Juan Ezeiza: “Moodle-ren jarduera motibagarriak sortu eta irakasleen lanerako erabilgarria izango den molde birtuala prestatzea dira ikastaro honen helburuak”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Moodle-ren gamifikazioa eta ikasleak motibatzeko sormenezko hainbat erabilera ikastaroa antolatu dugu on-line. Juan Ezeiza Gutierrez izango da irakaslea eta hainbat galdera egin dizkiogu. Matrikula zabalik dago.

Zein dira ikastaroaren helburuak? Ikastaroaren helburuak, besteak beste, Moodle-ren oinarrizko ezaguera duten irakasleek e-learning plataforma horren potentziala ezagutu, jarduera motibagarriak sortu, gehigarri ez-estandar batzuekin aritu eta irakasleen lanerako erabilgarria izango den molde birtuala prestatzea dira.   

Moodle potentzial handiko tresna da, baina ez zaio etekin guztia ateratzen. Zergatik dela uste duzu? Egia da. Irakasle askok Moodle dokumentu-biltegi soil moduan erabiltzen dute. Batzuek galdetegi eta zereginak ere erabiltzen dituzte, baina oso gutxi dira Moodle-ren gehigarrien erabilpen zabala egiten dutenak. Moodle.org webgune ofizialean 150 gehigarri ez-estandar baino gehiago daude eta ez dira gutxi euskaratuta daudenak (jarduera-moduluak, galderak, blokeak, iragazkiak...). Nire ustez, horren zergatia formazio-falta da. Eguneroko lanak denbora gutxi uzten digu eskuliburuak irakurri, foroetan nabigatu edo ikastaroetan matrikulatzeko, baina ahalegina eginez gero, atera daitekeen etekina handia da. Programatzen ez dakien irakasle batek bere ikastaroetan jolasak, gurutzegramak, hitz-zopak, denbora-lerroak, bideo interaktiboak, ebaluazio gurutzatua lantzeko tailerrak, foro ebaluatuak, glosarioak, datu-baseak, berrikusteko karta-jokoak eta abar luze bat gehi dezake.   

Zer da gamifikazioa? Gamifikazioa ingeleseko game (jolas) hitzetik dator. Berez, jokoekin zerikusirik ez duten jardueretan jokoen teknikak erabiltzea esan nahi du. Gamifikazioa, hezkuntzaz gain, beste esparru batzuetan aplikatzen da, hala nola, enpresa-munduan, osasunean edo publizitatean. Hezkuntzan hainbat planteamendu posible dago: adibidez, ikastaro oso bat jolas luze bihur daiteke (pertsonaiak, bete beharreko erronkak, puntuak, dominak, taldeak, lehiaketak...) edo bakarrik jarduera batzuk gamifikatu (une batean gurutzegrama, sudoku edo beste jolas bat erabiliz) edo tarteko bide bat har daiteke (saio bakar bat gamifikatuz, jolasak eta teknika didaktiko klasikoak tartekatuz...).

Askok beldurra diete on-line ikastaroei. Moodle ikasleak motibatzeko tresna egokia da? Zergatik? Moodle tresna malgua, boteretsu eta askotarikoa da. Motibazioa erabileran dago. Irakasle batek arbela eta klarionaz motiba dezake eta beste batek ordenagailu eta proiektoreaz ikasleak aspertu. Moodle ikasketa-ingurune modularra da eta modulu horiek oso motibagarriak izan daitezke erabilera-mota asko ahalbidetzen dutelako. Irakasle batzuek Moodle-ri beldurra diote, hainbeste aukera daukanez, galduko direlakoan daudelako. Ikasleek, aldiz, pentsa dezakete on-line ikastaro batean ordenagailuaren aurrean bakarrik egongo direla, astuna izango dela eta zalantzak argitzea zaila egingo dela. Hiru eragozpenak tutoretza-lan egokiarekin uxatzen dira. Ikastaroan taldeko lanari eta praktikotasunari garrantzi handia emango diegu. Gainera, komunikazio-tresna ugari erabiliko ditugu (foroak, egunkariak, barne-mezularitza...) ikasleek irakaslearekiko eta ikaskideekiko gertutasuna senti dezaten.   

Moodle-ren jarduera atseginak izango dituzu irakasgai. Adibide bat jartzerik izango zenuke? Lehen aipatu ditudan jolasez gain, jadanik dauzkagun materialak era berritara berrerabiltzeko teknikak landuko ditugu. Esate baterako, betiko galdetegietako galderak erabiliz, ikasgelan aurrez aurreko galdetegiak, Arcade motako Marteko inbasoreen jolasak edo aberatsaren jolasa (50×15) antolatzen ikasiko dugu. Beste adibide bat: definizio-bilduma batetik abiatuz, gurutzegramak, hitz-zopak, urkatuak, sugeak eta eskailerak, sudokuak edo karta-jokoak oso azkar prestatzen ikasiko dugu.   

Zein da erabiliko duzun metodologia? Ikastaro guztiz praktikoa izango da. Moodle-ren moduluen erabilera aztertu ahala, parte hartzaileek praktikak egingo dituzte, on-line ikastaro bat osatzeko saiakera eginez. Ikasleen ikas-prozesua autonomoa bultzatu nahi da eta horretarako nork bere kasa ikasten segitu ahal izateko baliabideak eskaini nahi ditugu. Bestalde, foroak ezinbesteko tresna izango dira taldean ezagutza eraikitzeko.    Ikasleek beraiek taldeka diseinatutako ikastaroak eraiki beharko dituzte, ikasitakoa oinarri gisa hartuz eta beren ikasleekin aplikatzeko helburua izanez. Aipatzekoa da lehenengo saioa presentziala izango dela. Lehenengo saio horretan, Moodle-ren gamifikazioaren ereduak erakusteaz gain, ikastaroaren oinarriak eta nondik norako nagusiak azalduko dira. Hortik aurrera, ikastaroa on-line izango da.   

Norentzat da ikastaro hau? Ikastaroa Moodle-ren oinarrizko ezaguera duten etapa guztietako irakasleei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek Moodle-ren barruan gutxienez fitxategiak igotzen, ikasleentzat edukiak argitaratzen eta zeregina bezalako modulu sinpleak kudeatzen jakin beharko dute.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

3 + 1 =