Datozen asteetan, egungo egoera ekonomikoari buruzko bi hitzaldi interesgarri izango dira, bata Bilbon eta bestea Zizurkilen.
Bilboko Zenbat Gara elkarteak antolatuta, Joseba Barandiaran ekonomilariak “Zer aldatu da, ekonomia ala geu?” hitzaldia emango du Bilboko Kafe Antzokian, apirilaren 17an, 14:15etan. Joseba Barandiaran ekonomia gaien euskarazko dibulgazioan aritzen da, hainbat medioetan, tartean Hamaika Telebistan.
Bestetik, Zizurkilgo Udalak hitzaldi-ziklo labur bat prestatu du datozen asteetarako:
- apirilaren 17an bertan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, 19:00etan, Joseba Felix Tobar Arbulu-k “Krisiaren zergatiak” izeneko saioa emango du. Tobar Arbuluk krisiaren ikuspegi globala eta izaera induzitua landuko ditu.
- apirilaren 24ean, berriz, Mari Jose Aranguren-en txanda izango da. Aranguren Orkestra-ko zuzendaria eta ikerlaria da. Bere saioarekin ikuspegi lokalagoa emango dio hitzaldi-zikloari: “Krisia Tolosaldean eta ihes egiteko moduak” izango da hitzaldiaren izenburua. Hitzaldia 19:00etan izango da, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.
Ekonomian interesa duenak, badu non asetu bere jakinmina.
UEUko Ekonomia Saila says:
Joseba Felix Tobar Arbuluk bere hitzaldian zer azalduko duen ikusteko, ikusi unibertsitatea.net-eko OTARREA atalean eskegi duen aurkezpena. Horren bitartez, hitzaldiaren eskema labur bat izango duzue: https://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/krisia-induzitua-izan-da-zizurkilerako.