Euskarazko hedabide ez publikoak iritzi publikoari

Otsailean Euskal Herri osoko 80tik gora hedabidek (tartean UEUren Aldiri eta Uztaro aldizkariak) bertara deitu zintuztegun euskarazko hedabide ez publikoen sektoreak egungo krisiaren aurrean bizi duen egoeraren berri emateko. Besteak beste, iragarri genuen hurrengo hilabeteetan euskal gizarteko instituzio eta alderdiekin biltzeko asmoa genuela, eta hala egin dugu.

Honako instituzioekin bildu gara: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta hiru diputazioak. Eta baita alderdi politikoekin ere. Ipar Euskal Herrian oraindik bilera prozesuarekin jarraitzen dute.

Denen aldetik, harrera ona izan dugu eta sektoreak bizi duen egoera interesarekin jarraitu dute.

 Sektorearen egoeraren berri emateaz gain, hiru esparru jorratu ditugu bereziki: diru-laguntzak, publizitate instituzionala eta herri erakundeekiko harremanak. Eta gure aldetik egindako eskaerak honakoak dira:

1. Diru-laguntza publikoetan 2012rako %25eko igoera eskatu dugu, krisiaren ondorioei hobeto aurre egin ahal izateko.

2. Publizitate Instituzionalaren %25 euskarazko hedabideetara bideratu dadila.

3. Instituzioekiko harremana: sektorea eta instituzioen arteko mahai bat osatzea bertan gure egoera estuaz jarduteko.
   
Hiru arlo hauetan izandako emaitzak azalduko ditugu ondoren:

1. Mahaia. EAEko instituzioak prest agertu dira sektorearekiko harremanetan sakontzeko eta instituzio eta sektorearen arteko mahaia osatuko da gure egoera aztertzeko. Hori guretzat oso pozgarria da, gune horretatik eta elkar lanean bizi dugun krisi egoerari hobeto erantzungo zaiolako. Kontuan hartuta orain udalak eta diputazioak berrituko direla, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak irailerako HAKOBA deitzeko konpromisoa hartu zuen eta mahaia gune horretan eratuko litzateke.

2. Diru-laguntzak. Baina bileretatik kezkatuak ere atera gara. 2012rako diru-laguntzen igoera aipatzean, krisian gaudela gogorarazi zaigu eta eragozpenak sumatu ditugu. Jakina, ondo dakigu krisian gaudela eta horrexegatik hain zuzen aldarrikatzen dugu krisi garaietan laguntza publikoak ere gora egin behar duela. Krisian dauden beste sektore ekonomikoetan hala egiten da eta euskarazko hedabideen eremuan ere hala egin dadila eskatzen dugu. Eskatzen den igoera hori ez da 2 milioi eurora iristen; 2 milioi 100 hedabiderentzat. Ez zaigu iruditzen 600 lagun lanean ari den sektorean 2 milioiko igoera beste munduko eskaera denik.

3. Publizitatea. Publizitateari dagokionez, sektoretik eskatzen da publizitate instituzionalaren %25 bidera dadila euskarazko hedabideetara. Gaur egun ez dakigu publizitate instituzionalaren zein zati iristen den gure sektorera, baina badakigu eskatzen dugun horretatik oso oso urruti gaudela.

Eta hona iritsita, azken hilabeteetan alor honetan bideratu dugun beste ekimen bat azalduko dugu. Alderdien laguntza medio, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Legebiltzarrean eta hiru biltzar nagusietan galdera parlamentarioak bideratu ditugu publizitatea nola banatzen den ikusteko, baina emaitzak eskasak izan dira.

Galdetzen zen ea 2008, 2009 eta 2010ean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta hiru diputazioek zenbat diru gastatu duten publizitatean eta zein mediotan. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko erantzunak jaso dira, baina Nafarroako Gobernukoak soilik erantzuten diote eskatutakoari eta bakarrik 2010ari dagokionez. Nafarroako Gobernuko datuak, ezin dira argigarriagoak izan  –Interneten publiko dira– eta erabat argigarriak dira: euskarazko hedabideetara bideratutakoa ez da %0,01era iristen. Diputazioetatik ez da erantzunik jaso.

Aipatutako hauek dira une honetan guk giltzarri moduan ikusi ditugun hiru gaiak, baina zalantzarik gabe gehiago ere badira. Sektorea dagoeneko lanean ari da irailean neurri zehatzak jasoko dituen proposamena mahai gainean jartzeko, eta espero dugu instituzioek ere lana aurreratuko dutela.

Errazena egin dugu, elkarrekin eseri eta sektorearen gaineko politika landu eta adosten saiatzeko proposamena onartu dugu. Orain, lan egitea dagokigu, eta akordiorako espirituarekin egitea lan hori, sektorearen ekarpena eta balioa kontuan hartu eta XXI. mendeko beharretara egokitu eta zabaltzen laguntzeko.

Hurrengo hilabeteetan gure agintariak 2012ko aurrekontuak lantzen hasiko dira. Dudarik gabe, hor izango dugu instituzioen borondatearen adierazle garrantzitsuenetako bat eta espero dugu aurrekontu horietan kontuan hartuko direla gure eskaerak. Horrek bakarrik ez, jakina, baina une estu hauetan horrek biziki lagunduko digu krisiari hobeto aurre egiten.



Publizitate kanpaina

Otsailaren 1ean argitaratutako editorial
bateratua
n sektoreko hedabide askoren egoera estuaz jardun genuen.
Esaten genuen, besteak beste, gure gizartean euskarazko hedabideak
funtsezkoak direla euskararen garapen eta normalizazioan, oso
garrantzitsuak. Eta zer gertatzen zaigu sarritan, ba oso gauza
garrantzitsuak ditugula gure artean, baina ez garela hortaz ohartzen
gure artetik edo gure ondotik desagertu arte. Ea euskal gizarteari,
euskaldunoi, ez zaigun hori gertatzen euskarazko hedabide askorekin.
Halakorik gerta ez dadin ari gara lanean, eta arrisku hortaz ohartarazi
nahi dugu gizartea.

Horregatik: honakoa da kanpainaren lelo nagusia:

“Duten garrantziaz jabetzeko, faltan izan arte itxoiten dugu maiz”.
“Euskarazko hedabideak, denon beharra”.

Kanpaina, datozen egun eta asteetan ikusi ahal izango da prentsa, irratia, telebista eta Interneten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude