Josu Labaka: “Udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra”

‘Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera’ izeneko jardunaldia izango da urriaren 10ean, Azpeitian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak, UEUk eta UEMAk antolatu dute elkarlanean eta Josu Labaka UEMAko lehendakaria jardunaldiaren garrantziaz mintzo da. Izena emateko epea irekita dago.

Aurtengo jardunaldia UEMArentzat giltzarria ez ezik mugarria ere badela nabarmendu zenuen aurkezpenean, hedabideen aurrean. Zergatik?
Guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan hainbat eragile elkarlanean sentitzea: erakunde publikoak, euskalgintza, unibertsitatea eta abar. Azken urteotan denok norabide berean aritu gara, udalerri euskaldunek eta arnasguneek hizkuntzaren normalizazioan duten garrantzia ikusarazten, eta duten garrantziagatik arnasguneak zaintzeko eta babesteko neurriak nabarmentzen. Egindako bidea eredugarria iruditu zaigu: arnasguneen garrantzia ikusarazi, arnasguneak babesteko neurriak aztertu eta adostu, eta gero erakunde publikoetatik neurri horiei lege izaera eman.

Ohartu gara, ordea, prebentziotik garapenerako urratsa ere egin behar dugula udalerri euskaldunen izaerari eutsi nahi badiogu. Beraz, jardunaldi honetan ez gara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko. Areago joango gara, udalerri euskaldunak zer-nolako garapen eredua behar duten eta nola garatu beharko genituzkeen aztertuz.

Hori berria da orain arteko hizkuntza politikan, ezta?
Bai, erabat. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, azken urteotako ibilbidean, ondorio garrantzitsuak azaleratu dizkigute: hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten. Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko.

Garapenaz hitz egiten duzuenean, zertaz ari zarete?
Batez ere, herriak bizirik mantentzeaz, bere zerbitzu guztiekin, bere gizarte sareekin, eta herri bezala aurrera egiteko beharrezkoak diren alorrekin. Kultura, bertako hizkuntza, ekonomia, zerbitzuak, hirigintza, azpiegiturak… Horiek guztiak eta askoz gehiago aztertzea eta euskara modu naturalean egosteko eltzea prestatzea da erronka. Izan ere, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, bestela herriak desagertzen edota erdalduntzen joango dira, herri edo hiri handien eraginpean, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du, kontrakoa gertatu dadin: udalerri euskaldunak izatea herri edo hiri handiagoetan eragingo duten benetako arnasguneak. Guretzat, beraz, lehentasuna da herrien garapenean eragina duten alorrak nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude