Abel Camacho: “Txarretik ona atera behar genuke, edo behintzat, saiatu derrigorrean egin beharreko lan horretatik gure hezkuntza-praktika hobetzen”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan,  “PISA azterketako irakurketa probaren analisia eta lanketa-bideak” izeneko ikastaroa ere izango da Eibarren Abel Camacho Romero UEUkidearen eskutik. Euskal Euskal Filologian lizentziaduna da Camacho eta une honetan Santurtziko Udaleko prestakuntza-teknikari lanetan dabil. Euskara ikasteko materiala idazteaz gain, irakasleen prestatzailea ere izan da didaktika eta hezkuntzarako teknologia-ikastaroetan; baita e-learning aholkulari ere. Izena emateko epea irekita dago.

Zer dela-eta ikastaro hau?
PISA txostena ingelesezko Programme for International Student Assessment izenekoaren akronimoa da (euskaraz Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa). Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA-OCDE) nazioartean bultzatzen duen ebaluazio-proba da eta 15 urteko ikasleei egiten zaie (DBHko 4. mailakoak). Ikasleen errendimendua aztertuta, estatuen hezkuntza sistemen eraginkortasuna neurtzea du helburu nagusia; hiru alderdi ebaluatuta: gaitasun zientifikoa, gaitasun matematikoa eta irakurtzeko gaitasuna.

PISA azterketa hiru urterik behin egiten da eta horrela, 2017-2018 ikasturteko azken hiruhilekoan egin da proba Euskal Herriko ikastetxeetan, nahiz eta emaitzak 2019ra arte ez diren argitara emango.

Aurten irakurtzeko gaitasunaren ebaluazioa izan da arretagune nagusia eta beraz, ikastaro honen bidez saiatuko gara PISAk dakarren irakurmenerako markoa aztertzen eta esplizitatzen, gero irakurmenaren lanketa nolatan hobetu dezakegun eztabaidatzeko eta ikas-jarduerak proposatzeko.

Ezaguna da PISA txostenak era guztietako kritikak jaso dituela. Zer dela-eta?
Bai, egia da. Asko dira PISAri han eta hemen egiten zaizkion kritikak: hezkuntzaren eredu neoliberal bati dagokion ebaluazio-moldea da eta bere azken helburua da hezkuntza-sistemak bideratzea lehiakortasun ekonomikoa hobetzera; beste ezer bilatu gabe. Alde batera geratzen dira, beraz, ikasleen garapen artistikoa, hausnarketa kritikoa, emozioen hezkuntza, partaidetza eta bizikidetza…

Kritika ideologikoaz gain, azterketa horren emaitzek dezenteko oihartzun mediatikoa nahiz politikoa sortu izan dute, gure hezkuntza-sistemaren kalitatea zalantzatan jarriz eta hezkuntza-komunitate osoaren lana eta konpromisoa gutxietsiz. Jakina, horrelako kanpo-ebaluazio batek ezin du inola ere horrelako ondoriorik atera, baina bizi garen gizartean horrelako irakurketak arinegi egiten dira; azken batean, ranking-en munduan biziarazi gaituztelako.

Eta hala ere, ikastaro hau.
Bai zeren gure ustez, txarretik ona atera behar genuke, edo behintzat, saiatu derrigorrean egin beharreko lan horretatik gure hezkuntza-praktika hobetzen, edo hausnarketa bultzatzen errealitatean ditugun arazoei buruz; PISA eta gainerako kanpo-ebaluazio guztiak gorabehera.

Ni neu ziur nago gure ikasleekin irakurmenaren lanketa hobetzeko pausuak ematen baditugu, poliki-poliki neska-mutil gazte horien espiritu kritikoa ere areagotzeko bidean egongo garela eta hausnarketarako gaitasuna ere bultzatuko dugula. Esan dudan bezala, txarretik ona atera!

Zein dira ikastaroaren helburuak? Eta edukiak?
Helburu nagusia da PISA azterketaren irakurketa-markoa definitzea, osagaiak zerrendatuz eta aztertuz. Horrez gain, irakurmena ebaluatzeko erabili diren itemak ere deskribatuko ditugu markoaren osagai bakoitzaren arabera. Azkenik, item horiek lantzeko ikas-jarduerak berrikusiko ditugu, eta astia izanez gero, horrelako batzuk sortuko ditugu.

Edukiak hainbat dira: irakurtzeko gaitasunaren bilakaera eta definizioa, irakurmenaren osagaiak, irakurketa-prozesuak, testu-tipologia eta irakurmenaren ebaluazioa…

Zein da erabiliko den metodologia?
Ikastaroan zehar ikasleek sortu beharreko azken produktu bati begira arituko gara: irakurmena lantzeko ikas-jardueren biltegi bat sortzen saiatuko gara Moodle ikastaro batez baliatuta.

Biltegi hori sortu bitartean, ikasleen arteko elkarlana, analisia, praktika, hausnarketa eta ebaluazioa izango dira funtsezko aribideak.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa?
Irakurmenaren lanketan interesa duen edonori zuzentzen zaio, nahiz eta, jakina, hezkuntza formaleko irakasleek izango duten lehentasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 48 = 56