Subiranotasun ekonomikoa krisi garaian

Azkenaldi honetan ugariak dira gure inguruan estaturik gabeko nazioen subiranotasun ekonomikoaren aldarrikapenak: batez ere, Katalunia eta Eskozian gertatutako mugimendu politikoen ildotik.

Gai horrekin lotuta, Mikel Zurbano, UPV/EHUko irakaslea eta UEUko Ekonomia Saileko kidearen lantxo bat ekarri nahi izan dugu gune honetara: Europar Batasuna eta Espainiar Estatua gogorki astindu dituen krisi ekonomikoaz ari da. krisi horrek Euskal Herriko subiranotasun ekonomikoa mahai gainean jarri du, aukera gauzagarri bezala.

mikel-zurbano
Mikel Zurbano, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua I saileko irakasle/ikertzailea, GEZKIko kidea eta UEUko Ekonomia Saileko partaidea.

Krisi garaikideak bi eragin kontrajarriak ipini ditu abian. Batetik, mugatu egin ditu subiranotasun ekonomikoa, hau da, herriek beren proiektu sozioekonomikoak eraikitzeko eta egikaritzeko duten ahalmena. Baina, bestalde, garapen ereduaren hondoraketaren erronkei aurre egiteko premiak subiranotasun ekonomikoaren beharra agerian utzi du.

Europako Batasuneko instituzionalizazio eta botere egitura desorekatuek are mugatzen dute estatu zein herrien ekonomi tresnen erabilera askea eta autozentratua. Orain arte Estatu partaideek lan eta gizarteko politiken inguruko eskumenak izan dituzte eskuartean ongizate eremuaren kudeaketa medio beren herritarren aurrean legitimazio politikoa eta soziala lortzeko. EBko krisiak erakusten duena zera da, esparru hori ere kolokan dagoela.

Eta testuinguru honetan zein da Euskal Herrian subiranotasun ekonomikoan oinarritutako balizko proiektu eta estrategia sozioekonomiko batentzako lekua?. EBko ekonomi batasun liberalari atxiki ala kontestu global ziurgabean ekonomi subiranotasuna gogor murrizten duten merkatu eta oligopolio globala oratu?. Hona autuaren gordina, Euskal Herriko –edo bere zati bateko- proiektu sozioekonomiko propioa eraikitzeko ahaleginetik abiatzean erantzun beharrekoa, estrategia doitua eta malgu baten esparruan.

Dena dago egiteko proiektu hori eraikitzeko: prozesurako aliantzak, lidergoa eta interes taldeen arteko akordioak eta helburuak, egitura instituzionala, kanpoarekiko erlazio multzoa eta, batez ere, garapen proiektuaren funtsa eta izaera –balioak, helburuak, pertsonen tokia, funtzionaltasuna, ingurugiroa-merkatua-estatua-gizartea ardatzaren artikulazioa etab.

Subiranotasun ekonomikoari eusteko proiektu sozioekonomikoaren inguruko adostasunarekin bere izaera soziala aldarrikatzea ezinbestekoa da. Herritarren ongizatea eta onura komuna izan behar da horrelako proiektuaren iparrorratza eta lurra zein ingurumenaren iraunkortasunaren errespetua. Kohesio eta babes soziala bilatuz bakarrik lor daiteke atxikimendu sozial zabala, zeina proiektu sozioekonomiko berriaren eta hori lortzeko estrategiaren arrakastarako giltza den. Gizarteari hitza eman eta ongizatea proiektuaren erdian kokatzea esan nahi du honek. Halere, garapen proiektuaren oinarri eta lehentasun sozialaren beharrak ez du zertan produkzio sistemaren birdefinizioa alboratu behar.

Proiektu ekonomizista hutsek lehengora itzuli edo bidean porrota jasateko duten arriskua bistakoa da.

Asko dago esateko baina adibidez, arlo mikroekonomikoan bertan hartzen dute zentzua parte hartze prozesuek. Beharrezkoak diren industri politiketan ere lanaren emanzipaziorako urratsak har daitezke langilearen lan baldintza duinak ez ezik langile kreatiboa eta kolaboratiboaren irudia indartuta.

Artikulua osorik irakurtzeko, unibertsitatea.net atariko Otarrea dokumentu biltegian libreki deskargatzeko aukera izango duzu: SUBIRANOTASUN EKONOMIKOA KRISI GARAIAN, ILUNETIK ARGIRA EUSKAL HERRIAN.

Edonola ere, sarean badaude Euskal Herriko independientzia (ekonomikoa) arrazoitzen duten bestelako lan interesgarriak.

Adibiderik garbiena, etxe honetan daukagu, unibertsitatea.net atariko Otarrean: Joseba Felix Tobar-Arbulu UEUko Ekonomia Saileko kidearen “EUSKAL HERRIA INDEPENDENTZIARANZKO BIDEAN” artikulu-sorta (dagoeneko 17 artikuluz osotutako bilduma).

Josebak batez ere teoria makroekonomikoaz eta monetaren analisiaz jardun du eta ikuspegi garrantzitsu horretatik aztertu du EHaren independentziarako aukerak. Azkenaldi honetan buru-belarri aztertzen dabil Eskoziaren auzia, bere moneta propioa ez izateak ekarriko dituen kalteei dagokienez. Esan bezala, Josebaren lana maila makroekonomikoetan kokatzen da, ekonomia errealetik at (hobeto esanda, gainean… edo kontra) dagoen finantza-ekonomian. Bere ustez, eta zalantza izpirik ez du horretaz, arazo sozio-ekonomikoen konponketa (beti ere, onura publikoa edo public purpose delakoa irizpide bezala hartuta) maila handi batean esparru horri aurre egitean datza, politika monetario berrietan oinarrituz: Diru Teoria Modernoa edo Modern Money Theory. Horixe izan behar da ikerlarion lehentasuna, ahaztu gabe noski ekonomia erreala garatzea/defendatzea dela azken helburua (lotura interesgarria, DTM eta estatuaren papera berrikuntza sortzaile bezala: ikus Mariana Mazzucato eta enpresari-estatua).

Eule v Athen
“These guys are in the dark. Owls can see in the dark.” – Stephanie Kelton, DTM alorrean ikerlari garrantzitsuenetarikoa (2012/09/25). Aipuaren azalpena: “Professor Kelton and other MMT-ers differentiate themselves from deficit hawks (“Austerity Now!”) and deficit doves (“Austerity Later!”) by describing themselves as “deficit owls”.

Bukatzeko, gaur berton agertutako aipamen bat azpimarratu nahiko genuke: Gaindegia-ren bitartez Jose Mari Zendoia UPV/EHUko irakasleak eta UEUko Ekonomia Sailkideak idatzitako “SISTEMA ALDAKETA ETA HERRI BURUJABETZA” iritzi-artikulua. Mikel Zurbanok finkatutako ildotik (aldaketa mikroekonomikoak), Zendoiak euskal gizartearen eraldaketa “herri mailako iniziatiba txiki eta berritzaileetan kokatzen dela aipatzen du: kontsumo-kooperatibak, auzolanak, konpostaje komunitateak, moneta autonomoen ekimenak, eta abar. Besteak beste, pertsonen eta taldeen burujabetasuna (ekologikoa, ekonomikoa…) sustatzen duten ekimenak dira”.

logoZendoiaren ustez, “hurrengo pausu batean honelako ekintzen saretzea indartu beharko litzateke, herri gisa ere, mundutik at ez baina bai modu autonomoan, gure burujabetasuna egikaritzen joateko. Nola egin honelako saretze eta koordinaketa? Lehen urrats moduan, auzo eta herrietan sortutako dinamika desberdinek ez lukete nazio-ikuspegia alde batera utzi beharko“, beti ere nazioarteko errealitatea ezagutzeari uko egin gabe, noski.

Ikuspegi berbera defendatu zuen Iruñerrian Enrike Galarza NUPeko irakasleak eta UEUko Ekonomia Saileko kideak (ikus “IRUÑEA LEHERTU!” artikulua).

Henrike-Galarza
Henrike Galarza UEUko Ekonomia Sailaren saio batean, kale gorrian, Itaia Kolektiboak antolatuta, Pasai-Donibanen, Jose Mari Zendoia bera entzule zuela.

Euskal Estatuaren aldarrikapenean sozio-ekonomiak duen garrantziaren inguruan, irakurri Ipar Hegoa Fundazioak eta UEUk argitaratutako liburu interesgarri hau: Euskal Estatuari bidea zabaltzen. Lurraldea eta sozioekonomia.

Laburbilduz, ekonomialari batzuk ikuspegi lokaletik batez ere, beste batzuek alor makroekonomikotik eta politika monetarioetatik… denak ados Euskal Herriaren subiranotasun sozio-ekonomiko eta politiko-kulturalaren beharraz.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude