Clotilde Caro: “Berez, emozioak ez dira ez onak ez txarrak; baina gure kulturan emozio batzuk ez dira ongi onartzen”

“Emozioen kudeaketa eta manipulazioa” izeneko ikastaroa izango da azaroan UEUren Iruñeko egoitzan. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko eta ikastaroaren nondik norakoen berri eman digu Clotilde Caro Herrera irakasleak. Hezkuntzan Diplomatua da Herrera, Konstelazio familiarretan aditua eta Iturrama BHI institutuko tutore, besteak beste. 

Emozioak beharrezkoak dira bizitzeko, baina ezagutzen al ditugu?
Denok emozio nagusiak ezagutzen ditugu: denok badakigu maitasuna, haserrea ala beldurra zer diren; baina denok ez ditugu emozio guztiak onartzen, denok ez gara ausartzen emozio guztien prozesu osoa bizitzera. Batez ere mina eta dolua. Batzuetan ez dakigu oso ongi zer sentitzen dugun, emozioak blokeatzen ditugulako edo ezagunagoa edota erosoagoa den beste emozioaren batekin trukatzen dugulako.

Ikastaroan emozioak ezagutzeaz gain berauek kudeatzeko ariketak ere egingo dituzue. Hor ere lan handia dago?
Nire ustez, emozioak ez dira kudeatu behar, emozioak bizi egin behar dira. Emozio bat bizi nahi ez badugu, gure baitan geldituko da ezkutaturik eta gure bizitzara bueltatuko da behin eta berriro guk onartu arte. Berez, emozioak ez dira ez onak ezta txarrak ere, baina gure kulturan emozio batzuk ez dira ongi onartzen.

Momentuaren arabera eta pertsonaren arabera rol ezberdinak hartzen ditugula diozu. Zertan eragiten du horrek?
Éric Bernek Analisi Transakzionalaren kontzeptuen artean “pertsonaren rolak” garatu zituen. Berak esaten zuen denok momentuaren arabera edo pertsonaren arabera haurraren, helduaren edo gurasoaren rola hartzen dugula. Helduaren rolean gaudenean soilik jokatzen dugu errespetuz gurekiko eta besteekiko. Haurraren rolean gaudenean emozioen pean aritzen gara, biktimaren papera hartzen dugu eta manipulatzen dugu. Gurasoaren rolean gaudenean, berriz, beste pertsonak baino hobeak sentitzen gara eta, ondorioz, pentsatzen dugu gure eskubidea dela, arrazoia gurea baita, besteak kontrolatzeko, epaitzeko eta manipulatzeko.

Ikastaro praktikoa izango da eta ariketa sistemikoen bidez landuko duzue hau dena. Zertan datza ariketa sistemikoak?
Emozioez hitz egiteaz gain, emozio horiek sentituko ditugu. Lanketa praktikoa eta pertsonalizatuta izango da. Besteak beste, ikusiko dugu maitasunaren aurrean zer sentitzen dugun, edota emozio bat gutxitan sentitzen badugu bere ordez zein emozio sentitzen dugun, edota zein emozio erabiltzen dugun besteak manipulatzeko. Horretaz gain, gure bizitzan pisu handia daukan emozioaren jatorria ikusiko dugu: txikitan gurasoengatik ikasitakoa, familia sistematik jasotakoa edo bizitzako gertaera mingarri batekin lotutakoa …

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Bi helburu nagusi ikusten ditut: alde batetik, orokorrean, emozioen inguruan hausnarketa sakona egitea; eta, beste aldetik, bakoitzak, sentimendu horien aurrean duen jarrera landu. Prozesua hauxe izango da: emozioa onartu, sentitu eta askatu.

Norentzat da ikastaroa?
Aurreiritzirik gabe, lanketa pertsonala egin nahi duten pertsona guztientzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude