-nolako arazoak izan dituen Letoniak euroa onartzeko, eta zer nolako politika independentea lor zezakeen bere moneta propioa erabiliz kredituak luzatzerakoan.

  • Galdera bi horiek egin nizkizunean, nire zalantza uste baino sakonagoa zela konturatu nintzen. Arazoa da banku zentralen funtzionamendua eta horrek egunerokotasunea izan ditzakeen ondorioak ez ditudala behar bezala ezagutzen. Eta horri lotuta, beste zalantza batzuk sortzen zaizkit: zelan gauzatzen dituzte EBetako BZek AEBetako altxor bonuak? zer esan nahi du horrek? Eta gauzatze horrek zelako eraginak izango lituzke EHko ekonomian (enpresetan, kontsumitzaileetan…)?Zalantza gehiegi blog baterako. Uste dut makroekonomiako klase “urgente” batzuk behar ditudala. Aukera aproposa zu hemen bertan izatea, Joseba. Eskerrik asko nigaz hartzen ari zaren lanagatik!

  • Unai,

    Erantzunak beste leku batean idatzi ditut. Ikus Puntu berriak bertsolaritza berrirako delako atalean.  (Desastre hutsa naiz!)

    Ez adiorik

  • beste joseba bat says:

    Kaixo Joseba,

    super zordun bihurtu den inperialismo baten aurrean gaude, bistan da. Free lunch itzela AEBentzat, munduan diru gisa onartzen den zor hori jaulkitzeko makina eskuratu dutelako. Kontua da:

    – ez al dute beste herrialde guztiek, menpekotasunez, hori eragin ?

    – Arabiar Emirerri Batuek, Iranek… pixkanaka euroa hartu nahi dute erreserba txanpon bezala. AEBetako dolarretan duten dirutza dibertsifikatu beharra ikusten dute.

    – zorrak zor, zergatik dago eskari handiagoa merkatuan AEBetako bonoena, beste zenbait herrialderena baino ? EBZk urrea eta dolarra erabiltzen ditu erreserbetarako. Baina sendotasunik irabaziko ote luke yena, mexikar pesoa edo tailandiako bath mordoa (edo herrialde horietako zor publiko nahiz pribatua) pilatuz ?

    Kontua da free lunch hori besteok ematen ari gatzaizkiola AEBei. Gainera, hiper zordunarekiko menpekotasuna ere sortu zaie Txina bezalako hiper hartzekodunei, mailegatzearen mailegatzez. Baina hori noren arazoa da ? nork eragina ? ez al duzu uste mugaren bat edukiko duela ?

    Espainiako zor publikoak, egun, Alemania, Frantzia eta Italiakoak baino prezio handiagoak ditu (interes tasa apalagoak). Nork pentsatuko zuen horrelakorik duela 15 urte ?

    Dolarra airera bota duten harri bat bihurtu dela uste dut eta, logikak dio, momenturen batean lurrera jausiko dela, motel edo bortitzago, baina beti ere beste guztiek harri horri eusteko aparteko borondaterik erakusten ez badute. Euroaren bizi laburrean, dolarra 0,80an ezagutu dugu eta orain 1,3an dago. Ez ote du dolar erosleengan horrek zer pentsatua emango ?

    Ni baiezkoan nago. Denbora kontua da eta finantza inperio hori ere, jausiko da. Banku Zentralak orok ikusiko du dolar gehitxo dituela, momenturen batean. Orduan zer ? Dibertsifikazioa. Inori ez zaio dolarraren amiltzea komeni, baina pixkanaka ahultzen joatea agian bai… Ahultze horren ondoriozko galerak nola banatuko diren, hor dago koxka.

    (Berriako artikuluak arretaz eta interes handiz irakurtzen ditut. agian ortodoxiaren betaurrekoak kendu ezinik nabil. Baina inozokeriak esan baditut, ez da inozoa izateari utzi nahi ez diodalako, joseba).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude