Puntu berriak bertsolaritza berrirako

Lehendabizi utz iezadazue[1] puntuak ongi zehaztea, bertsolaritza berri honetan. “We agree to disagree” dio ingelesezko esaldi ospetsuak, hots, euskara arruntean: “ados gaude ez gaudela ados”.

Hiritar ‘arrunt’ askoren aurrean, ekonomia ‘akademikoaz’ ezer ez dakiten euskal hiritar anitzen aitzinean, hamaika hitzalditxo eman ditut azken bolada honetan. Jende ‘arrunt’ horiek ez dute izan inongo arazorik hitzaldiaren muina jasotzeko, ulertzeko, eta hainbat galdera horretaz egiteko. Aldiz, ekonomialari ez-arruntak ez dira gai beren eskematxoetatik irteteko, beren ortodoxia sinpletik urrats soil bat emateko, bizi duten ekonomia erabat irrealetik (hau da, ekonomia errealetik erabat urrun dagoen sasi-ekonomiatik) benetako ekonomiara igarotzea. (Gaur egungo benetako ekonomian finantzak aparteko eragina dauka. Izan ere FIRE[2] sektoreak hankaz gora jarri ditu ohiko ekonomia industriala, testu liburuetan azaltzen den ekonomia mota hura.)

Hona hemen, tesi moduan, zenbait puntu ‘abstraktu’, pixkanaka hemen bertan ukitu eta ukituko ditugunak. Puntuok hainbat gairen funtsa besterik ez dira:

a)     FIRE delakoaren garrantzia[3].

b)     Makroekonomia da nagusi gaur egungo munduan. Mikroekonomiatik makroekonomiara igarotzea (“agregatuen” bidez) ezinezkoa da.

c)     Mikroekonomiak garrantzia dauka kreditu-ekonomian. (Inbertsio produktiboa eta ez-produktiboa bereiziz eta zergapetzean dauden ezaugarriak, lehentasunak eta irizpideak kontuan hartuz.)

d)     Ortodoxian monetarismoa da nagusi (Milton Friedman-en ildotik sortua eta erabat hedatua dena, baita gure Euskal Herrian ere.)

e)     Ortodoxian bertan agertzen diren irtenbideak, kasu neokeynesianismorik ‘hoberena’ (Samuelson, Tobin, eta abarrena), ilusio hutsak dira.

f)     Euskal Herrian lekutan gaude gaur egungo benetako ekonomia aztertzerakoan: agintariak, politikariak, ekonomialariak eta, oro har, mundu akademikoa pozik bizi dira europar paradisu honetan.

g)     Nahiz eta independentzia nonahi aldarrikatu, ez dakigu zer suposatzen duen horrek arlo ekonomiko eta monetarioan.

h)     Okerrago oraindik ‘sozialismoa’ aipatzen denean, badirudi batzuk oraindik XIX. mendean bizi direla. Pozik?

i)     Euskara eta ingelesa dira gure hizkuntza nagusiak Euskal Unibertsitatea bultzatu eta martxan jarri nahi dugunon artean. Euskal unibertsitario ‘arruntek’ bi hizkuntza horiek erabili behar dituzte[4].

z) Jende arrunta izango da Euskal Herriaren etorkizunaren jabe, baita arlo ekonomikoan ere.


[1]  Unairi erantzunak ematerakoan luzeegia bide zen nire idazkia. Unaik dioenez, “Zure planteamenduak askotan hiritar arruntengandik urrun xamar gelditzen direla iruditzen zait”. Hortaz hona hemen, Unairi erantzunak eman baino lehenago idatzita izan dudana.

[2] FIRE: Finance, Insurance and Real Estate (finantza, aseguruak eta ondasun higiezinak).

[3] Ikus http://www.michael-hudson.com/ —> Articles: —> Saving, asset-price inflation, and debt-induced deflation: (Hauxe da Hudson-en tesi nagusietako bat. Itzuliko naiz gai garrantzitsu honetara.)

[4] Unaik egindako lehen galderari erantzuteko nahikoa da Hudson-en Super Imperialism (2003) delako liburuko sarrera berria (Preface to the second edition) eta 15. kapitulua (Monetary imperialism: the twenty-first century) irakurtzea.  Bigarren galderari erantzuna emateko, nahikoa eta sobera da Hudson-en Global Fracture (2005) liburuko sarrera berria (Preface to the second edition) eta 2. kapitulua (The treasury-bill standard versus the gold standard ) leitzea.

Iruzkinak (4)

  • Joseba, nire azken erantzunak zure haserrea piztu duela ematen du. Hori ez zen nire asmoa. Ezta guxtiago ere. Zure
    planteamenduak askotan hiritar arrunteengandik urrun xamar gelditzen direla aipatu nizun. Nire asmoa ez zen, ez zure lana kritikatzea (zure artikuluen irakurlea naiz eta!) ezta kontzeptu elitistak erabiltzea/ezartzea (“arruntak”). Hori ez da nire estiloa (aupa ni!).Neure burua “hiritar arruntzat” hartzen dut. Egunerokotasunari lotuta bizi naiz (lana, ikasketak, nire Peugheot 205 kotxe zaharra…). “Unibertsitario arrunta” ere banaiz: zenbait gai arrotzak egiten zaizkit eta ez ditut nahi bezain ondo ulertzen. Zalantza ugari sortzen zaizkit. Zeintzuk dira gai horiek? nire egunerokotasunetik pixkat aldentzen diren planteamenduak. Zehazki, makroekonomia egiten zait bereziki ulergaitza. Ulergaitza baina interesgarria aldi berean. Nire ustez, hiritarroi gai makroekonomikoak arrotzak egiten zaizkigu. “Zure planteamenduetaz” aritu naizenean, bai zureak bai beste “makro-ekonomilarien planteamenduaz” aritzen nintzen. Eta bereziki zureak, izan ere zu laguna zaitut (beste makro-ekonomilarien erantzunak ez ditut jasotzen). Makroekonomia madarikatua! ulergaitza eta aldi berean interesgarria. Nire asmoa ez zen “elitismoa” aldarrikatzea. Ezta gutxiago ere! Akaso, nire ezjakintasuna azaleratzea nahi nuen. Eta ezjakintasun hori orokortzea, maila batean behintzat: ziur ni bezalako irakurle asko ditugula.Euskal Unibertsitatean, Euskara ezezik, bestelako hizkuntzak ere erabili behar dira. Ados. Are gehiago, Euskara eta Ingeleraz gain, beste hizkuntza guztiak erabiltzea ere beharrezkoa izango litzateke. Pentsalariaren hizkuntza non, Euskal Unibertsitatea han. Ni behintzat ingelesarekin konformatzen naiz. Nire buruak ez du gehiagorako ematen (oraingoz). Nire ingeles kazkarrarekin zuk proposatutako artikuluak eta lanak irakurtzen ahaleginduko naiz (hala ere, nahiago dut zugandik zuzenean erantzunak jasotzea… errezagoa eta hurbilagoa da). Zeregin horretan makroekonomian ditudan ezagutza murritzek ez didate askorik lagunduko. Hori bai, blog honetan gai horren inguruan asko ikasten ari naiz. Zure lanari esker.”Ados gaude ez gaudela ados”. Ados egon edo ez, galdera gehiago egiten jarraituko dut. Joseba, pazientzia ederra izan beharko duzu nigaz!Besarkada handi bat!

  • Unai,

    Haserre ni? Norekin eta hirekin? Ezta pentsatu ere!!!!!!

    Hartu haut hi, pentsatu dudana botatzeko, besterik ez!

    Barka, hire “erabilpena”.

    Besarkada bat.

    Ez adiorik.

  • Unai, eman ditzagun bi hipotesi desberdin:

    a)  Positiboa da EH osoaren kanpo-ordainketaren balantza, EH superabitduna da.

    b)  Negatiboa da EH osoaren kanpo-ordainketaren balantza, EH zorduna da.

    Lehen kasuan zenbait arotan eta epetan Europan, Txinan, eta Japonian gertatu da. Demagun lehen kasu honetan, EH osoko enpresa asko esportaziorako zuzenduak izan direla. Hortaz, barneko kontsumoa murriztuta egongo da. Beste aldetik EHk benetako produktu eta zerbitzuak ekoiztu ditu, alegia, ondasun ‘ukigarriak’.

    EHren superabit hori dolarretan egongo da, Espainiako zein Frantziako BZen bitartez lorturiko dolarretan, zeren dolarra baita mundu mailako erreserba-monetarik ‘sendoena’, eta hortaz, erabilgarriena.

    Jakina denez, AEBek dolarra jaulkitzeko monopolio osoa eta bakarra dute: beraz, pozik egon daitezke. AEBek ez dute inolako intentziorik beren IOU (“I owe you”) delakoak ordaintzeko. AEB-ek behar dituzte herrialde desberdinen superabitak, azken hauek, beren Altxor Publikoaren bidez, bereganatzeko. Beste alde batetik, Frantziako eta Espainiako BZak soilik defizit konkretu baten inguruan daude eratuak, AEBetan gertatzen ez dena.

    Irakur dezagun Hudson-ek dioena (http://www.counterpunch.org/2003/04/21/an-interview-with-michael-hudson-author-of-super-imperialism/)

    1)         BZri soilik %3ko defizita permititzen zaie, AEBetan defizita mugarik gabekoa den bitartean. Hortaz, Europak eta Asiak beren BZrekiko hasiera faltsua baztertu behar dute eta beren Altxor Publikoetaz fidatu.

    2)         Altxor Publiko nazionalek kreditu sistema bat eratu behar dute eurotan (edo beste moneta batzuetan) oinarritutako bonuekin.

    3)         Krisia egongo da Europak, Asiak (edo beste herrialde batzuek) haustura proposatuko dutenean. AEB-ek esan dute ezin dituztela beren dolar-zorrak ordaindu, eta ez dutela inolako intentziorik hori egiteko.

    4)         Amerikar diplomatikoek esana dute ezin dutela onartu BZren dolarrak erabiltzea, AEBetako korporazioak eta enpresak erostearren.

    5)         Europak eta Asiak AEBetako Altxor Publikoaren defizitaren gehiengoa finantzatu dutenez, AEB-ek zama horretatik aske egon dira.

    6)         Bien bitartean AEBetako aurrekontu federala mugarik gabe handitu da, hain zuzen ere, kanpo-ordainketaren balantzaren defizita dela-eta[1]. Zenbat eta handiagoa izan kanpo-ordainketa balantzaren defizita, orduan eta dolar gehiago joaten dira atzerritar BZetara, birziklatuak izateko AEBetako Altxor bonuetan.

    7)         AEBetako gobernuaren defizita –baita Irak-en egondako gastu militarra ere- atzerritar gobernuek finantzatzen dute. Honek jarraituko du harik eta atzerritar herrialdeek sistema horrekin hautsi arte[2].

    8)         Gaur egungo ustiaketarik handiena gobernuen artean gertatzen da. AEB-ek gainontzeko mundua ustiatzen dute atzerritar BZen bidez, dolarrak metatuz.

    Bigarren kasua, hau da, EH zorduna izatea, are okerragoa izango litzateke. Kredituak eskatu beharko lirateke, eta gero kreditu horiek atzera ordaindu beharko lirateke (kapitala eta interesak), agian esportazioen bidez. Hortaz, lehengo kasua errepikatuko litzateke, gehi kredituaren ordainketak: egoera txarragoa, argi dagoenez.

    Laburbilduz, aparteko sistema eratu dute AEB-ek: ‘free lunch’ izugarria. Gai izango ote gara horretaz konturatzeko? 

    [1] Ikus Hudson-en (1992) Trade, development and Foreign debt, 2 bol.

    [2] Ikus Hudson-en (1977) Global Fracture.

Utzi erantzuna joseba(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude