Musikaren garrantzia ikasgeletan: “Musika ez da irakasgai soil bat, gure barrukoa adierazteko artea baizik”

‘Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan’ ikastaroa abian jarri du Ana Urrutia irakasleak, UEUko 42. edizioaren barruan. Bertan, musikaren garrantziaz jabetzea eta ikaslearen garapen osoa lortzeko (entzumena, adierazpena eta sormena) beharrezko baliabideak ezagutaraztea du jomuga irakasleak. Hori guztia lortzeko, jarduera praktikoak zein teorikoak bideratuko ditu, eta bakarka zein taldeka lan egingo dute partaideek.

Ana Urrutiaren bideoa

Ana Urrutia1Entzumena, adierazpena eta sormena garatzeko balio du musikak. Hala, Haur Hezkuntzan musikaren bizipena eta erabileraren garrantzia azpimarratu nahi izan du Urrutiak, haurraren garapen osoa lortzeko eta bere entzumena, adierazpena eta sormena adierazteko ezinbestekoa baita. Aipatzen du musikaren bitartez haurraren barruko mundua adierazten ahal dela. Halaber, beste konpetentzia batzuk badaudela azaltzen du; zeharkako konpetentziak, esaterako. Haurren arteko harremana eta, norberaren eta ingurunearen ezagutza ere lantzen ahal da musika erabiliz. Halaz, geletan bizikidetza hobetzeko modua ere badela argitzen du.

Ikastaroaren helburu nagusia inguruan dauden baliabideekin kontaktuan jartzea izango da; hau da, mugimendua, gorputza, ahotsa, eta tresnak ezagutzea eta azken finean, horiek nola erabiltzen diren ikastea. Horretarako, zenbait jarduera proposatzen ditu Urrutiak ikastaro honetan: “Haur hezkuntzako gelan mugimenduaz baliatzen ahal gara: mobilizazioak, koreografia txikitxoak, dantza xumeak eginez”. Hori lortzeko askotan herriko dantzak oinarri hartzen dituztela azaltzen du: “Horiek antolatzen eta moldatzen ditugu ere, gelan erabilli ahal izateko”. Horretaz aparte, ahotsa  landu beharreko elementu garrantzitsua dela dio: “Silabekin jolasten ahal dugu, haurrak oso txikitxoak direnean: ta-ta-te-te”. Horrekin batera, musika tresnak ere aipatzen ditu irakasleak: “Haientzat egokiak direnak erabiltzen ditugu. Adibidez: kotidiafonoak, gorputz perkusioa, boomwhackers, perkusio txikia, plakadunak”.

“Musika oso naturala da eta ulertu behar dugu musika arloan ez direla musika lanak bakarrik sartzen; soinuak, isiluneak, umeek egiten dituzten zaratatxoak, onomatopeiak, animaliek sortzen dituzten soinuak…horrek guztiak osatzen du musika arloa”. Gauzak horrela, musika haurrentzat “oso baliagarria eta esanguratsua” dela dio. Itxura denez, musika erabiltzean barruko munduarekin eta emozioekin bat egiten dutelako haurrek: “Dantza egitea, ahotsa erabiltzea, edozein jarduera egitea edo musika tresnak jotzea laguntzen du eta noski, besteekiko harremanak garatzen dira eta horiek indartzen ditugu”. Azken ideiari jarraiki, Urrutiak dio haurren adimen emozionalean bete-betean sartzen dela musika.

Amaitzen du esanez, musikaren egoera hezkuntzan latza dela eta orokorrean oso leku txikia eskaintzen zaiola: “Musika Haur Hezkuntzan egunero lantzeko arlo bat izan beharko litzateke”. Egoera horri aurre egiteko, azken finean, jendeak musika irakasgai soil bat baino gehiago dela ulertzea nahi du Urrutiak: “Benetan erabili behar dugun artea edo arloa da, gure barrukoa adierazteko”.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude