Mikel Ayestaran: “ikerlariei erreminta berriak eskaini nahi dizkiegu, gizarte nahiz ekonomia esparruetan burutzen dituzten analisietan baliatzeko”

Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertzeko lanabesak. GIS librea on line ikastaroa antolatu dute UEUk eta GAINDEGIAk aurtengo udazkenean. Mikel Ayestaranek, Geodesia eta Kartografian goi-mailako ingeniariak eta GAINDEGIAko GIS teknikariak ikastaro honi buruzko xehetasunak eman dizkigu.

 

12923808694_4a199153af_nZeintzuk dira ikastaroaren helburuak?
Helburu nagusia ikerlariei erreminta berriak eskaintzea da, gizarte nahiz ekonomia esparruetan burutzen dituzten analisietan baliatzeko. GIS software libreek bilakaera nabarmena izan dute azken urteotan, eta horiek ikerlarien eskura jarri nahi ditugu. Ikastaro honekin gaur egun eskura dauden baliabideei beste erabilera bat emango diegu. OpenData filosofiarekin datu asko liberatu dituzte azken garaian, alde batetik datu espazialak eta bestetik datu alfanumerikoak. Orokorrean bakoitza bere aldetik zerbitzatzen dira datu hauek, eta GIS-arekin elkartu eta beste dimentsio bat emateko aukera dago.

Zer dira GISak?
GISa hardware, software eta datu geografikoen integrazio ordenatu bat da. Geografikoki erreferentziatuta dagoen informazioa bildu, gorde, manipulatu eta aztertzen du, planifikazio eta kudeaketa geografikoko arazo konplexuei irtenbidea emateko. Aldi berean taula batean dauden datuak lurraldearen gainean adierazteko erraztasunak ematen dituen teknologia bat da.

Azterketa sozioekonomikoetarako ze aukera ematen digute? Adibide konkreturen bat jarriko diguzu?
Azterketei lurraldearen gaineko ikuspegia txertatzeko aukera ematen dute. Fenomeno zehatz batzuen kontzentrazioak, mapa tematikoak edo azterketa bat osatzeko aukerak.
Interesgarria da Euskal Herrian egoitza nagusia bertatik kanpo duten establezimenduen kontzentrazioa (kanpoko inbertsioak) edo Bartzelonan immigrazioaren banaketa ikustea, adibidez.

Zeinentzat izan daiteke interesgarria ikastaro hau?
Gizarte eta ekonomian azterketak egiten dituztenentzat, ikasketak amaitu berritan tresna berriak ikasi nahi dituztenentzat edo zenbait fenomenoren gaineko ikuspegi espaziala eduki nahi dutenentzat.

Zein izango da ikastaro honetan erabiliko duzun metodologia?
Alde teorikoa izango du dudarik gabe baina orokorrean tresnaren gainean eragiketak eginez ikasiko da bere funtzionamendua. Azken praktika bezala, ikasle guztien artean egindako proiektu bat burutuko da.

 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude