Estitxu Garai Artetxe: “Euskara publizitate on bat garatzeko hizkuntza aparta da eta probetxua atera behar zaio”

Estitxu Garai argazkia

Sektorean dagoen gabezia ikusirik, UEUk 42. edizioan “Publizitatea euskaratik eta euskaraz: nola asmatu zure erakundearen komunikazioa” ikastaroa antolatu du. Ikastaroaren helburua erakunde baten komunikazioa euskaraz gauzatzeko oinarrizko printzipioak ezagutaraztea izan da. Estitxu Garairekin hitz egin dugu gaiaren inguruan.

 

 

Ikusi Estitxuren bideoa

Zer da ikastaroaren helburua?

Euskalgintzan aritzen diren erakundeek premia bat dute, publizitateari eta komunikazioari buruz ikasteko beharra. Ikastaro honekin lortu nahi duguna beraz, erakunde baten komunikazioa kudeatu behar duen jendeari jarraitu beharreko oinarrizko printzipioak zeintzuk diren erakutsi eta komunikazioa kudeatzerako orduan pista batzuk ematea da.

Zein da euskararen kalitatea publizitate sektorean?

Iragarle handiak nahiko kalitate eskaseko iragarkiak gauzatzen dituzte euskaraz. Izan ere, iragarkiak gaztelaniaz sortzen dituzte eta ondoren euskarara itzuli. Prozesu horretan Euskarak kalitate dexente galtzen du. Herrietan aldiz, euskarazko publizitate oso ona egiten da.

Beraz, arazo nagusia gaztelerazko mezuak dauden bezala itzultzen dituztela da?

Arazo nagusia hori da bai, baina gauza askoz ere sakonagoa da. Publizista bakoitzaren atzean mentalitate bat dago eta horietako askok ez dute euskara tresna eraginkor moduan ikusten.

Zeintzuk dira euskaraz publizitatea egiterakoan enpresek aurkitzen dituzten zailtasunak?

Berez ez dago zailtasunik publizitatean euskaraz aritzeko, esan bezala, euren pentsamoldea da oztopo nagusiena. Hala ere, kontziente izan behar gara euskaldunen merkatuak ez dituela beste merkatu baten moduko dimentsioak, hiztun kopurua mugatua delako. Hori dela eta, ezin dugu inpaktu kuantitatiboetan pentsatu. Horregatik, hizkuntza plangintza oso garrantzitsua da. Aldez aurretik jakin behar dugu zer da lortu nahi duguna eta zein izan daitekeen euskararen funtzioa mezu hori zabaltzerako orduan. Zenbait kasutan, finkatutako helburuen arabera, inpaktu kualitatibo horrek, mila inpaktu kuantitatibok baino gehiago balio dezake.

Zeintzuk dira publizitate kanpaina bat burutzeko urrats nagusienak?

Publizitate kanpaina bat gauzatzeko prozesua oso luzea da, beraz, gainetik azalduko dut. Lehenengo pausua zenbait gauza zehaztea da: enpresaren helburua, xede taldea, enpresaren ikuspuntua, enpresaren balioak, marketin planifikazio orokorra… Ondoren, kanpainan murgilduko ginateke. Kasu honetan, nik estrategiari emango nioke garrantzia gehien. Oso garrantzitsua da zer nahi den jakitea, hau da, jarraituko den estrategia garbi izatea. Behin hori argi eduki ondoren, sormen lana hasten da, baina ez alderantziz. Gure mezua era gustagarri batean esaten badugu askoz hobeto, baina gauzak pausuz pausu egin behar dira. Bestalde, hedabideen plangintzak ere badauka bere garrantzia eta zabaldutako mezuaren jarraipen bat egitea ere interesgarria da.

Ikastaroa ez dago komunikazioaren arlokoei zuzenduta. Zergatik?

Ikastaroan oinarrizko ezagutzak landuko ditugu, beraz, ez nuen nahi komunikazio ikasketak dituen jendea egotea, batez ere maila non jarri jakiteko. Publizitatean xede taldea ondo definitu behar dela esan dugu lehen eta hemen ere berdina gertatzen da. Talde oso heterogeneoa osatuko bagenu ezingo genuke mezu bateratu bat eraiki. Hala ere, zaila izaten da talde homogeneo bat lortzea.

 Zeintzuk dira euskarazko publizitatearen etorkizuneko erronka nagusiak?

Profesionalen aldetik, bezeroei ideia nagusi bat transmititzeko erronka dute, euskara publizitatean aritzeko aukera oso ona dela, hain zuzen ere. Iragarleen ikuspegitik, publizitate hizkera landu behar da. Izan ere, euskara modu jostagarri batean erabiltzen bada, publizitateak bere euskara propioa sortuko du. Hori erabilerarekin sortzen da. Publizitatea hizkera unibertsala da hizkuntza guztietan, baina hizkuntza bakoitzaren ezaugarrien arabera moldapenak daude. Argi dago gauza guztiek ez dutela funtzionatzen hizkuntza guztietan. Bertsolaritzan ikusten den moduan, euskarak hitz jokoak, elipsiak… egiteko aukera ematen du eta ia ez da erabiltzen. Nire ustez euskara publizitate on bat gauzatzeko hizkuntza aparta da eta probetxua atera behar zaio.

 

 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude