Rakel Gamito: “Gure esku dago bizitzako denbora ondo aprobetxatzea eta, ezinbestean, aldez aurretik antolatu behar dugu”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruanEz utzi biharko gaur egin dezakezuna: zure produktibitatea hobetzeko metodo eta tresnak” ikastaroa antolatu dugu Eibarren. Rakel Gamito Gomez izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu gai honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Zer dela eta antolatu duzu ikastaroa? Nondik sortu zaizu ideia? Oraingoa ikastaroaren bigarren edizioa da, lehenengoaren arrakastaren ondorioz. Nondik sortu zen ideia? Ba beti ditut mila kontu esku artean eta horiek guztiak antolatzea ezinbestekoa da ez zoratzeko: ikasketak eta lana, ikastaro anitzak ematea zein jasotzea, aisialdia eta, noski, bizitza pertsonala. Horregatik, saiatzen naiz nire antolaketa-sistemak tarteka berraztertzen eta uste dut funtsezkoa dela zenbait gako ondo barneratuta izatea denbora ondo aprobetxatzeko. Beraz, gako horiek bildu eta nire esperientziaren bitartez beste batzuei laguntzeko asmoz egituratu nuen ikastarotxo hau.

Antolaketa eta koordinazioa jartzen dituzu lan eta bizitza eraginkorrerako gako bezala. Zergatik? Lehen esan bezala, antolaketa denbora aprobetxatzeko bidea da. Denbora ondasun oso preziatu bat da eta, azken garaitan, gainera, urria. Denbora soberan duen norbait ezagutzen duzu? Ez, ezta? Gure esku dago bizitzako denbora ondo aprobetxatzea eta, momentu batzuk ondo disfrutatzeko beste asko, ezinbestean, aldez aurretik antolatu behar dira.

Lana antolatzeko metodologia desberdinak ikusiko dituzue. Bai, zenbait antolaketa-metodo aipatuko ditugu eta horietako bi sakondu: GTD (Getting Things Done) eta Kanban.Tresna digitalak ere asko lagundu diezagukete koordinazioa... Betiko agenda eta ohar-notatxoak benetan lagungarriak dira baina teknologiak aukera eta abantaila ugari eskaintzen dizkigu, bai banakako lanerako zein talde-lanean aritzeko. Horretarako oso erabilgarriak izan ahal diren oinarrizko tresna batzuk ezagutu eta horien funtzio batzuk arakatuko ditugu ikastaroan, gerora norberaren egunerokotasunean txertatu ahal izateko.

Ze metodologia erabiliko duzu? Ikastaroak praktika eta hausnarketa pertsonala izango ditu oinarri. Alde batetik, saioak antolaketa-metodo eta tresna anitzak arakatzeko espazio bat eskainiko digute. Bestalde, esplorazio-lanekin batera, gure eguneroko lan eta ekintzen ezaugarriei buruz hausnartu beharko dugu, gure antolaketa-beharrekin bat egiten duten metodo zein tresnak aukeratzeko gaitasun kritikoa indartuz. Momentu oro taldearen elkarreragina sustatuko da, esperientziak, galderak eta hausnarketak gainerako partaideekin partekatzeko. Beraz, ikasleak izango dira ikastaroaren protagonistak eta parte-hartzea ezinbestekoa izango da!

Norentzat da ikastaro hau? Mundu guztiarentzat, norberaren produktibitatea hobetu eta egunerokotasuneko denbora ondo aprobetxatu nahi duen edonori zuzenduta baitago. Aurreko edizioan oso profil anitzak bildu ginen eta giroa bikaina izan zen. Bakoitzaren esperientziek ikaragarri aberastu zuten ikasketa-prozesua!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude