“Munduari so: XXI. mendeko inperialismoaren hausnarketa prozesu ezberdinen gakoei erreparatuz” jardunaldia ekainaren 6an

Ekainaren 6an “Munduari so: XXI. mendeko inperialismoaren hausnarketa prozesu ezberdinen gakoei erreparatuz” jardunaldia antolatu dute Eibarren UEUk eta Askapenak Udako Ikastaroen eskaintzaren baitan. Azken honetako ordezkariekin hitz egin dugu bertan landuko diren gaiei buruzko xehetasunak jasotzeko. Matrikula zabalik dago.

Ikusi Unai Vazquez Puenteren bideoa

Ikusi bideo laburpen laburra

askapenaJardunaldi hauetan gaur egungo munduaren funtzionamenduari so, kontzeptu jakin batzuk landu nahi dituzuela diozue. Pare bat zertzeladetan, nola funtzionatzen du munduak? Tamalez, munduak orain dela 500 urte sortutako ereduen baitan jarraitzen du funtzionatzen. Abya Yala edo Amerikako kolonizazioarekin batera ekonomiaren mundializazioa etorri zen, kapitalismoaren zabalpen orokorra. Egun, oraindik eta txikiago bilakatu zaigu mundua, komunikabide eta garraioen zabalpenarekin batera, “globalizazioa” kontzeptua orokortzen da, kapitalismoa bere fase neoliberalean sartzen da, eta azken honetan “oinarrizko akumulazioa” finatzen bidez burutzen da, baina beti ere tresna nagusi batekin, “Inperialismoa”, indarkeriaren erabilpenaren edo mehatxuaren bidez. Horrela ikusi dugu atzoko guda hotzetik gaur egungoraino, Libian, Sirian, Palestinan, Venezuelan edo Ukrainian. Beti ere gudan isladatzen den eredu patriarkalean.

Zein egoeratan dago internazionalismoa, eta, Euskal Herrira ekarriz, Askapena? Herrien arteko samurtasunak ibilbide luzea du gure herrian: Nikaragua, El Salvador, Kuba, OTAN EZ kanpainia… Sentimendu horietatik jaio zen hain zuzen ere Askapena orain 28 urte. Elkartasun hutsetik haratago urrats bat gehiagoren bila, Euskal Herria internazionalista bat eraikitzeko helburu argiz. Eta bide horretan hamaika ekimen eta borroka garatu izan dira geroztik

Gaur egun zehazki euskal herriko borroka internazionalista epaitu nahi dute eta zehazki Askapena antolakundea ilegalizatu nahi dute, horrek elkartasun uholde bat ekarri du mundutik zein Euskal Herritik. Errepresio honi lan gehiagorekin erantzuten ari zaio, ez soililik askapenaren aldetik, baizik eta ezberdintasunak alde batera utzita, elkarte internazionalista zein herri mugimendu guztien artean sortzen ari diren sareetan.

Munduan orokorrean egia da erreferente falta dagoela. Egun, Internazionalak ez dira existitzen, eta hauen ordezkoa hartu ahal ziren Mundu Foro Sozialak zein herrialde bakoitzekoak maldan behera daude. Hala ere, historian sortutako adibiderik politenetariokoa dugu martxan, ALBA-TCP delakoa, zeinean latinoamerikako herrialde zein gizarte-mugimendu ezberdinak elkartzen diren, elkartasuna oinarri.

Zeintzuk dira, zuen iritziz, munduan zehar dauden borroka erreferentzialak? Herri bakoitzean egoera oso ezberdinak aurkitzen dira, zapalkuntza bakoitza ezberdin garatzen den heinean, honi aurre egiteko bideak eta estrategiak oso bestelakoak dira. Beraz, herrialde bakoitzean esperientzia oso ezberdinak eta aberasgarriak aurki ditzakegu.

Egia da ordea, latinoameriketako borrokak erreferentzia nagusi direla, beraiek, inon ez bezala ari dira sistema-mundu neoliberal, patriarkal, inperialistari aurre egiten, XXI. mendeko sozialismoaren bidez edo “Buen Vivir” dela medio. Hala ere, ezin ahaztu faxismoaren kontrako borroka Ukrainian edo ISISekoei aurre eginez Kurduak eraikitzen ari diren sozialismo-libertarioa.

Baina badugu zer ikasi Espainiar Estatuan aurkitzen diren borroka ezberdinetatik, bai elkartasuna lantzeko edo eta borroka ereduak topatzeko. Herrialde Katalanetatik irakaspen politak daude, independentziarako bidean pausu galantak ematen ari dira, ezkerretik eta herritartasunetik, Herri Batasuneko hautagaitzen bidez (CUP delakoak) eta kaleko eguneroko jardunari esker. Andaluzian geroz eta indartsuagoa da herri boterea, lurren okupazioaren bidez, edo Andaluziako Langileen Sindikatoaren hazkundearen bidez (SAT). Gaztelan, Madrilen bereziki, M15 mugimenduaren grina baliatzen kapazak izan diren mugimendu edo plataforma politikoak pentsaezinak ziren orain dela 5 urte. Eta hauek guztiak latinoamerikan emandako borroka eta ereduei erreparatu diete denbora luzez, antzekotasun pilo bat uztartuz, esan Podemos edo izan koloreetako martxak.

Eta etorkizunera begira, nola jarraituko du munduaren antolaketak? Argi da munduan zein den gailentzen den ideologia politikoa, beraz eskemak bere baitan berdin jarraituko duela aurreikus genezake, epe motzean behintzat. Modu berriak aurkituko ditugu agian baina eskema bere baitan mantendu edo berproduzitzeko helburuarekin beti ere. Eta bide horretan, noski, botere ekonomiko eta politikoa zalantzan jarri edo ekarpenik egiten ez dioten proiektu, ekimen edota borroka ororen aurka joko dutela ere esatea ez da ezer berria. Errepresioaren aurrean herrien erresistentziak handitzera joko duela ere esan genezake, edo behintzat jo beharko dugu aldaketak eragin nahi baditu.

Hori guztia kontuta izanda ere, nabaria da potentzi handien arteko lehia inoiz baino zabalagoa dela. AEB, Estatu inperialista gisa, munduko polizia izaten jarraitzen du, OTAN eta bere flota guztien bidez (munduko armada guztien %50a baino gehiago beraiena da), baina bere hegemonia ekonomikoa galtzen hari da, BRICS-en (Brasil, Rusia, India China eta sudafrika) onerako. Hauetako gehienek sistema-munduaren funtzionamendua kolokan ipintzen ez badute ere (momentuz), Ipar-Hegoa menpekotasun ejea zalantzan ipintzen dute, Hegoa-hegoa kooperazio ejea irekiz.

Zer egin daiteke, Euskal Herria bezalako herri txiki batetik, munduko injustiziak aldatzen saiatzeko? Argi dugu oinarrizko ideia batzuk barneratzea behar beharrezkoa dugula. Argi izan behar dugu hemen Euskal Herrian edo munduko beste txokoetan etsai berdina dugula. Eta beraz, etsai berdina dugun heinean beharrezkoa da herri langileok joan etorriko elkartasun zubiak eraikitzen jarraitzea.

Edonola ere, Euskal Herriaren askapen borroka da beste herriei egin diezaiekegun elkarpenik handiena. Estatu propioa izatea, eta bestelako kudeaketak proposatzea litzake elkartasun keinurik emankorrena. Europar Batasunetik at, eredu neoliberak inperialistatik kanpo, parekotasunean oinarritutako jendartea eraikiz, neurrira egindako sozialismoarekin, antimilitarista, feminista eta ekologista. Gaurko ametsak biharko errealitateak direlako. Kuba eredu bat da horretan.

“Atzoko eta gaurko inperialismoaren tresnez” hitz egiten duzue. Zeintzuk dira tresna horiek eta nola aldatu dira historian zehar? Inperialismoaren ibilbide historiko osoan ikus daiteke herrialde bateko kanpo zein barne eliteek dituzten interesen arabera zapalkuntza ereduak aldatzen joan direla. Zaila da erabilitako estrategien kronologia jarraitu bat egitea, herrialde bakoitzean zeuden baldintzen arabera egokitu baititu tresnak inperialismoak. Garai batean lurralde jakin batzuetan erabilitako estrategiak, hainbat urte beranduago jarri dira martxan munduko beste tokietan. Ondoren mundu osora zabaldu nahi izan diren metodologien probaleku izatea egokitu zaie hainbat herrialderi. Horra hor krisi ekonomiko, sozial edo politikoek eragindako egoera ezegonkorren aurrean martxan jarritako programa ekonomiko zehatzak, zor ekonomikoaren estrategia, Estatuak transnazionalen ordezkari bilakatzearen taktika, estrategia militarra, zuzeneko estatu kolpeak edo zeharkakoak. Ofentsiba inperialista berri baten aurrean aurkitzen gara, herri langilearen aurkako gerra ireki bat. Estrategia berriak erabiliko badituzte, estrategia horiek ezagutu, analisirako gakoak eskura izan eta horien aurrean antolatzea beharrezkoa da.

Zeintzuk dira jardunaldiaren helburuak eta nori zuzendua dago? Oinarrizko ideia batzuk lantzea. Geopolitika aipatzen denean hitz larritaz ari garela ematen du, zerbait ulertezina, konplikatua… Hori horrela ez dela frogatzea da jardunaldietako helburuetariko bat. Urruneko mahai eta bulegoetan hartzen diren erabakiak gure egunerokotasunean eragiten dutela. Besteak beste, Fracking-a AEBtako supremazia mantentzeko estrategia bat dela, Errusia edo Venezuelaren kontra. Edo eta AEB eta EB-ren arteko itunak (TTIP ingeleraz esaguna) gure lehengaien ekoizpenean eragiten duela, osasunean, transgenikoak bamentzen dutelako, baina horretaz gain Guda Hotzeko garaira bueltatzen zaigula, Errusiaren kontrako blokea eraikitzea duelako helburu, NATOren beso finatzieroa bilakatuz.

Azken fienan, helburua da begirada altxatzea eta ulertzea etsai bera dugula eta beraz hango zein hemengo borrokaren arteko garrantzia. Ikustaraztea erraldoiaren oinak lokatzez eginak daudela. Bere garaian, adibide bat ipintzearren, latinoamerikan garaiko troikaren kontra egin zuten bezala, eta ALCA proiektu beoliberala gelditu zuten bezala, hemen ere posible dela. Gauzak aldatzeko, ikusi behar dira, ikasi, ulertu eta sentitu. Beraz, Munduari so! Elkartasunari zor!

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude