Maialen Igartua: “Sarean egotea ez da nahikoa; sareko gure nortasunak, gure negozioaren izaera islatu behar du”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Nola atera zukua sareari gure negozioa ezagutarazteko” on-line ikastaroa antolatu dugu. Maialen Igartua Arcelus izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu gai honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Zer dela eta planteatu duzu formazio hau? Gaur egun ezinbestekoa bihurtzen ari da negozioek edota proiektuek sarean presentzia izatea, eta presentzia hori ongi kudeatzen jakitea, gure nortasunaren isla baita. Enpresa oso handien kasuan, komunikazio saila izaten dute eta haiek arduratzen dira horretaz. Langile gutxiko enpresen kasuan edota hasi berria den proiektu baten kasuan, ordea, norbera izaten da sareko presentzia kudeatzeaz arduratu behar dena. Pertsona horiei bidea errazteko planteatu dut formazio hau, eta, gehienbat, sarean denon eskura dauden doako tresnak ikusiko ditugu.   

Ze gai landuko dituzue ikastaroan? Ikastaroak bi ardatz nagusi izango ditu. Batetik, sarean presentzia nola izan landuko dugu, helburu garbi batekin: gure bezeroek edo bezero potentzialek sarean bilatzen gaituztenean, gu topatzea eta guri buruzko oinarrizko informazioa eskura izatea. Horretarako, aukera ezberdinak ikusiko ditugu: webgune korporatiboa, bloga, sare sozialak eta bilatzaileetan posizio onak lortzeko SEO teknika ere ikusiko dugu apur bat. Bestetik, identitate korporatiboa ere landuko dugu. Hau da: sarean egiten dugun komunikazioaren bidez, nire enpresaren zein irudi ematen dut? Sarean egotearekin ez da nahikoa; sareko gure nortasunak, gure negozioaren nortasuna islatu behar du. Bide horretan, sareko komunikazioa modu eraginkor batean kudeatzen ikasiko dugu. Azkenik, sareko komunikazioa antolatzeko komunikazio plangintza egiten ere ikasiko dugu. Hortaz, laburbilduz, hauek izango dira ikastaroaren bi ardatzak: sarean NON egon eta NOLA egon.    

Hortaz, komunikaziorako erabiltzen diren tresnak bezain garrantzitsua da edukia ezta? Hori da. Ikastaro honen helburuetako bat da ikasleak oso kontziente izatea sarean argitaratzen ditugun edukiek gure negozioaren nortasuna islatuko dutela. Horregatik, garrantzitsua da gure negozioaren nortasuna eta balioak sareko komunikazio horretan islatzea. Esaterako, gure enpresaren balioetako bat euskara bada, ez du zentzurik sareko komunikazioa gaztelaniaz egiteak. Beste adibide bat: gure webgunea zaharkitua badago eta edukiak desordenaturik, gure enpresa ere zaharkitua eta fundamentu gutxikoa dela pentsatuko dute sareko erabiltzaileek. Gaur egun gure dendako erakusleihoa txukun izatea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da gure sareko presentzia txukuna izatea.    

Sareko komunikazioan, zein paper jokatzen dute sare sozialek? Sare sozialena oso bide eraginkorra da gure publikoarengana iristeko, eta, gainera, dohainik. Horretarako, noski, gure publikoa zein sare sozialetan mugitzen den jakitea ezinbestekoa da. Gure publikoa Instagramen badago, alferrik ariko gara Facebooken gure edukiak partekatu eta partekatu. Gainera, gure publikoari buruzko datuak jakiteko ere oso baliagarriak dira sare sozialak: gustuak, ohiturak informazio oso erabilgarria atera daiteke.    

Zein da erabiliko duzun metodologia? Ikastaroa ahalik eta modu praktikoenean planteatu dut. On-line komunikazioan kontuan izan beharreko funtsezko gakoak azalduko ditut, bakoitzak bere errealitatean aplikatu ahal izateko. Ikastaroan zehar egingo ditugun ariketetan ere, bakoitzak bere negozioaren edo proiektuaren inguruko komunikazioa landu ahal izango du. Ikastaroaren amaitzean, ikasle bakoitzak bere negozio edo proiektuaren inguruko komunikazio plangintzatxo bat izango du esku artean, ikastaroan zehar apurka osatzen joango direna, eta praktikan jarri ahal izango dutena.   

Norentzat da ikastaro hau? Ikastaro hau sarean jarduera baten berri eman nahi duten pertsonei dago zuzenduta, izan negozio bat, proiektu bat. Ez dago komunikazioan edota sareko tresnetan aditua izan beharrik. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude