Ester Alvarez Uria: “Helburu orokorra gizabanakoaren garapen osoa sustatzea da”

Adimen emozionala landuko du Ester Alvarez Uriak apirilean Iruñeko UEUren egoitzan. Batez ere eskola eremuan nola jorratu lantzea da ikastaroaren asmoa. “Irakasle bakoitzak bere burua abiapuntutzat hartuta emozioen gaiari heltzea, bihotza eta burua bateratzen ikasten hasteko, eta eskolan ikasleei beren gaitasun emozionalen garapenean nola lagundu ikasteko”. Izena emateko epea irekita dago.

Ester Alvarez

Adimen emozionalaz ari garenean zertaz ari gara?
Adimen emozionalak emozioak zehaztasunez hautemateko, ulertzeko eta adierazteko gaitasunak biltzen ditu. Oinarrizko gaitasun hauez gain, pentsamendua errazteko emozioen erabilera ere barne hartuko luke; baita emozioak modu adimentsuagoan erregulatzeko gaitasuna ere.

Azken urteotan emozioak eta adimen emozionala lantzeko hainbat material sortu da, baina oraindik ere adimen emozionalak ez du behar lukeen lekua hezkuntzan. Garapen osorako beharrezkoa da ordea
Gaur egun hezkuntzatik gaitasun emozionalen heziketaren gaineko interesa eta beharra onartzen da, eta honek gutxinaka-gutxinaka irakasleen formakuntza sustatzen hastea dakar; baina bidearen hasieran gaude oraindik, momentuz irakasle edo eskolaren araberakoa izaten baita gai hauei eskaintzen zaien lekua eta denbora.

Asko dago oraindik egiteke helburu orokorra lortze aldera; hau da, gizabanakoaren garapen osoa sustatzea (kognitibo zein emozionala), eguneroko bizimoduan sortzen zaizkion erronkei aurre egiteko gai izateko; haren ongizate biologiko, psikologiko eta soziala areagotu asmoz.

Norbere emozioak ezagutzea bakarrik ez, bestearenak ezagutzea ere garrantzitsua da.
Noski. Ez gara isolatuta bizi. Gizabanakoak bestearen beharra du, bestearekin harremanak eraikitzeko beharra. Elkarreragin hauek gogobetegarriak izateko, ezinbestekoa da pertsonarteko hainbat gaitasun emozional martxan jartzea; adibidez, enpatia, asertibitatea, edota gatazken ebazpena.

Zein onura dakartza gaitasun emozionalak lantzeak?
Emozioek gure ingurunearekin eta gure buruarekin harremantzeko, ekintzak bideratzeko, aukeraketak egiteko, eta hainbat gauzetarako ezinbestekoa zaigun informazioa ematen digute.

Batzuetan, informazio hau desatsegina edo mingarria egiten zaigunean, erreprimitzera jo dezakegu; beste batzuetan, Van Gogh-ek zioen bezala, gure bizitzaren kapitainak bihurtu daitezke, gu haiek obeditzera eramanez. Aipatutako bi kasuetan, ondorioak ez dira oso osasungarriak izaten gizabanakoarentzat.

Gaitasun emozionalen lanketak, gure mundu emozionalaren ezagutze, ulertze eta jabetze prozesu bat dakar; eta horrela, hauek ematen diguten informazioaz baliatu ahal izango gara gure ekintzak askatasun eta osasun handiagoz nola bideratu erabakitzerakoan. Horrela, bizitzan zehar agertuko zaizkigun egoera eta zailtasun desberdinei modu egoki eta osasungarriago batean erantzuteko prestatuago egongo gara.

Zuk esan legez, ikasleei adimen emozionala garatzen lagundu ahal izateko nahitaezkoa da irakasle bakoitzak bere adimen emozionala lantzea
Alde batetik, ulertu behar dugu heziketa emozionala bizitza zikloan kokatzen dela, eta horregatik bizitza osoko prestakuntza iraunkorrean egon beharko luke, haur hezkuntzatik hasita zahartzarora arte.

Bestalde, irakasleak heziketa emozionala jasotzeak irakasleari berari lagunduko dio bere  jardunean beharrezkoak izango dituen gaitasunak sustatzeko, baita irakaslea ikasleen eredu izanik, hauen adimen emozionala garatzeko ere. Ikasleek identifikazioz jasoko baitute ikaskuntzaren parte handi bat.

Ez da ikastaro teoriko hutsa izango
Gai hau lantzeko ez luke zentzurik ikastaro teoriko hutsa izateak. Ikastaroan zehar alde teorikoa praktikarekin uztartuko dugu. Ariketa desberdinak proposatuko dira, esperientziaren bidezko ikaskuntza eman dadin; bestalde, aurkeztuko diren eduki teorikoen inguruko hausnarketa sustatuko da.

Horretarako, bakarka, binaka zein talde mailan aurrera eramateko talde dinamika desberdinak proposatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

35 + = 38