“Jendeak gobernuaren erabakiak konprenitzeko ez baditu ahaleginak egiten, jarrera argi bat ez badauka, eta jarrera hori ezagutarazten ez badu, ulertzen, ulertu nahi edo ulertu uste dutenei ematen die botere guztia. Eta gauza batez egon behar da segur, honela hartutako erabakiek ez dietela kalterik eginen egin dituztenei, ezta beraiek ordezkatzen duten jendeari ere”
John Kenneth Galbraith, Ia guztientzako ekonomi gidaliburua (Joseba Felix Tobar Arbulu UEUko Ekonomia Saileko kidearen itzulpena), Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo, 1988, 2. orrialdean.
Galbraith-ek argi azaldu zigun goiko aipamen horretan zeinen garrantzitsua den ezagutza eta batez ere, ezagutza horren gizarteratzea. Bera ekonomiaz ari zen, baina aipu hori beste edozein jakintza-alorrean aplika daiteke.
UEUk bat egiten du ikuspegi horrekin, noski. Izan ere, bere lan-ildo nagusietako bat, unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea da. Beste zenbait jarduerez gain (formakuntza, IKT alorra…), bere argitalpengintza lanengatik nabarmentzen da UEU. Alor horretan UEUren helburua bikoitza da: azpiegitura bibliografikoa sortzea batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea bestetik. Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko. 1978. urtean lehen liburua argitaratu zuenetik, UEUk dagoeneko ehunka izenburu ditu bere katalogoan. Gizarteratze lan fina eta erabat beharrezkoa, Galbraith-en ikuspegitik bederen.
Ezagutzaren gizarteratze funtzio hori indartu nahian, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, unibertsitate-mailako euskarazko ikasmaterialak sustatzeko hiru poltsarako deia egin du UEUk: 1.000 euroko laguntza UEUn bere sorkuntza- zein saiakera-lana argitaratu nahi duen egilearentzat. Dokumentazioa aurkezteko epea urriaren 31ean bukatzen da. Informazio guztia eta deialdian izena emateko prozedura, UEUko webgunean bertan.
Beraz, ekonomiaz idatzi nahi baduzu, hemen duzu aukera. Aukera eta behar duzun laguntza guztia!
Iruzkinak (3)