Jule Goikoetxea: “Gatazka publikoan emakumeek ez dugu protagonismorik, ez dugu lekurik”

UEUren Udako Ikastaroen harira, “Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean” izeneko ikastaroa antolatu dute gaur eta bihar artean Iruñeko Jaso ikastolan. Bertan aritu dira, besteak beste, Jule Goikoetxea eta Zuriñe Rodriguez.

Zuriñpe eta Jule1Oihana Etxebarrieta kazetaria eta Arantza Santesteban Historialaria eta Zinema Dokumentalen diplomatuak ikastaroa aurkeztu ondoren -biak ere Mugimendu Feministako kideak-, Jule Goikoetxeak, Politika zientzietan doktorea eta UPV/EHUko irakasleak, bere hitzaldiari ekin dio. “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai” izena du eman duen hitzaldiak, eta titulua bezain esanguratsuak izan dira azaleratu dituen ideia guztiak. “Nik hitzaldiak galderekin hasten ditut beti, oraingoan ere horrela hasiko dut: normalizazioak bakea al dakar? Noren bakea? Zer da gatazka? Galdera horiei eta gehiagori erantzuten saiatuko naiz gaurkoan” esanaz abiatu da Jule Goikoetxea.

Gizartearen normaltasuna indarkeria onartzen duen gizartea dela aipatu du baita ere, gizonak emakumeak gobernatzen dituen gizartea, demokrazia, alegia. “Gatazka publikoan emakumeek ez dute protagonismorik, ez bakean ez gatazkan, ez dugu lekurik ez batan ez bestean eta hori esklusio sistematikoa da” esan du Julek. “Hori da normalitatea: egunero akabatzen gaituzte emakume izateagatik eta normaltzat hartzen dugu“. Egungo gizartearen pertzepzioa gatazkarik ez dagoela dela esan du, gatazkak gizonezkoen artean arazoak daudenean soilik ematen direla, bakea ere gizon bi edo gehiagoren artean hitzarmenak egiten direnean ematen dela.

Ez bada espazio publikoan emakumearen espazioa lortzen norma eta normalitatea ez dira gurea izango, gizonek gobernatzen dute bakea eta gatazka eta hor lortu behar dugu lekua emakumeok” adierazi du politologoak, bakea estatuekin ditugun gatazkak konponduta datorrela uste dela esaten jarraitu gero, bere ustez bakea biolentziaren normalizazioa del argi utziz. “Bakearen kontzeptua biolentzia motak ezkutatzeko asmatu zen, eta bakea lortzeko feminismoa behar da” esanaz bukatu du Jule Goikoetxeak bere tartea.

Zurine Rodriguezek hartu dio lekukoa Juleri eta “Euskal Herriko gatazkaren (ber)irakurketa feministak” izan du hizpide UPV/EHUn ikerlari eta irakasle lanetan dabilen kazetariak. Egun Euskal Herrian gatazkatzat hartzen ditugun kontzeptuez eta benetan dauzkagun gatazkez aritu da bera, eta aipatu duenez, gatazka bakarra ikusten dugu edota ikusarazten digute: terrorismoa, ETAk armak uztean etorriko dela bakea esan ohi baita. “Beste biolentziak ez ditugu antzematen, biolentzia nabarmenenak soilik nabari ditugu” aipatu du, imaginarioz eraikitako gizarte batean bizi garela azpimarratuz. “Emakume ia birjinaren eta gizon gudariaren irudiak dauzkagu oraindik ere, eta emakumeak gudariak zaintzeko jaiotzen dira” adierazi du emakume zaindari eta gizon borrokalariez hizketan jarraituz. Hitzaldi labur bezain sakon bat eman ostean galderak egiteko eta eztabaida zabaltzeko tartea izan dute hizlari zein ikusleek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude