Eli Moreno Carrillo: “Bullying-ari aurre egiteko komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea da helburua”

UEUk eta Azpeitiko Udalak “Bullyingaren mugak gainditzen” jardunaldia antolatu dute azaroaren 24rako Azpeitian. “Bullying-ari aurre egiteko egiten ari denaren argazkia jasotzeko” aukera izango da Eli Moreno Carrillo jardunaldiko arduradunaren esanetan eta “behin argazkia eta kontaktuak izanda, sareak sortzeko aukera egon daiteke eta lan ildo desberdinak irekitzeko aukera”.

Bullying eta cyberbullyingaren definiziotik eta prebalentziatik abiatuko zarete. Zein helbururekin?
Azken urteetan bi gai hauek pil-pilean dauden gaiak dira, gero eta kasu gehiago salatzen dira eta hala ere adituek iceberg-aren punta bakarrik ikusten ari garela diote. Beste batzuen iritziz aldiz, beti gertatu da eta gaur egun begi-bistakoagoa dela diote. Honez gain, badirudi esku hartzeko orduan zailtasunak izaten ditugula bullying-aren tratamendua eman behar diogun jakiteko ala ez eta nortzuk esku hartu behar duten erabakitzeko. Zailtasun hauek alde batera utzita, denok ados gaude bullying-a izan ala ez, bizitzen ari den/diren pertsona horiek sufrimendua dutela eta sufrimendu hori desagertzen ahalegindu behar garela. Azken finean sufrimendua inplikatuta dauden guztientzat baita, ez bakarrik zuzenean inplikatuta daudenentzat, baizik eta familiak, lagunak… ere. Ondorioz, jardunaldi honen helburuak Bullying-ari aurre egiteko komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea da, bai prebentzio mailan baita detekzioaren ondoren ere, hau guztia ikuspegi komunitario bat emanez.

Jardunaldia Azpeitian izango da eta, besteak beste, herriko ikastetxe desberdinetako programek euren lekua izango dute.
Azpeitiko ikastetxeek ere beraien lekua izango dute jardunaldian eta beraien ikastetxeetan aurrera eramaten diren programak eta protokoloak azaltzeko. Guztiak ari dira buru belarri gai honi aurre egiteko nahiarekin, beraien ikastetxeetan Bullying-ak lekurik ez izateko. Polita izango da ikustea, nola hirurek bat egiten duten helburuan estrategia edo eta metodologia desberdinak erabiliz. Gainera, askotan, ikastetxeek isilean egiten duten lana izaten da eta garrantzitsua da herrira zabaltzea egiten ari diren esfortzua eta sentitzea denok bat egiten dugula Bullying-aren aurrean.

Dispositibo/gailu mugikorren eragina ere aztertuko duzue gazte eta nerabeengan. Besteak beste, mendekotasuna. Nahikoa lantzen al da gaia ikastetxeetan? Eta etxeetan? Zein gabezia daude?
Gailuak heldu zirenetik asko hitz egin da beraietaz, onak edo txarrak diren, zein adin izango litzatekeen egokiena haurrak edo nerabeak hasteko erabiltzen… Argi dagoena da, gure etxeetan orokorrean gailu bat baino gehiago dagoela, eta gailu hauek hamaika aukera ematen dizkigutela; hau da, gure etxetik mundu osora zabaldu gaitezke eta mundu osoko gauzak jaso; beraz, erabileran daude arriskuak eta noski aukerak. Beraz zer nolako erabilera eman aukerak aprobetxatzeko izango da lan ildoa.
Lanketari buruz esan, helduak garela gailu hauekin bizitzen ari garen lehenengo belaunaldia; hau da, ez daukagu beste gai batzuetan bezala erabilera edo heziketa erreferentziarik; beraz, askotan intuitiboki eta gure zentzuaren arabera hartzen ditugu erabakiak, duda askorekin.

Genero-indarkeriaren eta bullying/cyberbullyingaren artean egon daitekeen harremana aztertzea ere bada zuen asmoa
Bai, batetik bullying-az hitz egiterakoan genero ikuspuntua txertatzea nahi dugu, generoak halako egoeretan nola eragin dezakeen aztertzeko eta bestetik “maitasun erromantikoak”, (sinesten jarraitzen dugun maitasun horrek), nola eragiten duen genero indarkerian gaztetxo hauen artean aztertzea, kontuan izanik sare sozialez egiten duten erabilera handia.

Nori egin nahi zenieke dei jardunaldiotan parte hartzeko?
Interesa duen edozein hurbildu daiteke, egitaraua zabala da, denon partaidetza bultzatuko da eta Bullying-ari aurre egiteko egiten ari denaren argazkia jasotzeko aukera izango da. Behin argazkia eta kontaktuak izanda, sareak sortzeko aukera egon daiteke eta lan ildo desberdinak irekitzeko aukera; beraz, partekatzeko aukera ezin hobea dela esango nuke nik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude