Mikel Castellano: “Naturazaleak prestatu nahi ditugu ingurunea egoki, kalitatez, harrapatzeko”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruanEuskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa ikastaroa antolatu dugu Getaria-Askizu aterpetxeanMikel Castellano Rodriguez izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu berari eta antolatzaileei. Matrikula zabalik dago.

Zer dela eta antolatu duzue ikastaroa? Nondik sortu zaizue ideia? Naturazaleen ametsa da betiko gordetzea naturak une jakin batean eskainitako altxorra. Horregatik, helburua izaten da argazki bihurtzea gustuko bazterrak eta mementoak. Ez da lan makala, ordea, begiek ikusitakoa kamerak ehizatzea. Are eta zailagoa da, argazkilaritza gustuko izan arren, inoiz formaziorik jaso ez bada. Hori dela eta, naturazaleak prestatu nahi ditugu ingurunea egoki, kalitatez, harrapatzeko. Hala ere, oinarrizko kontzeptuak lantzeko paisaiekin hasiko gara ikastaroan, animalien aldean mugitzen ez direnez errazagoa delako.

Zein gai landuko dituzue? Lehen aipatu moduan, euskal paisaia landuko dugu, zehazki, baso, itsaso eta landa paisaia. Helburu horretarako Getaria aukeratu dugu, ongi laburbiltzen baititu Euskal Herriko paisaia nagusiak. Aukera bikaina da hainbat aukera ematen dizkigulako eremu txikian, esaterako, minutu gutxitan dira Pagoeta (basoa), Askizu (mahastiak eta baserri-guneak) eta Zumaia (kostaldea). Aniztasun hori guztia biltzeko kasu bakoitzean zer egin behar den erakutsi nahi dugu. Dena den, ez dugu asteburu osoa pasako kalean. Argazkiak ateratzen hasteko ezinbestekoa da kamera baten oinarrizko funtzioak ikastea, eta beraz, reflex kameren alor teorikoa ere landuko da ikastaroan.

Argazki-kamera reflexa aukeratu duzue eta ez digitala. Zergatik? Hasteko, azpimarratu behar da argazkilaritza modu askotan egin daitekeela, bai kamera konpaktuekin eta bai reflex kamerekin. Hala ere, reflex kamerak aukera ematen du argazkia ateratzerakoan parametro edo aldagai guztiak doitzeko eta beraz argazkiaren emaitzarekiko erabateko kontrola dugu. Argazkiaren emaitza benetan erabakitzeko aukera dugu. Parametro horien ezagutzan jarri nahi dugu fokua. Gainera, taldea zein erreminta ahalik eta homogeneoena izaten saiatu gara. Gaur egun, argazkilaritza profesionalean reflex digital kamerak erabiltzen dira. Kalitatearen aldetik beste tresnekin duen diferentzia oso handia da. Objektibo aukera handiagoa dago hainbat argazki mota ateratzeko. Hala ere, ikastaroan reflex kamera bat eskuz erabiltzen ikasi arren, azkenean argazkia irakurtzen ikasiko dugu, zentzu bat harrapatzen eta argazki on bat ateratzen. Beraz, reflex bat kontrolatzen ikasten badugu, mugikorrarekin argazkiak ateratzeko ere baliagarri izango da. Nahiz eta mugikorrek reflex kamera batek ematen dizkigun aukera asko ez eman. Behin kamera batek nola funtzionatzen duen ulertuta, errazago ulertuko dugu zergatik argazkiak ez diren guk nahi dugun bezala ateratzen. Gatazkak non dauden eta nola konpondu ditzakegun ikasiko dugu.

Zein da erabiliko duzuen metodologia? Lehenik eta behin, metodologia klasikoarekin funtsezko teoria landuko dugu: kameren ezaugarri guztiak ezagutu, zertarako balio duten ikasi, nola erabili behar diren aztertu... Horretarako, gidalerroak prestatuta eramango ditugu.  Ondoren, ikasitako dena praktikan jartzera aterako gara aipatutako paisaietan barrena. Azken finean, argazkiak erruz ateratzen eskuratuko ditugu gaitasunak eta ikasi beharko dugu begia prestatzen kameraren parametroak nola egokitu jakiteko.

Norentzat da ikastaro hau? Ingurumenari argazkiak ateratzen hasi berriei zuzenduta dago ikastaroa. Oinarrizkoa denez, ez da aurretik kameren erabileraz deus jakin behar. Hori bai, baldintza da ikastaroan parte hartzeko nork bere (edo lortutako) reflex kamera eramatea. Horrenbestez, mendian eta kostan egotea gustuko baduzu eta argazkizalea bazara, ez galdu aukera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

11 + = 14