Patxi Azpillaga: “Euskal komunikazioari indarra eman nahi diogu Euskal Hedabideen Behategiaren bidez”

Ikusi Patxiren bideoa

Patxi Azpillaga2Euskal hedabideen egoera hizpide hartuta, hausnarketa egiteko garaia heldu da. UEUko 42. edizioaren barruan antolaturiko ‘Euskal komunikazio-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz’ jardunaldian, hiru ideia nagusi azpimarratu dituzte: Euskal komunitatearen barruan hedabideek daukaten garrantzia, horien arteko elkarlana eta gainditu beharreko erronkak. Horretaz gain, etorkizunari begira, Euskal Hedabideen Behategia egitasmoari buruzko zenbait argibide eman dituzte; nola jaio eta garatu duten proiektua, hain zuzen ere. Eibarko Markeskoan izan dira, Patxi Azpillaga UPV/EHUko irakaslearen gidaritzapean.

Euskal komunikazio eremutik Euskal Behategirantz. Hori izan da jardunaldi honen funtsa. Izan ere, euskal komunitatearen egoera zein den hausnartzeaz gain, Euskal Hedabideen Behategirantz jo dute jardunaldiaren partaideek. Patxi Azpillagaren Euskal komunikazioaren ikerketaren kartografia kritikoa ponentziak ireki du jardunaldia. Horren ostean, Destuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta UPV/EHUko irakasle batzuen ikerketa lanen berri izan dute, euskal eremuan horien balioa azpimarratuz horrela. Azkenik, Euskal Hedabideen Behategia lan egitasmoa aurkeztu dute.
Ildo horri jarraiki, Azpillagak dio behategi bat antoltzea dela haien erronka nagusia. HEKIMENen (Herri ekimeneko hedabideen elkartea) eta berarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko hainbat irakasleren indarrak batuta, egitura edo proiektu bat gorpuztu nahi dute. Egitasmo honek aurkezten dituen eginkizunei dagokienez, euskarazko hedabideei eta orobat, euskarazko komunikazioari beste ikuspen bat emateaz arduratuko dira eta horretaz gain, herri ekimeneko hedabideekin lan egingo dute, bai beraien errealitatea ezagutzeko, eta baita beraien beharretara egokitzeko bidea egingo dute. Horretarako, beren interesen araberako ikerkuntza lanak zeintzuk diren ikustea ezinbestekoa dela azaltzen du Azpillagak: “Funtsean, izango litzateke denon artean gorpuztea eta indarra ematea euskal komunikazio eremu horri. Proiektuak eta estrategiak garatzeko tresna moduko bat bezala ulertu behar dugu. Sare moduko bat izatea nahi dugu momentuz”. Bertan, unibertsitateak, hedabideak eta ahal dela administrazioa elkarrekin lan egitea dute xede, batez ere ezagutza eta ikuspena sortzen eta bide batez, ezagutzarekin batez ere sektorea hobetzen saiatuko dira.

Horretaz gain, krisi garai honetan, euskal hedabideek jokatzen duten paperaz aritu da Azpillaga. Irtenbide bakarra: indarrak batzea. “Euskal komunitateak duen erronkari aurre egingo diogu. funtsean: indarrak batzea, elkar aitortzea eta elkarrekin joatea”. Alde horretatik, euskal hedabideek daukaten indar ekonomikoa eta administrazioaren laguntza, egungo egoerari aurre egiteko beharrezkoak direla aipatzen du. “Denon artean, egitura sendoago edo egokiago bat, zeinarekin atera ahal izango litzaiokeen etekin handiagoa laguntza publikoari, dena hobeto antolatzen badugu”. Euskararen etorkizunari buruz ere mintzatu da. Neurri batean, hedabideen esku dagoela dio: “Komunikazioaren baitan dago euskararen biziraupena”.

Oro har, euskal hedabideak garapen teknologikoetara egokitu behar direla aipatzen du Azpillagak: “Euskal hedabideak mundu horretan sartu behar dira eta saiatu behar dira aprobetxatzen taldeen aukerak beren onerako, euskal komunikazioa gehiago zabaltzeko”. Halere, euskal hedabideak txikiak direla aipatzen du eta horrek muga dezakeela hein handi batean.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude