Olatz Perez de Viñaspre: “Programatzean, ordenagailuarekin “komunikatzen” ikasten da”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan Programazioa denontzat: Python ikasi praktikaren bidez” on-line ikastaroa antolatu dugu. Olatz Perez de Viñaspre Garralda izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu gai honen inguruan. Matrikula zabalik dago!

Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaro honen helburua informatikaria ez den edonork programatzen lehen urratsak ematea da.  Helburua ez da programatzaileak sortzea, baizik eta algoritmikan lehen urratsak emateaz gain, beste norbaitek idatzitako kodea ulertu eta aldatzeko gaitasuna lortzea da.           

Informatikariak ez direnei zuzentzen zaie ikastaroa, ezta? Hori da. Informatikariok hamaika ikasgai izan ditugu karreran zehar programazioa ondo eta sakon lantzeko. Diziplinan sakona da, eta kontzeptu eta abilidade asko barneratu behar dira ondo programatzen ikasteko. Hala ere, programazioan lehen urratsak emateko ez dugu karrera oso baten beharra, eta esfortzu txikiaren truke, programa txikiak egiten edota handiago batzuk moldatzen ikas daiteke. Hori da, hain zuzen ere, informatikariak ez direnek aurkeztu ohi dizkiguten erronka nagusiak, eta gauza txikietarako ez dute informatikari baten beharra. Programa handiagoak egiteko aldiz, bai, informatikari batek bezala ez du inork programatuko, eta hori nabaritu egiten da.           

Zergatik da interesgarria programatzen ikastea? Informatikariontzat programatzen jakitea bezain garrantzitsua da edonorentzat interesgarria programazioa. Programatzen ikastean, pentsatzeko modu ezberdin bat ezagutzen da. Ez da matematiketan integral bat ebazten ikastea, pentsatzeko modu berri bat ikastea da. Programatzean, hainbat gaitasun lantzen dira, besteak beste orokortzeko gaitasuna eta arazoak zatitzeko gaitasuna. Baina gaitasun horietaz gain, ordenagailuarekin komunikatzen ikasten dela azpimarratuko nuke. Ordenagailuak nola pentsatzen duen, eta ondorioz, guk nahi ditugun gauzak egiteko zer eta nola esan behar diogun ikasten da, eta hori, gaur egungo lanbide askotan biziki interesgarria da.            

Zer ikasiko dugu ikastaroan? Ikastaroan programazioaren oinarrizko kontzeptuak barneratuko ditugu, hala nola, aldagaiak, baldintzak eta begiztak. Oinarrizko algoritmika ere ikasiko dugu, izan ere, algoritmoa da programa baten oinarrian dugun errezeta. Eta azkenik, beste pertsona batek idatzitako kodea oinarri hartuta, hori ulertu eta moldatzen ikasiko dugu.           

Eta zergatik Python? Python gaur egunean modan dagoen programazio lengoaia da, eta modan egotearen arrazoi zein ondorioek egiten dute Python horren erakargarria. Python lengoaia sinple, trinko eta ulerterraza izateko sortu zuten, eta horrek programatzea asko errazten du. Gainera, horrenbeste pertsonek erabiltzean, programa asko eta asko daude gaur egunean Python-ez idatzita, eta horiek moldatzeko beharra edo nahia izan dezake informatikaria ez den norbaitek ere. Horrek guztiak, informatikariak ez direnei programatzen irakasteko lengoaia egokia egiten du: sinplea sortzeko eta oso baliagarria askoren egunerokoan.           

Zein da erabiliko duzun metodologia? Landuko ditugun kontzeptu guztiak praktikaren bidez barneratuko ditu ikasleak. Aste bakoitzean modulu bat izango dugu, eta modulu hori ariketa sinpleen bidez landuko dugu. Ariketa sinple horietan oinarrituz, moduluaren bukaeran ariketa potoloago bat egin beharko du ikasleak ikasitakoa aplikatuz. Horrela, pixkanaka ariketa sinpleekin erabilitako kontzeptuak konbinatzeko aukera izango du, barneratzen ari den gaitasunen irudi osoagoa lortuz. Ikastaroaren bukaeran, ikaslearen interesekoa den proiektu bat  egin beharko du, bere nahi eta jakin-minaren araberakoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 56 = 60