Irantzu Duro eta Marijo Imaz: “Trantsizio agroekologikoan ikasitakoa partekatzeko gogoak eraman gaitu ikastaroa antolatzera”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Agroekologia. Tokiko garapen integrala” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Irantzu Duro Mota eta M. Jose Imaz Gurrutxaga izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu gai honen inguruan.

Irantzu Duro eta Marijo Imaz

Zer dela eta planteatu duzue formazio hau? Denek argi dugu talde multidisziplinarren beharra estrategiak eta planak diseinatu eta garatzeko. Orokorrean, talde hauek gai ezberdinetan adituak diren pertsonez osatzen dira, baina gure ibilbide profesionalean ikusi dugu, beren arloan adituak izateaz gain taldekideek osotasunaren ezagutza minimo bat izan behar dutela, hau da, arlo edo errealitate ezberdinen ezagutza izan behar dute  lan talde hauek sortutako lana eraginkorra izateko. Agroekologiak, marko teorikoa den heinean, pentsamendu integrala eta, holistikoa garatzen laguntzen digu. Ikastaro honetako irakasle garenontzako gakoa agroekologiaren ezagutza izan da. Nahiz eta formakuntza jakin bat eta espezialitate bat izan, agroekologiak prozesuak modu zabal batean planteatzen lagundu digu. Txikitik hasita, hau da,  proiektu eta akzio zehatzetatik hasita,  estrategia globalagoak eraikitzen joaten lagundu digu. Trantsizio agroekologikoan ikasitakoa partekatzeko gogoak eraman gaitu ikastaroa planteatzera.

Zer esan nahi du garapen integralak? Guretzako garapen integrala, osoa, holistikoa, tokian tokikoa, anitza, globala, arlo eta errealitate guztiak kontutan dituena da. Behar guztiak kontutan dituena eta behar denak asetzen ahalegintzen dena. Denontzako eta denon artean egindakoa. Lanabes bat da, trantsizioa agroekologiko prozesuak habian jartzeko.

Zein da erabiliko duzun metodologia? Ikastaroa kasu praktikoen azterketan oinarrituko da. Ikastaroa bi saioetan banatu dugu. Lehengo saioan irakasleek kasu praktikoak aurkeztu eta aztertuko dituzte. Hurbileko kasuak izango dira. Prozesu ezberdinek komunean dituzten elementuak identifikatu ondoren, prozesu bat habian jartzeko  bidaia orria diseinatuko dugu. Ikasleek proposatzen dituzten kasuak aztertzeko aukera ere egongo da. Bigarren saioan, lehengo saioan identifikatutako oztopoak gainditzeko alternatibak aztertuko dira.

Zein da Euskal Herriko egoera alor honetan? Azken urteetan trantsizio agroekologikoan oinarritutako prozesu asko jarri dira abian, denak ezberdinak, denak tokian tokiko ezaugarriek baldintzatuak. Bide bat egiten hasten garenean ez da beti izaten nahiko genukeen abiaduran baina, hala ere, orain arte egindako bideak erreferentzia izaten ari dira hasteko dauden beste prozesuetarako.

Zeintzuk dira erronkak? Trantsizio prozesuak bizirik mantentzea, prozesu gehienak indar askorekin hasten dira, baina epe luzerako proiektuak direnez, indarrak neurtu beharko genituzke prozesu hauek etenik ez izateko. Bidean oztopo asko azaltzen dira, oztopo hauek gainditzeko aliantzak beharrezkoak dira, behin gaindituta, indarberrituta aurrera segitzeko.

Norentzat da ikastaro hau? Trantsizio agroekologikoan interesa duen edonori zuzenduta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude