Iñigo Lopez Gazpio: “Arduinoren filosofia “zuk zeuk egin” planteamenduarekin bat dator”

UEUren Eibarko Udako Ikastaroen barruan “Domotika, sentsore eta automatizaziorako lehen urratsak Arduino plataforma erabiliz” ikastaroa izango da gaur eta bihar. Iñigo Lopez Gazpio informatikan ingeniaria eta IXA taldeko zein UEUKidea da, Adriana Carcedo Martinekin batera, ikastaroko arduraduna.

BIDEOA IKUSI

Gazpio

Zertan datza Arduino plataformak? Zein ezaugarri ditu? Zein berezitasun? Arduino elektronika irekiko plataforma bat da (software librea), eta honen bitartez, hardware eta software prototipo azkarrak eraikitzeko aukera dago, hain zuzen ere, horregatik aukeratu dugu plataforma hau ikastaroa emateko. Ikasketa kurba erraza izateaz gain, gaur egun oso erabilia eta ezaguna da beste gailuekin (sentsoreak, eragingailuak, etab. ) komunikatzeko eskaintzen duen aukera zabalagatik. Gainera, Arduinoren filosofia “zuk zeuk egin” planteamenduarekin bat dator, hau da, Arduino eginez ikasten da.

Domotika arloan zer egin daiteke Arduinorekin? Kurtso honetan sentsore eta eragingailu sinpleekin arituko bagara ere (ledak, buzzerak, motor txikiak, infragorriak, ultrasoinu uhinak, …), Arduino etxeko argi indar sistemarekin uztartu daiteke, eta honela, honen bitartez korronte elektrikora konektatuta dagoen edozein gailu kontrolatu. Gure tailerrean, adibide sinple bat ematearren, dendetan atea ireki dela hautemateko sistema eraikiko dugu beste gauza askoren artean.

Eta ikastaroan zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena? 
Ikastaroan Arduinon programatzeko aukerak landuko ditugu, programatzaileentzako eta programatzen ez dakitenentzako inguruneak aurkeztuz. Honetaz gain, sentsoreak eta eragingailu sinpleak azalduko ditugu, eta hauetaz baliatuz muntaia desberdinak egin. Ikastaroaren amaieran, behin Arduinon abilezia pixka bat hartutakoan Arduino mugikorrarekin konektatzen ikasiko dugu bluetooth teknologiaren bitartez. Bukatzeko Arduinon egin daitezkeen proiektu anbiziosoagoak aipatuko ditugu, ikasleak Arduinorekin lanean jarrai dezaten animatzeko.

Ikastaro praktikoa izango da.
 Bai, ikastaroa erabat praktikoa izango da, Arduino proiektuak eginez ikasten delako. Hala ere, azalpenak eta kontzeptuak tartekatuko ditugu ikastaroan aurrera egin ahala kontzeptu berriak pixkanaka-pixkanaka barneratzeko.

Zein da azken helburua? 
Ikastaroaren helburu nagusia da Arduinoren oinarriak erakustea, eta era honetan, ikasleek muntaia sinpleak egiteko autonomia garatzea. Baita muntai sinpleak konbinatuz proiektu konplexuagoak egiteko autonomia garatzea. Azken finean, Arduinori beldurra kentzea eta proiektuak garatzeko oso plataforma sinplea dela erakutsi nahi dugu ikastaroan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude