Egunkaria-ren kontrako auzibideak gelditzeko eskatu du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak (RSF). Robert Menard erakunde horretako idazkari nagusiak eskaera hori egin dio Espainiako Justizia ministroari. «Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera zela-eta agertu genuen kezka berresten dugu», dio Menardek. «Neurri horrek irakurleei informazio eskubidea kentzen die. Espainiako Justizia ministroari Egunkaria berriz irekitzea planteatzeko eta auzia lehenbailehen hasteko eskatzen diogu, Justiziak zerbait erabaki dezan auziaren funtsari dagokionez».
Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak agiri bat zabaldu zuen herenegun, Egunkaria auzia aipatzeko, itxi izanaren bosgarren urteurrenaren harira. 2003ko otsailean Egunkaria itxi zutenean ere kritikatu zuten Juan del Olmo epailearen erabakia. Baina askorik busti gabe. Espainiako Justiziari «azalpenak» eskatu zizkion, baina ez zuen itxiera gaitzetsi. Zortzi egun geroago idatzitako agirian Egunkaria berriz irekitzea eskatu zuen.
Atzoko agiria aurrekoak baino sakonagoa da, baina hutsuneak baditu. Adibidez, ez ditu tortura salaketak aipatzen. Horrez gain, Espainiako Justizia ministroaren izena gaurkotu gabe aipatzen du (hau da, Juan Fernando Lopez Aguilar aipatzen du, Mariano Fernadez Bermejoren ordez).