Otsailak 20

Bost urte iragan dira 2003ko otsailaren 20 hartatik. Bost urte Euskaldunon Egunkariaren azken alea kaleratu zenetik, egoitzak itxi zituztenetik (Baionakoa salbu), hamar lagun atxilotu eta horietatik bost torturatu zituztenetik.  Hilabete batzuk beranduago, 2003ko urrian, Guardia Zibilaren beste operazio bat etorriko zen Martin Ugalde Kultur Parkearen kontra, eta zortzi lagun atxilotuko zituzten. Martin Ugalde bera inputatzera iritsi zen Del Olmo epailea.

Bost urte geroago, epaiketen ordua iritsi dela dirudi. Operazio bakoitzetik auzi bana. Hamabi lagun eseri nahi dituzte akusatuen aulkian. Horietako hiru bi aldiz. Espetxe zigor eskaera handiekin. 12-26 urte bitartekoak. Guztira 275 urteko espetxe zigorra.

Horregatik, elkartasuna, babesa eta erantzuna berpizten ari da. Bilbon, otsailaren 12an, Egunkariaren Alde Elkarteak antolatutako ekitaldia horren erakuslea da. Ekitaldian bertan, euskalgintzaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu zuenez, “Oso larria da Euskaldunon Egunkaria akusatuen aulkian esertzea. Egunkariarekin batera euskalgintza osoa bertan bailegoke”.

“Zer egin? Euskalgintzak bat eginda, elkar hartuta, erantzutea dugu hoberena”, erantsi zuen. Itxieraren bosgarren urtemuga erantzuteko baliatu nahi da. Modu ezberdinetara. Herriz herri. Martin Ugalde Kultur Parkean elkarretaratze handi bat izango da goizean, baina herrietan ere plazaratuko da Egunkaria aurrera, Euskalgintza aurrera, Egunkaria libre! leloa. Euskara eta euskal kultura aurrera ateratzeko egitasmo berrien aldeko kemenarekin batera.

Egunkaria auziaz infomazio gehiago: www.egunkaria.info

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude