EUSKARA HEGEMONIKOA ZENEAN NAFARROAN

Pruden Gartzia, 2018ko abuztua

Monteano Sorbet, Peio J. El iceberg navarro: Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI, Arre (Nafarroa): Pamiela, 2017, 303 or.

Oporrak amaitzen ari dira eta ordenagailuaren aurrean nago, iruzkin berri bat idazteko prest. Hainbat liburu irakurri ditut azken hilabetean eta zalantzak izan ditut ohiko iruzkina zeinen gainean idatzi erabakitzeko orduan. Azkenean, konturatu naiz hau dela egokiena, nire ustez euskaldunontzat garrantzi itzelezkoa izan arren inon ez dudalako ikusi aipatuta. Bai, euskara eta Nafarroa, euskaltzale abertzaleen bihotzetan garrantzi gorena izan ohi dituzten bi hausnargai klasikoak, gure amets eta ezinen laburbilduma errepikagarria osatzen bide dutenak, liburu honetan argi, garbi eta sakon jorratzen dira, modu eredugarri batean gainera. Eta, hala ere, liburu hau inork ez du aipatzen, edo nik ez dut horren gaineko aipamenik inon ikusi. Ezin dut ulertu zergatik. Zeren Nafarroako Historiari buruz eta euskararen Historiari buruz inoiz irakurri dudan azterketarik serioenetakoa duzu hau. Serioegia, apika? Epikaren faltan ote dago?

Peio Monteano, nire uste apalean, historialari eredugarri bat da zentzu batean baino gehiagotan. Lehenengo eta behin, izugarri ondo idazten du (Fontana batek edo Hobsbawm batek bezain ondo, adibidez) eta, bigarrenik, bere ikerketen originaltasunak eta zehaztasunak ere kontrolik gogorrenak pasatuko lituzke batere arazorik gabe. Hots, atsegina, interesgarria eta zehatza da, aldi berean. Eta ikuspuntu abertzale batetik idatzi arren, argi dauka beti historialari gisa idazten ari dela beste ezeren aurretik eta gainetik, eta badirela usadio profesional batzuk munduko historialari on guztiek, hitzarmenez, lantzen eta errespetatzen saiatzen direnak, eta horiei ahalik eta gehien lotzeak onura besterik ez diola ekarriko bere liburuei. Beste hitz batzuekin esanda, bere ikuspuntu pertsonala ezkutatu gabe historialari gisa ari da ororen buru, eta hori biziki eskergarria da. Nik neuk behintzat biziki eskertzen diot.

Baina ekiogun liburuari. Hautatzen duen eremu geografikoari estuki lotzen zaio salbuespenik gabe baina, adi, Monteanoren Nafarroa erresuma osoa da, bortuez bi aldeetara hedatzen dena, hots, Nafarroa Beherea barne. Hautu legitimo bat da, jakina, baina esango nuke hautu xinple horretan inon baino argiago nabarmentzen dela aurreko paragrafoan genioena: abertzale baten aurrean gaude (nork bestela sartuko luke seigarren merindadea bere azterketan?) baina espanturik gabeko abertzalea, bere hautua guztiz jakintzat eta naturaltzat agertzen baita liburuan, aparteko justifikaziorik gabe. Eta, izatez, horrela beharko luke izan XVI. mendeko edozein liburutan, 1512 aurreko Nafarroak sei merindade baitzituen eta 1620 arte, gutxienez, esplizituki azaldu beharko bailitzateke zergatik aukeratzen den seigarrena baztertzea halakorik egiten denean; baina soberan dakigu guztiok esplizituki abertzale ez den batek oso nekez sartuko lukeela eta, areago, kasu gehienetan ez lukeela horren gaineko azalpenik xumeena ere eskainiko, askorentzat Nafarroa (Espainia, Frantzia…) entitate naturalak izan ohi direlako, eta ez Historia gorabeheratsu baten ondorio hitzarmenezkoak. Badira urte batzuk Poloniaren Historiari buruzko eskuliburu bat irakurri nuela (ez dut gogoan egilea edo izenburua, buruz nabil) zeinaren hitzaurrean, Poloniaren muga geografiko konbentzionalen aldakortasun historiko handiak dakartzan arazo historiografiko bereziei erreferentzia argi batzuk egin ondoren, grazia handiz erredikulizatzen ziren zenbait historialariren liburuak, zeintzuetan Poloniak, harrigarriro, muga berdinak zituen beti Erdi Arotik hona, hots, gaur egungoak (alegia, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz nazioarteko hitzarmenez zehaztu zitzaizkionak). Tira, pentsatu nuen, badirudi Poloniari buruzko liburu batean zilegi dela horrelako arazoak glosatzea eta mota bateko historialariak ahotan hartzea, baina nekez ikusiko dugu horrelakoriak Euskal Herriko Historia tartean bada.

Eremu geografikoa, beraz, Nafarroa da, eta garaia, printzipioz, XVI. mendea, baina muga geografikoak estu errespetatzen diren arren, muga kronologikoekin, ordea, aski arrunta da aurreko eta, batez ere, ondoko aipamenak aurkitzea, batez ere XVII. mendearen lehen erdikoak, nahiz eta beti agertzen diren esplizituki tratatzen ari den puntu baten ilustrazio gisa (argudioak hobeto borobiltzeko). Hots, XVI. mendea da liburuaren bihotza eta aurreko eta ondoko garaiei buruzko aipamenak mende horren azterketaren ondorioz baino ez dira egiten, bai datu zehatzei dagokionez zein ondorio orokorrei begira.

Liburua oso ondo idatzita dago, saiakera baten eta azterketa historiko baten artean oreka zail bat erdietsiz, nire uste apalean arrakasta betean. Hartara, Historiaz ezagutza berezirik ez duen edozeinek asko eskertuko du garaiaren instituzio edo gizartearen ezaugarri eta funtzionamenduari buruz aldiro-aldiro ematen diren azalpen argiak, baina Historiaz zerbait dakigunok ere (ez asko, bai apur bat) guztiz eskertu beharko genituzke, batez ere beren zehaztasunagatik eta egokitasunagatik, Historiaz zerbait jakinda ere gutxik izango dutelako gogoan, une oro, Nafarroako aldi hartako berezitasunak. Baina azalpen horien ondoren egileak bere azterketa zehatzari ekiten dionean, berehala atzematen da azalpen orokorretatik datu historiko zehatzetara dagoen jauzia, Monteanok oso datu zehatzak erabiltzen baititu beti. Ondorioz, kapitulu bakoitzean, sarritan, bietarik izaten da, sarrera moduko azalpen orokor bat eta, ondoren, datu eta azterketa zehatzak, guztiz zehatzak. Baina teknizismoetan aspertzeko betarik gabe, zeren ñabardura eta azalpen tekniko zehatzenak berariaz atera dira liburuaren testu nagusitik eta bost eranskinetan bildu, liburuaren amaieran; hartara, irakurle arruntak aisa eta neke gabe segitu ditzake azalpenak, eta detaile teknikoetan interesatuak bere txoko berezia du horretarako. Eta denak pozik.

Aralarko San Migel (Larraungo Harana)

Eta zein da liburuaren tesi nagusia? Zaila da niretzat bi hitzetan esatea, baina hona nik nola laburbilduko nukeen, aipu baten bidez:

“… Erresumaren banaketa linguistikoa eta honen pertzepzio eta erabilera praktikoa ezagutarazi digute, bertan, Tierra vascongada eta Tierra romanzada aurkitzen zirelarik. Lehenengo eremuak biztaleriaren bi herenak hartzen zituen eta bertan soilik euskaraz hitz egiten zen. Bigarren eremuan, aldiz, nafartar elebidunak eta gazteleraz bakarrik zekitenak elkarrekin nahasian bizi ziren.” (227 or.; enfasia neurea)

Azpimarra dezagun: Nafarroan, XVI. mendean, hizkuntza nagusia (ez bakarra) euskara zen: erresumaren zatirik handienean ia-ia ez zen besterik erabiltzen, eta nagusia ez zen lurraldeetan ere (Tafallatik hegoaldera, laburbilduz) ez zen inola ere hizkuntza arraro edo ezezagun bat inorentzat, guztiz gehienek ez bazekiten ere. Berriz diot, Tuteran, Arguedasen edo Cintruénigon ere euskara ez zen hizkuntza arrunta, baina ezta ere erabat ezezaguna, han ere bizirelako banaka batzuk elebidunak eta, areago, baita elebakarrak ere, eskualde euskaldunetatik etorriak. Agian beste aipu bat ere ez da alferrikakoa izango:

Egoera sinplifikatuz, esan genezake hamar nafarretik zazpi erdialdeko eremuetan kokaturik bizi zirela, euskaraz soilik hitz egiten zen eremuan hain zuzen ere. Gainerako hiruak Ebro ibarreko zerrendan aurki zitezezkeen herrietan bizi ziren, hau da, gaztelera erabiltzen zen eremuetan. Halare, haietako batek–euskaldun eremutik oso gerturiko herrigunetako biztanle batek–gradu desberdinetan menperatuko zukeen euskara.

   Laburbilduz, esan genezake XVI. mendean bertan, gutxi gorabehera, %70 eta %80 bitarteko jende kopurua aritzen zela euskaraz. Are gehiago, Erresumako populazioaren erdiak ez zuen gaztelera ulertu ere egiten.” (231. or.)

Tesi nagusia, beraz, bi kopururekin lotua dago: nafar gehienak (%70-80 bitartean) bazekiten euskaraz, eta erdiek (%50 bat) ez zekiten besterik. Eta hori, bi kopuru horiek, ikaragarriak dira, gure artean ere (bereziki Nafarroan, baina ez han bakarrik) ez delako batere arraroa goraki haizatzea euskara arrotza dela Nafarroan. Arrotza? Hara! XVI. mendean Tuteran ez zen, inola ere, hizkuntza arrunta, baina ezta ere guztiz arrotza!

Baina tesi nagusia baino ez dut aipatu. Liburuan hori eta beste gauza asko daude poliki iruzkintzeko modukoak. Aipatu besterik ez dut egingo horietako pare bat, niretzat munta handiena dutenak. Batetik, XVI. mendeko Nafarroan administrazio osoa elebiduna zen de facto. Bai, ondo irakurri duzue, baina badaezpada hementxe jarriko dut hitzez-hitz:

Garai hartako Erresumaren egoera linguistikoari egokitu ahal izateko, Nafarroak elebiduna zen Administrazioa gidatu zuen. Seguruenik, oso aspaldikoa zen honetako errealitate publikoa. Egun funtzionario deituriko guztiek euskaraz hitz egiten eta idazten zekiten, eta eguneroko jardun profesionalean erabiltzen zuten baskoien hizkuntza.” (228. or., enfasia neurea)

Ez da debaldeko afirmazio bat, baizik eta xeheki dokumentatutako faktu bat, bereziki 3. kapituluan (47-67. or.). Kapitulu hori da, beharbada, liburuaren berritasun handiena eta horregatik bakarrik jada mereziko luke liburu osoa irakurtzea.

Ondoren aipatuko ditudan biak ez dira hain berriak (Jimeno Juriok, adibidez, jada aipatuak zituen, Monteanok behin eta berriro ohartarazten digun bezala) baina ikerketa honetan datu berriak emateaz gain testuinguru historiko orokor eta guztiz sendo baten barruan txertatzen dira, indar handiz.

Lehena, euskara ez zen soilik baserritarren eta jende xume, pobre eta bazterrekoaren hizkuntza: Iruñean, adibidez, guztiek ezagutzen zuten, pobre zein aberats, guzti-guztiek, kanpotik edo Nafarroako Erriberatik etorritako gutxiengo bat izan ezik, eta egia bada ere aberatsek gaztelania erabiltzen zutela oso sarri (bereziki beren estatus sozialaren erakusgarri bezala), baita ere egia da euskara zela herritar xumeen eguneroko hizkuntza eta askok ez zekitela besterik, Iruñean bertan:

Piriniotako  iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen euskaldun batek aurkeztu zigun, hain zuzen ere, zeharo euskalduna zen metropolia: Iruñea. Hau baitzen, izan ere, Euskal Herriko hirigunerik garrantzitsuena, eta bertan euskaraz hitz egin ohi zen oso: biztanle xumeenak mintzatzen ziren euskaraz, baina baita bertako eliteak ere.” (230. or.)

Bigarrenik, bi eremu sozialki elebakarren artean (konbentzionalki Mendia eta Erribera deitu izan zaie, denominazio horiei zehaztasun asko egin behar bazaie ere), bazen bien artean eremu elebidun bat, bereziki zenbait hiribildu handiren inguruan (Lizarra, Tafalla, Olite, Zangoza…) bere ezaugarri propioak zituena, nagusia, bertan hiru motako jendea elkarren ondoan bizitzea, euskaldun elebakarrak, erdaldun elebakarrak eta elebidunak:

Bide nabar ikusi ahal izan dugu Tierra vascongada eta Tierra romanzada arteko muga-eremua elebiduna zen biztanleriaren ehuneko handi batek osatzen eta aberasten zuela. Euskaraz hitz egin baina gaztelaniaz ulertzen zuten herriak, eta alderantziz.” (230. or.)

Azken tesi hori da ausartena eta teknikoki konplikatuena; ziur aski gure arteko soziolinguista ugarirentzat bazka bereziki garrantzitsua eskainiko du. Tesi hori oso ondo txertatzen da Monteanok marrazten duen testuinguru orokorrean, baina nire ustez ahulena da, eztabaidagarriena. Hala ere, esango nuke ez dudala ezagutzen hori baino azalpen hobeagorik bi hizkuntzen arteko trantsizioa esplikatzeko. Agian ikerketa berriek ekarriko digute baten bat.

Peio Monteano (Zabaltzen)

 

Eta amaitzera noa ohar pertsonal batekin: liburu honen irakurketa etengabeko gozatze bat izan da niretzat. Lehendik ere ezagutzen nuen egilea eta iruzkin laudagarri bat eskaini nion haren liburu bati (hemen) zeinetan jada iragartzen zuen oraingo hau; zain nengoen, beraz, aspalditik, baina liburua agertua zela jakin arren ez nuen izan presarik erosteko: beti daude mila gauza irakurtzeko eta, batek daki zergatik, pentsatzen nuen ziur aski ez zuela ezer bereziki berririk esango, datu berriak eskaintzeaz gain. Oso oker nengoen, guztiz oker. Liburu hau bereziki garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik, bata, bereziki ondo idatzita dagoelako, baina bestea, datu berri asko (benetan asko) eskaintzeaz gain, datu horiek testuinguru orokor guztiz sendo batean txertatzen dituelako. Hain berria eta hain sendoa ezen, batzuetan, hunkitu ere egiten ninduen erraietaraino.

Errematea, liburuaren “Epílogo” (219-226 or.) irakurri ondoren konturatzea badagoela “Azken hitza” izeneko atal bat (227-234 or.), hots, aurrekoaren euskarazko bertsioa, Irantzu Monteano Ganuza batek ederki itzulia. Tira, Sherlock Holmes emulatzeko pretentsiorik gabe, esango nuke egilearen alaba dela. Eta, une horretan, nire bihotz ttikiak taupadak azkartu ditu.

Mila esker, Monteano, liburu benetan bikaina idatzi duzu.

OHARRA: Euskaratutako ataletik hartu ditut goiko aipu guztiak, horregatik daude euskaraz, liburua bere osotasunean gaztelaniaz dagoen arren.

OHARRA bis: Irakurtzen dut berriro iruzkina eta konturatzen naiz aipatu gabe utzi dudala emakumeek testuinguru horretan jokatzen duten paper berezia, egileak behin eta berriro aipatua eta xeheki iruzkindua; liburu honek duen beste arretagune bat da, interesatuak ederki profitatuko dutena. Horrelaxe utziko dut aipatua. On egin.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

+ 14 = 20