Euskara, «e-learning»-a eta ekonomia

Jadanik aipatu izan dugu talaia honetan egungo krisi-egoeratik ateratzeko beharrezkoa dugula hezkuntza alorrean aldaketa sakon bat inplementatzea. Gogoratu: krisi honetarako “irtenbiderik ote? aldaketa sakonerako proposamenik bai? eta hezkuntza alorrean? unibertsitate mailan berrikuntza esanguratsurik proposatu al da?”.

Fagor Elektrotresnen inguruko auzian, Adrian Zelaia EKAI CENTER-eko koordinatzailea izan da, gure ustez, iritzi interesgarrienetariko bat eman duena: “ikusita oro har Euskal Herriko egitura industrialean gertatutakoa, badago arazo bat behar den baino gutxiago baloratzeagatik prestakuntza eta teknologia”. Eta horrela da: ezjakintasunaren krisian bizi omen gara.

Prestakuntza gure garapenerako (herri mailan, erakunde mailan zein maila pertsonalean) aldagai estrategikoa izanik, aldaketa sakonik proposatu al da alor horretan?

Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta UEUko Talde eragileko kideak hitzaldi interesgarria eman zuen urriaren 24an, UEUko Markeskoa Jauregian, ikasturte berriko irekiera ekitaldian: “Ikasteko Ingurune Birtualak: erronka teknologikotik erronka pedagogikora”  (oharra: ikusi bideoa UEUko YouTuben duen kanalean). Iratxek etengabeko prestakuntza malgua eta aktibo baterako irizpideak eman zituen. Lurraldetasunaren aldetik mugarik gabeko ikaskuntza-prozesua.

Iratxe Esnaola UEUnBere ustez, “e-learning modalitatea Euskal Herriaren beharrak eta euskaldunon unibertsitate mailako euskarazko prestakuntzaren beharrak asetzeko aukera ahalbidetzen duen eredua izan daiteke”. Bat egiten dugu berarekin: maila kulturalean ezezik, gure egoera sozio-ekonomikoan ere eragin positiboa izan dezakete horrelako ekimenek.

Eta Iratxek aipatutakoarekin lotuta: “e-learning”-arekin, Euskal Unibertsitatearen “hazia erein” nahi du UEUk. Internet bidezko irakaskuntzan “jauzi kualitatibo bat” emateko lanean ari da UEU. Irakaskuntza horren bitartez, “euskal campus irekia” irudikatzen duela esan zuen Karmele Artetxe UEUko zuzendariak ikasturte berriaren irekiera ekitaldian. “Urruneko irakaskuntzan saretua” eta “Euskal Herriko unibertsitateekin eta irakasleekin elkarlanean”.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna UEUko Ekonomia Saila(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude